Gemma Garcia Fabrega.
Kataluniako erreferenduma. ERREALITATEAREN ISPILUAK

Eskolak erresistentzian

2017ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Eskolak zigilatuta. Hori da Espainiako Estatuak baliabide guztiekin lortu nahi duen irudia: baliabide judizialekin, polizialekin eta mehatxagarriekin. Fiskalak dio zigiluak ikusteko modukoa eta eraginkorra izan behar duela, eta ez dela hautsiko bermatuko duten materialekin egindakoa. Eta beranduegi den kasuetarako: hustu, identifikatu eta bahitu «bozketa errazteko erabilitako tresnak eta gaiak». Dena lotuta eta ongi lotuta irailaren 30a baino lehen.

Mingotsa da egunero biziberritzen diren toki horiek imajinatzea alde guztietatik inguratuta. Paulo Freirek esan zuen bezala, «eskola, gehienbat, jendea da, lan egiten duen jendea, ikasten duena, pozten dena, elkar ezagutzen duena, elkar estimatzen duena». Eta, orain, eskola irekia eta hesirik gabea defendatzen duen jende hori zigiluaren aurka agertzen da, hustearen, identifikazioaren eta bahiketaren aurka.

Hezkuntza komunitateak erantzun egiten du. Antolatzen da urriaren 1ean eskolak irekitzeko, goiz, ostiralean itxi ez ditzaten. Estatuak egindako argi itzalaldien aurrean, dei bat egiten du: «Obrim escoles». Irakasleek, gurasoek, senideek, ikasleek, ikasle ohiek eta langileek dei egiten dute eskoletan ilarak egin eta horiek betetzeko. Auziaren muina da jakitea zenbat jendek eutsiko dion errepresioari.

Mossoek jaso dute eskolen kontrola hartzeko agindua, baina, sotilki, kalkuluak egiten dituzte esku (ez) hartzeko: egokitasunaren, proportzionalitatearen eta kongruentziaren printzipioak. Muga horiek hiru zirrikitu dira mobilizazioarentzat, giltzarrapoak irekitzea lortu nahi badu.

Boterearen etsitasuna handitzen ari da: Polizia ikertzen ari da okinek erreferendumerako hautetsontziak garraiatzen ote dituzten, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak tramiterako onartu du sedizioaren salaketa. Baina abiadura berean handitzen ari da inplikazio soziala, «ireki eskolak» horrekin, eta suak itzaltzeko prest dagoen suhiltzaile kidegoarekin. Agian, honezkero, Kataluniako gizarteak, errebantxa poetiko gisa, Aznarrek Egin itxi ondoren esandakoa hartu du, eta kaleetan ozen entzuten da: «Ez ginela ausartuko uste al zenuten?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.