Ate errotak

Europako eskailera

Udalak bezala nazioarteko instituzioak, ate erroten fenomenoa maila eta herrialde guztietan errepikatzen da. Orain berri, CEO taldeak jakinarazi ditu Europako Batzordeari loturiko kasuak.

Ate errotak «blokeatzeko» eskaera egin zuen Alter-EU taldeak joan den urtean Bruselan. BERRIA.
mikel p ansa
2015eko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Frantsesez pantouflage esaten diote, japonieraz, amakudari (urrezko paraxuta), eta ingelesez revolving door. Ate errotak errealitate unibertsala diren seinale, non bere izena dute. Instituzio publikoetan lan egiteak harreman sarea zabaltzea eta eragiteko aukerak handitzea dakar, zuzenean edo zeharka. Eta botere publikoaren mailaren araberakoa da politikariaren eragina. Udaletatik hasi, eta nazioarteko instituzioetaraino. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko goi mailako kargudunen ibilbideak aztertu ditu BERRIAk lan honetan, baina antzeko patroiak errepikatzen dira herrialde guztietan. Argigarria da Corporate Europe Observatory (CEO) erakundeak urriaren bukaeran aurkeztu zuen txostena: Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidente ohiaren kabinetean aritu ziren eta 2014an Batzordea utzi zuten 26 komisario ohietatik bederatzik korporazio pribatu handietan aurkitu dute lekua (heren batek, alegia). 2009an, berriz, hamahiru komisariok utzi zuten Batzordea, eta sei ari dira sozietate handientzat lanean geroztik.

Adibideak eman ditu CEOk: Neelie Kroes (Herbehereak, 1941) Gizarte Numerikoaren komisario izan zen. Aurretik 43 korporazio handitan aritua zen (Volvon, adibidez), eta orain Bank of America Merrill Lynchen ari da. Joaquin Almunia (Bilbo, 1948) Europako Ekonomia kontseilaria izan zen Barrosoren lehen agintaldian (2004-2009). Orain Enel taldearentzat lanean ari da (Endesaren filiala da). Charlie McCreevy (Irlanda, 1949) Barne Merkatuko komisario ohia Ryanairren dago orain. Meglena Kouneva Kontsumitzaileen Babeserako komisario izana, BPN Paribas bankuan. Baina bada adibide nabarmenago bat, CEOren hitzetan: Karel de Gucht (Flandria, 1954) Merkataritza komisarioa izan zen 2009 eta 2014 artean, eta AEBen eta EBren arteko TTIP negoziazioen lehen harria jartzeaz arduratu da. Merit Capital eta CVC Partners enpresetara joan da orain, eta baimena eman diote Belgacomen aritzeko —sozietate hori European Telecommunications Network Operators Association (ETNO) presio taldeko kide da, eta TTIPen negoziazioetan zuzenean hartzen ari da esku hartzen—.

Guchtek ate erroten paradigma haragiztatzen du: merkataritza arau berriak ezarriko dituen TTIP horretan lanean aritutako politikariak berak pasatzen ari dira sektore pribatura. Hori da CEOk seinalatu duena.

Bruselan, bestela ere, ehunka eta ehunka lobby ari dira lanean, egunero (tartean, Mondragon Taldea, Bilbao Gas Hub, Magnesitas de Navarra... eta enpresa handiagoak, bistan da: Aernnova, Telefonica, Acciona, Repsol...). Baina, orain, TTIP negoziatzen ari diren honetan, enpresak eta haien lobby-ak politikarien gaineko presioa handitzeko bide guztiak erabiltzen ari direla salatu du CEOk, eta politikarien fitxaketak ugaritzen ari direla. «Interes gatazkak» saihesteko, Europako komisario ohiei hiru urtez lobby lanak egitea debekatzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.