Ainara Castellanos-Rubio.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Kafearen osteko kakalarria

2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Ikerbasque Fellow EHUn

Kafea hartu eta gero komunera joateko premia sentitzea ez da ezer arraroa. Kafeak efektu laxanteak dituela jakina bada ere, horren arrazoi zientifikoa ezezaguna izan da orain arte. Texaseko Unibertsitatean galdera horri erantzuna emateko ikerkuntza proiektu bat aurrera eramaten ari dira.

Texaseko ikertzaileek arratoiei kafea hiru egunetan eman eta gero, haien hesteko muskuluen mugimenduak kafea hartu ez duten arratoien heste-mugimenduekin konparatzen dituzte. Esperimentu horiekin, zientzialariek ikusi dute kafea edan duten arratoien hesteek uzkurtzeko gaitasun handiagoa dutela, hestearen barneko materiala (hau da, etorkizuneko kaka) azkarrago mugitzen delarik. Gainera, efektu hori kafeinarekiko independentea dela aitortzen dute, kafeinagabeko kafea edaten duten arratoiek ere aurkezten baitute hestearen mugimendu emendatuta. Ez da guztiz aurkikuntza berria; 1990. urtean dagoeneko deskribatu zuten antzeko efektua South Yorkshireko ospitalean (Ingalaterra) gizakiekin egindako ikerkuntza batean. Kasu horretan, hestearen mugikortasunaren emendioa 4 minutuko epean gertatzen zela ikusi zen. Ikerketa horren arabera, populazioaren %30a izango da kafearekiko erantzulea, hestearen sentikortasun altuago baten adierazgarria izan daitekeena.

Urrunago joan dira Texaseko ikertzaileak, eta kafeak kakaren konposizio mikrobiologikoan duen eragina ere aztertu dute. Arratoien kakak kafearekin nahastu dituzte kultibo plaketan, eta kaketan bizi diren bakterio eta mikrobioen hazkuntza geldoagoa dela ikusi dute; zenbat eta kafe gehiago gehitu, orduan eta geldoagoa bakterioen hazkuntza. Aurkikuntza hori kafea edan zuten arratoietan baieztatu izan dute, arratoi horien kaketan bakterio kopuru txikiagoa topatu dutelarik. Hestearen mugimenduekin gertatu bezala, bakterioen kopurua gutxitzea ere kafeinarekiko independentea da; kafeinagabeko kafeak kaketako bakterioen kantitatean eragin berdina erakusten du. Emaitza horien garrantzia nabarmentzen du proiektuaren buruak, emaitza horiek kafea eragile antimikrobiarra izan daitekeela iradokitzen dutelako.

Hala ere, ikerkuntza horrek martxan jarraitzen du, ez baitago argi zer motatako bakterioak diren kafearen eraginez desagertzen direnak. Gure hesteetan milioika bakterio ditugu, eta, batzuek efektu negatiboak dituzten arren, beste batzuk onak dira, eta hestearen funtzionamenduarentzako beharrezkoak. Kafeak zer bakterio mota erasaten dituen jakitea oso garrantzitsua da ondorioak ateratzeko.

Kaka gora eta behera ibiltzea oso erakargarria ez bada ere, Texaseko zientzialari horiek ekarpen interesgarria egin dute ikerkuntza honekin. Alde batetik, kafea tratamendu erraza eta eraginkorra izan daiteke ebaketa-ondoko idorreria sendatzeko. Bestetik, kafeak efektu positiboa eduki lezake hesteko bakterioen konposizioan, eta hori heste mugikor osasuntsubatekin asoziatuta dago.

Beraz, kafetxoa eta geroko kakalarri horrek badauka azalpen zientifikoa, azkenean, eta badirudi sentitzen dutenak zorioneko daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.