Erosotasuna mehetu ez dadin

Hegazkinetako eserlekuak geroz eta estuagoak dira. Bidaiarien elkarte bati erantzunez, gutxieneko neurri batzuk arautzearen alde agertu da AEBetako epaitegi bat.

Autobusetan ohikoa da gutxienez 40 zentimetro zabal diren eserlekuak izatea. BERRIA.
Maite Alustiza.
2017ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Patricia Ann Millett AEBetako epaileak jarri dio izena auziari: «Hegazkineko eserlekuaren txikiagotze sinestezinaren kasua». Flyers Rights kontsumitzaileen elkartea izan da auzitara jo duena, eskari nagusi batekin: arau ditzatela hegazkinetako jarlekuetako gutxieneko tamainak eta ilaren arteko espazioak. Berez,Abiazio Administrazio Federalari (FAA) dagokio gaiari heltzea, baina orain arte uko egin izan die jasotako eskaerei. Washingtongo apelazio epaitegiak ebatzi berri duenez, ordea, federazioak berrikusi egin beharko ditu eskari horiek. AEBetatik harago, erabakiak bide eman dio gutxieneko batzuk bermatuko dituen nazioarteko araudi bat sortzeko ideiari.

Flyers Rightsek 2015ean egin zuen lehen eskaera epaitegietan, eta Paul Hudson elkarteko presidentea pozik agertu da epaileen azken erabakiarekin. BERRIAri azaldu dionez, jarlekuak gero eta meheagoak izateak hainbat arazo eragin diezazkioke bidaiariari. Batetik, segurtasunari lotutakoak. «Arauak dio beteta dagoen hegazkin bateko bidaiariek 90 segundoan hustu ahalko luketela abioia, irteeren erdiak desgaituta baleude eta argi gutxi balego ere». Segurtasunari erreferentzia eginez, epaimahaiak uste du FAAk «ikerketa hutsaletan» oinarritu dituela ez arautzearen argudioak. Izan ere, FAAk zioen eserlekuen tamaina ez dela garrantzitsua larrialdi kasu batean hegazkinetik jaisteko. Epaileentzat, baina, azalpen horrek «ez du zentzurik» bere horretan: «Har dezagun adibidetzat hortzetako txantxarraren inguruko ikerketa bat, soilik parte hartzaileen azukre kontsumoa neurtzen duena. Ikerketan, hortzen garbiketa eta hortzetako hariaren erabilera ez aztertzeak ez du esan nahi ez dutenik eraginik txantxarrean».

Osasuna ere aipatu du Hudsonek, gai garrantzitsu gisa. Haren arabera, hegazkinetako eserlekuetan hiru orduz baino gehiagoz egoteak areagotu egin dezake zainetako tronbosia izateko arriskua, eta hori «oso kaltegarria» izan daiteke. Era berean, erosotasunari eta pertsonaren pribatutasunari ere erreparatu die: «1,88 garai edo 113 kilo direnen %10 ezin dira kabitu eserleku merkeetan, aldameneko bidaiariaren espazioan edo korridorean sartu gabe». Flyers Rightsek gaineratu du hegazkinak ez ezik, herritarrak eurak ere aldatu direla azken urteetan: «Batez bestekoa aintzat hartuta, 1960ko hamarkadatik bidaiari estatubatuarrak hazi egin dira, altueran eta zabaleran».

Egungo egoerari aurre egiteko, honako hau gomendatu du elkarteak: jarlekuak eta hankentzako espazioak egokiak izan daitezela bidaiarien %90entzat, eta gainerako %10entzat egon daitezela eserleku handiagoak, prezioa «apur bat» igota: «Epe luzera,hegazkinak handiagotu egin beharko dira bidaiarien gaur egungo tamainetara egokitzeko».

Hudsonen arabera, bidaiariek arlo horretan dituzten eskubideak «ez dira asko, eserlekuhandiago batengatik gehiago ordaintzetik harago». EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Elkartean ez dute horrelako kexa formalik jaso, Jose Luis Segura komunikazio arduradunak azaldu duenez: «Bai hegaldien atzerapenagatik, bertan behera uzteagatik, bagajea galtzeagatik... baina halako erreklamaziorik, ez».

Zentimetro kontua

Eserlekuak neurtzean, bi aldagai nagusi hartzen dira kontuan: batetik, jarlekuaren zabalera, hau da, beso batetik besterako tartea; eta, bestetik, pareko eserlekuarekiko tartea —eserleku baten atzeko partearen eta haren aurrekoaren atzealdearen arteko aldea—. Bai bata eta bai bestea, murriztuz joan dira azken urteetan. Flyers Rightsek plazaratutakoaren arabera, pareko eserlekuekiko distantzia hamar zentimetro txikitu da urteekin —89 zentimetrokoa zen 1970eko hamarkadan—. Aulkien zabalerari dagokionez, berriz, elkarteak dio azken hamarkadan batez beste lau zentimetro mehetu dela neurria (47 zentimetrotik 43ra).

Dena den, aldeak daude aire konpainien artean, baita business klasearen eta klase ekonomikoaren artean ere. Esaterako: Vueling konpainiako hegaldi merke batean, pareko eserlekuekiko distantzia 73-76 cm da, eta jarlekuen zabalera 44-45; Ryanairren, berriz, 76-86 eta 43 cm dira, hurrenez hurren. Business klasean, Iberiarekin, 78-127 zentimetro da pareko eserlekuekiko tartea; Lufthansarekin, 205 cm.

