Baditu etxeko lanak

Eusko Jaurlaritzak agintaldiaren hasieran aurreikusi zituen 28 legeetatik herenak baino ez ditu onartu legebiltzarrak. PPren babesa izan du aurrera atera dituen azkenak onartzeko.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Lau urtean 28 lege aurrera ateratzeko konpromisoa hartuta ekin zion Iñigo Urkullu lehendakariak bigarren agintaldiari,2016ko udazkenean. Alabaina, egutegian jasotako lege sortatik, legebiltzarrak bederatzi baino ez ditu onartu; aurreikusitako legeen herenak, beraz. Legealdia amaitzeko urtebete inguru geratzen da, baldin eta hauteskundeak aurreratzen ez badira, eta Urkulluren gobernua estu dabil epeekin. Kostatzen ari zaio martxa hartzea, eta maldan gora dabil legeak onartzeko.

Gehiengo osorako boto bat falta du Jaurlaritzak, eta horrek nabarmen zailtzen dio akordioak lortzea. EAJren eta PSEren arteko koalizio gobernuak 37 eserleku ditu Gasteizko ganberan, eta, edozein lege aurrera ateratzeko, talde baten abstentzioa edo aldeko boto bat behar du. Agintaldiaren lehen bi urteetan PPren babesak bermatu izan dio gehiengo hori, baina, 2018an, EAJk Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa babestu zuenean, hautsi egin ziren PPrekin zituen zubiak. Eta horrek ondorio zuzena izan zuen legebiltzarreko aritmetika parlamentarioan ere.

Azken hilabeteotan, ordea, badirudi bi alderdiak harremana berreskuratzen ari direla. Ekaineko osoko bilkurak islatu zuen gerturatze hori, EAJk eta PSEkPPren babesari esker onartu baitzituzten hainbat lege. Horietako bat izan zen Euskal Estatistika Planaren legea: PPren abstentzioak ahalbidetu zuen arauak aurrera egitea. Gobernuko taldeek PP bidelagun izan zuten Poliziaren Legearen moldaketa aurrera ateratzeko ere. Polemikoa izan zen haren onarpena; izan ere, besteak beste, legeak jasotzen du udalek udaltzainak kontratatu ahal izango dituztela, behin-behinean, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzitakoaren aurka. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek legearen aurka bozkatu zuten.

EAJk eta PSEk PP bidelagun izan dute, halaber, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren erreformari ateak zabaltzeko. Ekainean, PPkoak abstenitu egin ziren bozketan, eta horri esker lege proposamena tramiterako onartu zuten. Urtebete ez atzera ez aurrera egon ondoren, badirudi erreforma polemikoak aurrera egingo duela PPri esker. Proposamenak gaur egungo baldintza nagusiei eusten die, baina aldaketa garrantzitsuak ditu errentaren zenbatekoaren kalkuluan. Egun, Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera kalkula- tzen dute, baina, testu berriak jasotzen duenez, oinarrizko gastuen adierazle baten bitartez egingo litzateke aurrerantzean.

Legebiltzarrak beste hiru lege onetsi ditu azkenengo urte politikoan, baina kasu horietan bakar batek ere ez du PPren babesa jaso: Jasangarritasun Energetikoaren legea Jaurlaritzak eta EH Bilduk adostu zuten, Kultur Ondarearenak PP ez gainerako taldeen babesarekin egin zuen aurrera, eta Polizia gehiegikerien legearen erreforma EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen abstentzioari esker onartu zen, PPk aurka bozkatuta.

Gainerako legeak aurreko urte politikoan onartu zituzten: Euskadiko Portuen eta Itsas Garraioarena, Lanbide Heziketarena eta Dopinaren aurkako legea aldatzekoarena. Horiez gainera, aipatzekoak dira Jaurlaritzaren lege egutegian jaso ez arren ia talde guztien babesarekin aurkeztu eta onartu diren beste bi lege: transexualak gaixotzat ez jotzeko lege aldaketa eta merkataritza jardueren legearen erreforma.

Beste sei, bidean

Jaurlaritzak aurreikusita izanda ere onartu gabe dauden beste hemeretzi legeetatik sei legebiltzarrera bidean daude: kirolaren arloko ogibideetan lanean hasi eta aritzeari buruzkoa, herri administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzkoa, Kooperatiben Legea, euskal enplegu publikoarena, xedapen orokorrak egiteko prozedurarena eta gurtza aretoei eta erlijio aniztasunari buruzkoa. Gainerako hamahiru lege aurreproiektuak, berriz, gobernuak onesteko zain daude.

Lege egutegitik kanpo, berriz, memoria historikoari buruzko lege proiektua dago. Jaurlaritzak ez zuen lege hori jaso egutegian, baina aurki hasiko du haren tramitazioa. Uztailaren 12an frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformak memoria historikoari buruzko herri ekinaldi legegile bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, baina handik bi egunera sustatzaileek bertan behera utzi zuten prozedura, jakin zutenean Eusko Jaurlaritza ari zela antzeko lege proiektu bat prestatzen. Urkulluren gobernuak irailean aurkeztu nahi die lege proiektuaren zirriborroa taldeei eta inplikatutako eragileei, eta horren ostean abiatuko du tramitazioa legebiltzarrean.

Horrez gain, Jaurlaritzak udazkenean helduko die berriro2020ko aurrekontuen negoziazioei. Kontu publikoen onarpena erabakigarria izan liteke Urkulluren gobernuaren etorkizunarentzat. PPri esker atera zituen aurrera lehen bi urteetako aurrekontuak, baina 2019ko aurrekontu proiektua atzera bota eta 2018ko kontuak luzatu behar izan zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.