Euskal Elkargoa. Lehen batzarra. Jean Rene Etxegarai

Abertzale - konpatiblea

«Lehendakari» izendatu dute batzuek, Euskal Elkargoko presidentea izanen da. Abertzaleen hurbilekoa, Euskal Elkargoa sortzeko lortu den adostasuna atxikitzea izanen da Etxegarairen lehen erronka.

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2017ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Kazetarien artean modan jarri zen 2014ko herri hauteskundeetan abertzale-konpatible kontzeptua. Abertzalea izan gabe, ordurarte urteetan zehar nagusiki mugimendu abertzaleak eramandako aldarrikapenekin bateragarri izan litekeen politikaria definitzeko erabili ohi zen. Horien artean zen Jean Rene Etxegarai (1952, Beskoitze, Lapurdi), Baionako auzapez kargura aurkezten zena. Jean Grenet orduko auzapezaren lehen axuanta, aski ezaguna zen jadaneko Ipar Euskal Herrian.

Sorreratik Batera plataforman engaiatua, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren aldeko lehen lerroan agertu izan da azken bi hamarkadetan, izan departamenduaren aldeko borrokan, zein eskuduntza bereziko lurralde elkargo baten eskaeran ere. Bera izan zen Euskal Herriko Laborantza Ganbararen abokatua Paueko Auzitegian, prefetak egitura alternatiboaren kontrako salaketa jarri eta gero. Eta abokatu papera hartu du azken urte eta erdian ere, Baionako auzapez aulkitik, elkargo bakarraren defendatzaile nagusi gisa agertuta. Euskal Kosta Aturri Hirigune elkargoan gutxiengoan gelditu izanari zukua atera zion, elkargo bakarraren kontrakoen biktima gisa agertuta, eta udazkenean, Paueko Administrazio Auzitegian, kontrakoen helegiteari aurre eginez, urteetan ezagupen instituzionalaren alde mobilizatu den Ipar Euskal Herriaren izenean hartu zuen hitza. Oraindik ez zen elkargorik, baina, Hautetsien Kontseiluko orduko presidentea, egitura berriaren ordezkari nagusi gisa plantatu zen, bere baitarik.

Ezagupenaren alde, euskararen ofizialtasunaren alde, gatazkaren konponbidearen alde... Hedabideek erraz eman zioten abertzale-konpatible etiketa. Eta mugimenduak berak onartua dio konpatibilitatea «Etxegarairekin hitz egin daiteke», entzun ohi da mugimendu abertzaleko ordezkari anitzen ahotan ere. Hala, hautagairik aurkeztu gabe, Etxegarairen aldeko bozka ematera deitu zuen atzokorako EH Baik. «Azken bi urte hauetan elkarrekin lan egin dugu, Hautetsien Kontseiluan presidente zelarik, harekin behar izan ditugu defenditu proiektua bera eta eraikitzeko baldintzak», adierazi zuten.

Bateratzailea, oraingoz

«Bateratzaile» gisa agertzen da Etxegarai; ezker eskuin, abertzale ez-abertzale, barnealde kostalde artean bateratzaile. Eta funtzio hori beteko du Euskal Elkargoko presidente gisa. Erakunde berria eraikitzeko, gehiengoaren adostasuna bilatu beharko du, hautetsien arteko kohesioa atxiki. Hori izanen baita lehenengo erronka: eraikuntza. Egitura bera martxan jarri beharko da, sail ezberdinak antolatu, proiektu politikoa adostu.

Lurraldearen ordezkari nagusi gisa, zubi-lanak ere egin beharko ditu Etxegaraik. Parisekin batetik, Frantziako Gobernuak gatazkaren konponbidean urratsak eman ditzan, baina, baita Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Foru Aldundiarekin ere, euskal lurraldeen arteko lankidetza sustatzeko.

Lehentasunak ezarriak direla erran liteke: garraio sare publikoa finkatu, hizkuntza politika martxan eman, hirigintza plana osatu, hondakinen kudeaketa antolatu... Baina, aski fite, adostasunak bilatu eta gauzatzetik, erabaki politikoak hartzera pasatu beharko du Euskal Elkargoak. Zatiketa ideologikoak, botere harremanak, abiadura desberdintasunak... Adostasunak bilatzea zaildu ahala ikusiko da batak bestearekiko duen konpatibilitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.