Literatura. 'Emakume burugabea'

Sustraiak eteteaz

Idazlea: Antxiñe Mendizabal Aranburu. Ilustratzailea: Iraia Okina Salazar. Argitaletxea: Elkar.

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Liburu bat hasten dudanean arkatza eta oharretarako orria prest izaten ditut irakurri ahala etorritako burutazioak zerrendatzeko, gero horietako zenbait aukeratu, eta testuaren hari batzuk erakusteko asmoz. Baina hemen iruzkindutakoa testu berezia da, ipuin modura kontatutako poema batek osatutako liburua, hain zuzen. Ez dut koadernorik erabili gaurkoan, bada. Eta kontuak zer diren, idazten hasi arte ezin imajinatu zerrenda modura etorriko zirela burutazioak; lagin gisa doaz datozen lerroetan poema irakurri ondotik bururatu zaizkidanak: natura, bizitza, gorputza, askatasuna.

Orain arte Haur eta Gazte Literaturan aritu badira ere, Elkarren eskutik Antxiñe Mendizabalek eta Iraia Okinak helduentzako poema-ipuindua (ipuin-poematua?) argitaratu dute. Artefaktu erakargarria lehen begiratuan; emakume baten gorputz-enborrean gora igotzen dira zuztarrak, emakumeaz jabetuz. Azaleko irudi horrek eta testuko hitz batek laburtuko lukete liburuaren zentzua hobekien: andramina.

Ipuin batean bezala banatutako poeman, emakume baten biziberritzea kontatzen da; Anari abeslariaren hitzak ekarriz, bere buruaz beste bat egiteko bidea kontatzen da. Metaforaz blaitutako testua ekarri du Mendizabalek, eta paradoxaz eta polisemiaz baliatzen da paralelismoak egiteko: «Emazte guztiz ahaltsu, bere buruaz gabetzen da». Konparazioak josiz, anbiguotasuna da nagusi testu sinbolikoan.

Bestalde, behin baino gehiagotan agertzen dira haitzuloak, eta kobazulo batean nola, hitzen oihartzunek garai mitiko batera garamatzate. Gizakia eta animalia bat ziren garaira. Bidaiak ibilbide zirkularra du, gainera; gaur egungo emakumeak, bizi berri bat hastekotan, historian atzera egiten baitu, hemen eta orain bizi berri bati ekiteko. Eta bidean, euskal tradizioari ere zenbait sastakada ematen dizkio.

Alderdi grafikoari dagokionez, Oikinaren marrazkiek ezin hobeto irudikatzen dituzte hitzak. Adreiluarekin hasten den liburua, adreiluarekin amaitzen da, tartean, zuhaitzak eta sustraiak igaroz. Latzak dira, bide batez, emakumearen irudikapenari lotutako koloreak; pasioa eta garraztasuna gehitzen diotela iruditu zait. Era ia sinestesikoan funtzionatzen dute testuarekiko.

Sustraiak mantentzearen beharraz mintzatu ohi gara askotan, eta hemen, kontraposizioan, sustraietatik erauzteko bidea ere gogorra begitantzen da, ahalegin behartua bada ere. Horra beste paradoxa bat. Aipatutako guztiak testu mardula bihurtzen du. Nahiz eta poema bakarrarekin atondutako liburua izan, irakurketa sakona egiten zaio irakurleari, baina ez, haatik, zaila.

Eta honela jarraitu genezake, lerroak idazten, irakurtzen dudan bakoitzean poemaren konnotazioak areagotzen direla iruditzen zaidalako, baina testua bihitzeko arriskua saihestu beharko; hobe irakurleak berak deskubritzea nora eraman dezaketen poema honen bideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.