Arantxa Gurmendi. Eguneko zentrora, goizero-goizero

Gurmendi, ezkerrean, zaintzailearekin eguneko zentrora bidean. G. RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gezur txiki bat esan behar izaten diote Arantxa Gurmendiri (Donostia, 1944) goizero-goizero: «paseatzera» doala. Izan ere, uzkur hartzen du eguneko zentrora joateko proposamena. Hilabete batzuk daramatza han, eta lehen kolpean kexati ageri ohi dela onartzen dute zaintzaileek. «Behin joanda, ordea, oso pozik egoten da; batez ere, kantuan eta ibiltzen badira». Ez alferrik, aktorea izana da; aski ezaguna, gainera. Rolik ospetsuena, zalantzarik gabe, ETBko Goenkale telesailak eman zion, eta jendea oroitzen da oraindik ere harekin. «Kalean, oraindik ere esaten diote: 'Aupa, Hortentsi!'. Asko pozten da». Senarra du zaintzaile nagusia, baina etxeko langile bat ere badute, eta «ezinbesteko» deritzo haren laguntzari: gainerakoan ezingo lukeela dio. Goizetan joaten zaie hura etxera: gosaltzen, dutxatzen, janzten... Oinarrizko jardun horietan guztietan laguntzen dio Gurmendiri. Gero, besotik helduta, eguneko zentrora eraman ohi dute: Donostiako Parte Zaharreko bihotzean dago, Fermin Calbeton kalean. Hantxe egon ohi da arratsalde partera arte.

Oraingoz, zaintza eredu horretan moldatzen dira. Etxean erraz «entretenitzen» dela diote: musika entzuten, telebista ikusten... Oraintsu arte, sarri ikusten zuten ahizpa batek egindako «argazki liburu» bati so; bere bizitzari buruzkoak biltzen ditu, eta «aingura» izan du bizitakoak oroitzeko: izan zena aldarrikatzeko. «Esaten zuen: 'Hara, dantza talde honetan ibili nintzen, eta, hemen, antzerkian, eta beste hau ere egin nuen... Zenbat gauza egin ditudan!'». Zenbaitetan, haserretuta, «amorrua» ere ateratzen zaio oraindik: ezina. «Halakoetan, esaten du: 'Ni izan naizenarekin, nola naukazue?'». Akaso egunen batean egoitzaren baterako urratsa egin behar izatea ez du baztertzen senarrak. Gaixotasunaren bilakaerak aginduko du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA