PSErekin bildu izana urrats bat da normalizaziorako, EH Bilduren ustez

Hurbilketarako aukera handiena gai sozial eta ekonomikoetan dutela diote biek.Bakeari buruz jarrera itxia izatea egotzi diote elkarri

PSE-EEren ordezkariak eta EH Bildurenak, atzoko bileran. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
EH Bilduren eta PSE-EEren ordezkaritzak bildu ziren atzo goizean sozialisten egoitza nagusian. Ordu eta erdiz egon ziren bilduta, PSEren eskariz egindako batzarrean. Bildu izanari berari garrantzia eman dio koalizio abertzaleak. «Harreman berri baterako abiapuntutzat» jo du bilkura Hasier Arraiz Sorturen presidenteak: «Euskal Herriko normalizazio politikoari lagunduko dio». PSEk, aldiz, garrantzia kendu dio, nolabait. Alderdiaren Idazkaritza Nagusi berria legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztiekin egiten ari den bilera txandaren barruan kokatu du EH Bildurekin egindakoa, eta asmoa guztiei zuzendaritza berria eta bere lehentasunak aurkeztea dela zehaztu du.

Arraizekin batera, EAko Unai Ziarreta, Alternatibako Oskar Matute eta Aralarreko Rebeka Ubera izan dira EH Bilduren ordezkari. PSEren izenean, Idoia Mendia idazkari nagusia eta Miguel Angel Morales, Begoña Gil eta Mikel Cabieces zuzendaritzako kideak.

Gerturatze eta urruntzeak

Bileraren ondoren, desberdintasun politiko handiak dituztela ziurtatu dute bi aldeek. Eta biak bat etorri dira hurbilketak gai sozial eta ekonomikoen inguruan izan ditzaketela. Arraizek esan du hori argien batzarra amaitu ondoren hedabideen aurrean egindako adierazpenetan. EH Bildu eta PSEren arteko «akordiorako alor errazenak» horiexek direla ziurtatu du. Eta bi taldeen arteko harremanek «baldintza sozial eta politiko berriak» sortzea eragin dezakeela.

«Lan handia dago oraindik Euskadiren eraikuntza sozialean egiteko, eta indar politikoek erantzun bat eman behar diete milaka euskal herritarren arazoei», adierazi du Mendiak gerora bidalitako prentsa oharrean. Langabezia eta lan baldintza txarrak aipatu ditu espresuki.

Hala ere, oro har, ezkorrago aritu da PSE. «Alderdi politikoen arteko komunikaziorako eta lan instituzionalerako abiapuntu izan behar duten printzipioetan» ezker abertzaleak ez duela jarrera aldaketarik izan salatu du.

Arraizek «elkarrizketari baldintzak jartzea» egotzi die sozialistei; «EH Bildu defendatzen ari dena da elkarrizketa dela baldintza berriak sortzen dituena».

«Haiekin edo haiek gabe»

Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldeari dagokionez ere «jarrera itxia» ikusi dio EH Bilduk PSEri. Baina eurek aurrera jarraituko dutela ziurtatu diete koalizioko kideek ordezkari sozialistei: «Esan diegu gure borondatea mugitzen jarraitzea eta aurrerapausoak ematea dela, eta hala egingo dugula, haiekin edo haiek gabe». PSEren ezezkoagatik Eusko Legebiltzarrean blokeatuta dagoen Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldea martxan jartzeak urratsak egiteko baldintzak sortzen lagunduko lukeela ohartarazi du Arraizek, baina hala gertatzen ez bada ere EH Bilduk bere urratsak egiten jarraituko duela.

«Baldintzak jartzeko nahietik urruti», PSEk baketzean eta elkarbizitzan aurrera egin nahi duela azaldu du Mendiak oharrean, baina horrek «indarkeriaren injustizia onartzea» eta eragindako mina aitortzea eskatzen duela. «Hori itxikeriarekin lotzea bere erantzukizunak onartu nahi ez dituenaren jarreratik soilik uler daiteke», esan du. Hain zuzen, «desberdintasun politiko handien gainetik elkarrekiko errespetua eta elkarri eragindako minaren aitortza» behar direla esan du aurrez Arraizek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.