Kontzientzia sortzeko testigantzak

Auto istripuen ondorioz garuna kaltetua duten zenbait pertsonak euren testigantzak eman dituzte foruzainen errepide kontrol batean
Min hartutako pertsonak gidariekin hizketan, artxiboko irudi batean.
Min hartutako pertsonak gidariekin hizketan, artxiboko irudi batean. I.URIZ / ARP

Asier Garcia Uribarri -

2015eko abenduak 30
«Motel ibili, eta adi beste autoek egiten dutenarekin. Lagun bat eta biok autoan gindoazela, beste batek atzetik jo gintuen. Bera hil egin zen, eta nik gorputzeko ezkerreko aldea paralizatua daukat», hala mintzatu zaio Burgo Txabarri Tebasko (Nafarroa) ordainlekuan foruzainak geratu duen bikote bati. Adacen garuneko gaitzak dituztenen Nafarroako elkarteak eta foruzainek ezohiko errepide kontrola egin zuten atzo. Auto istripuen ondorioz garuneko gaitzak dituzten pertsonek euren esperientzia kontatu zieten ordainlekuan gelditutako gidariei.

Errepide kontrolak ez dira samurrak gidarientzat. Horren jakitun bada Usoa Purroi Adaceneko langilea. «Foruzainek gelditzeak inpresioa egin dezake. Gaixoen azalpenak ere nahiko gogorrak dira. Baina uste dut modu horretan mezua jendearengana benetan heltzen dela». Urteak daramatza Purroik elkartean lanean, eta ez da lehen aldia horrelako ekinbide batean parte hartzen duela. «Urtean behin egiten genituen horrelako kontrolak, baina Foruzaingoari ideia gustatu zaio, eta haren Gabonetako kanpainan sartzea pentsatu zuten».

Teodoro Abajo garraiolaria zen, baina egun batean istripua izan zuen kamioiarekin, eta kalte handiak pairatu zituen. «Medikuei, familiari eta elkarteko kideei esker lortu dut aurrera egitea, lan handiarekin. Ume baten antzera hasi nintzen dena ikasten. Ura edalontzi batekin edaten ere ikasi behar izan dut».

Aurten 23 lagunek bizia galdu dute Nafarroako errepideetan. Baina zirkulazio istripuek bestelako ondorio latzak ere uzten dituzte: adibidez, garuneko gaitzak. Atzo bi orduz egon ziren Adaceneko kideak Tebasko ordainlekuan. Azaroan antzeko ekinbide bat egin zuten toki berean, eta jarraitzeko asmoa dute. «Istripuek sortzen dituzten kalteen inguruan kontzientzia piztu behar dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna