KRITIKA. Opera

'Bel canto' berezia

Roberto Devereux eman zuten abeslarietako batzuk, aurkezpenean. LUIS TEJIDO / EFE.
2015eko azaroaren 26a
00:00
Entzun

'Roberto Devereux'

Egilea: Gaetano Donizetti. Taldeak: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Bilboko Operaren Koroa. Abeslariak: Gregori Kunde, Anna Pirozzi, Silvia Tro Santafe, Alessandro Luongo. Musika zuzendaria: Josep Caballe-Domenech. Eszena zuzendaria: Mario Pontiggia. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Azaroak 24.

Bilbon ikusi dugun Roberto Devereux-en bertsioa amalgamatua izan da, baina baliokoa, gure ustez, eta publikoaren gustukoa. Zergatik nahastua? Gure protagonistek abestaldi ona bete arren ez diotelako jarraitu jatorrizko belcantismo estiloari zehatz-mehatz, ez ahotsaren ezaugarriagatik, ezta kantatzeko estiloagatik ere. Izan ere, Gregori Kunde tenorrak ahots laua atera zuen beheko erregistroan, eta horrek oztopatzen zituen hainbat esaldi elegiazkoak, hasierako bi ekitaldietan gertatzen zen bezala. Aldiz, erdiko tesituratik gora abesten zuenean ahots koloretsua, indartsua eta morbidezza-ren ñabardurak antzematen genituen. Hori da ziegaren eszenaren kasua, verismoari gehiago hurbilduta kantu fioritori baino. Baina, gure ustez, baliagarria desesperazioaren egoera adierazteko. Pareko ezaugarriak izan zituen sopranoaren abestaldiak. Anna Pirozzik, Elisabetta erreginaren rolean, afinazioa eta adierazkortasuna azaldu bazituen ere, erregistro guztietan, justu ibili zen goiko partean eta ornamentazioan. Guk hobeto ikusi genuen 3. ekitaldiko eszena propioan, tristeziaren eta desesperazioaren artean mugitzen zenean. Berriz, tradiziozko ildotik entzun genuen Silvia Tro Santafe mezzoaren kantaldia. Haren ahots sendo eta malguarekin, egokiagoa sumatu genuen hasierako legato pianissimiarekin maitaleekin egindako dueto liriko-dramatikoraino. Alessandro Luengo baritonoak zuzen abestu baina ez zuen behar zen zabaltasuna haizeratu. Zatiki laburtuetan, Ituartek, Galanek eta Etxabek ondo konplitu zituzten euren betebeharrak.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Josep Caballe-Domenech-en zuzendaritzapean, bikain jo zuen Donizettiren partitura denbora-pasa batzuk kenduta. Mario Potiggiak, eszenaren aurrean, tradiziozko eszena egonkorra, zabala eta koloretsua eraiki zuen. Bilboko Operaren Abesbatzak ez zuen lan handirik izan ez kantatzeko ez mugimenduak egiteko. Baina, betiko moduan, ondo lagundu zioten dramari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.