Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Azken egunotan positibo eman dutenek ezingo dute bozkatu

EAEko Hauteskunde Batzordearen arabera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako segurtasun neurriak «nahikoak» dira

Osasun langile bat, atzo, Ordizian, PCR probak egiten. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Maite Asensio Lozano.
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Igandean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa emateko eskubiderik gabe geratuko dira azken egunotan COVID-19a hartu dutenek. Ordiziako (Gipuzkoa) agerraldian 58 pertsonak eman dute positibo PCR probetan; etxean itxita egin beharko dituzte hamabost egun, eta, beraz, bozkatzera ere ezingo dira atera. Hala jakinarazi zieten atzo kutsatzeak izan diren herrietako alkateei, eta hala berretsi dio BERRIAri Eugenio Artetxek, Eusko Jaurlaritzako Hauteskunde Prozesuetarako zuzendariak: «Positibo eman dutenek etxean geratu behar dute. PCRan negatibo eman baina bigarren probaren zain daudenak, printzipioz, bozkatzera joan ahalko dira, baina berehala itzuli beharko dira etxera. Osasun adituen irizpideak dira».

Halere, kasu horiek aztertuko ditu gaur EAEko Hauteskunde Batzordeak, Bizkaitik iritsitako kontsulta baten harira. Jaurlaritzaren ordezkaria da Artetxe batzordean, eta adierazi du ez dela neurri berezirik aurreikusi bakartuta dauden herritarrek bozkatu ahal izateko, hala nola euren botoa etxean jasotzea: «Ez dakigu nola egingo litzatekeen horrelako zerbait. Egoera hau berria da denontzat, mundu osoan. Dena den, kontuan izan behar da hauteskunde guztietan geratzen direla pertsona batzuk bozkatu ezinda osasun arrazoiengatik —istripu bat izan dutelako, gaixo daudelako edo ospitalean direlako—, beren borondatearen kontra».

Hauteskundeak atzeratzeko aukera ere ez dago mahai gainean, Artetxeren arabera: «Ez du inork eskatu, Euskadin behintzat». Galizian bai, izan da halako eskaerarik, baina hango batzordeak egin bezala, Artetxek argitu du bozak geroratzeko erabakia ez dagokiola Hauteskunde Batzordeari: Iñigo Urkullu lehendakariak du eskumena. Edonola ere, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea kezkatuta mintzatu da, igandean gerta daitezkeen kutsatzeen inguruan: «Udala ez da horren ondorioen erantzule izango».

Neurriak gizarteratu

Ildo horretan, EAEko Hauteskunde Batzordeak atzo ontzat jo zituen Jaurlaritzako Osasun Sailak iganderako ezarritako segurtasun neurriak. Ordiziako agerraldiaren harira, EH Bilduk aurkeztutako eskaera bat aztertu zuen batzordeak, osasun eta boto eskubideak bermatze aldera neurriak ezartzeari eta argitaratzeari buruzkoa. Batzordeak adierazi zuen Osasun Sailak aurreikusitako neurrien jarraipena egingo duela, «epidemiologia eta osasun egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko». Hala ere, Jaurlaritzari eskatu dio herritarrei helarazteko neurriok «gaitasuna» dutela osasun eta boto eskubideak bermatzeko. «Neurriak nahikoak dira, baina gizarteratu egin behar dira, jendea lasaitzeko; segurtasuna transmititu behar da, beldurrak ez dezan eragin bozkatzera joateko uzkurtasunik», zehaztu du Artetxek.

Joan den astean eman zuen Osasun Sailak neurri horien berri. Maskararekin joan beharko da bozkatzera, eta, ahal dela, boto papera etxetik eramanda. Hauteslekuko ilaran segurtasun distantzia mantendu beharko da, eta bozkatzeko gelara banan-banan sartu beharko da, arduradunek baimentzean; lehentasuna izango dute 65 urtetik gorakoek, elbarritasunen bat dutenek eta haurdunek. Botoa eman baino lehen, eskuak gabitu beharko dira; nortasun agiria, berriz, erakutsi egin beharko da, eta soilik mahaiko kideetako batek eskatzen badu eman beharko zaio eskura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.