Aire konpainien eskariek baldintzatuta, erronka bat dute eserleku ekoizleek: espazioa dena delakoa izanda ere, eserlekuak ahalik eta erosoenak izatea. Horrek ideia berriak garatzera behartu ditu ekoizleak. Adibidez, bizkarralde zuzenaren aldean, kurbaduna egiten ari dira hainbat konpainia. Edo belaunetan trabarik ez izateko, jan-edanak uzteko erretiluen altuera igo dute batzuek.

Material eta diseinu berriek, ordea, kostu handiagoa eragiten die enpresei. Irailean sektoreak Kalifornian (AEBak) egin zuen erakustazokan adierazi zutenez,ekoizpena %20-25 garestiagoa izan daiteke, eta, horregatik, airelineak konbentzitzeko erelan egin beharko dute ekoizleek, eserlekuen truke gehiago ordaintzea onerako izango delakoan.

Klase ekonomikorako hegazkinetako jarlekuak ekoizten ditu Erresuma Batuko Acro Aircraft Seating konpainiak, eta erronka horretan murgilduta dabil.Jane Wakeford marketin arduradunak esan duenez, eurenkonpainian dena abiatzen da puntu batetik: bidaiaria. «Guk altzariak egiten ditugu, eta gure filosofia da aulkiak ezin direla erosoak izan, baizik eta pertsonek egiten dituztela. Erosotasun hori eserlekuen arteko espazioan aurkitzen da». Wakeforden hitzetan, espazioa bilatzen dute espazioaren barruan, eta hamaika aukera ikusten dute hor: «Ezkutuan dauden dimentsioak optimizatu nahi ditugu; horrela, mugitzeko espazioa ematen diogu bidaiariari, eremua mugatua izanda ere».

Diseinuak badu zerikusia. Adibide modura, Acrok egin duen belaunaldi berriko Series 6 eserlekua dago, korridore bateko edo biko hegazkinentzat pentsatua. Diseinatzeko prozesuan, bidaiarien eskuinaldeko eta ezkerraldeko espazioak aztertu zituzten, eta eremu estra bat topatu zuten besoak pausatzekoen artean. «Bizi espazioa maximizatzeko, egitura sinplifikatuz lortu zen berrikuntza». Nola? Bizkarraldeari kurba itxura eman zioten, kubo baten forma sortuz; horrek, batetik, «forma ergonomiko zuzena» ahalbidetzen dio bidaiariari, eta, bestetik, atzean eserita daukanariegiten dio mesede —aldaken eskuin eta ezker aldean alferrik galduta zegoen espazioa libre uzten dio—.

Wakefordek dioenez, diseinu horri esker, atzeko bidaiariaren belaun aldean «bost zentimetroko espazioa» sortzen du, eta «1,90 garai den lagun batek hankak luza ditzake 71 zentimetroko tarte batean, aurrekoaren eserlekua ukitu gabe».

Zodiac Aerospace aeronautika enpresak ere ezinbestekotzat du berrikuntza teknologikoa. Bezeroak eta bidaiariak ahalik eta gehiena gogobetetzeko, lau ardatzetan oinarritzen dute taldearen ikerketa eta garapena: «Erosotasuna, funtzio berriak, kostuen gutxitzea eta pisua arintzea dira gure oinarriak», azaldu du Zodiac Seats Frantziako aulkien ataleko zuzendaritzak. Urtean, 50 patente inguru erregistratzen dituzte; besteak beste, eserlekuei lotutako batzuk. Hegazkinetako bidaiari kopurua handitu izanari aurre egiteko, zehazki, HD31 proiektu esperimentala garatu zuen duela bi urte. Jarleku tolesgarri eta hexagonalak egitea proposatu du, besoak jartzeko euskarririk gabekoak, eta abioian abarasken moduan kokatuta leudeke, elkarri begira. «Eserlekuen arteko espazioa %15 handituko litzateke, eta hankak luzatzeko tokia areagotu». Oraingoz, patente bat besterik ez da.

Nahierako ibilgailuak

Trenak eta autobusak ere nahieran ekoizten dituzte gaur egun; ia esklusiboak dira, bezeroak eskatutako ezaugarri jakin batzuei lotuak. Trenen kasuan, esaterako, herrialdearen, operadorearen eta ibilgailu motaren arabera erabat alda daitezke diseinuak. Gainera, hegazkinen aldean, beste aldagai batzuk ere kontuan hartu behar dira trenetan eta autobusetan: ibilbide motzetan, bidaiari batzuk zutik doaz, eta besteak, eserita; edo, trenen kasuan, ez da gauza bera abiadura handikoak edo aldirietakoak izatea, edo egunez edo gauez bidaiatzea.

Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Fainsa enpresak trenetarako eta autobusetarako eserlekuak egiten ditu —besteak beste, Renfe eta Alsa konpainientzat; CAFen hornitzailea ere bada—. Eserlekuen neurri estandarrik ez badago ere, ohiko zabalera 46 zentimetro da Renferen Alvia tren batean, turista klasean. Autobusei dagokienez, berriz, Fainsak munduko hamar hiritarako egiten dituen SB09 autobusetan, ohiko eserlekuak gutxienez 40 zentimetro ditu, eta 62ra arte egokitu daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.