Donostiako 71. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA. Sail Ofiziala

Dementzia

urtzi urkizu
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun

'Great Absence'

Zuzendaria: Kei Chika-Ura. Aktoreak: Mirai Moriyama,Tatsuya Fuji, Yoko Maki, Hideko Hara. Herrialdea: Japonia. Iraupena: 152 minutu.

Badu Kei Chika-Ura Japoniako zinemagilearen Great Absance filmak bertute handi bat: ikuslea gertaera batzuekin jakin-minez uzten du denbora luzez, eta misterio horri eusten dio sinesgarritasunez.

Takashi aktorea da, eta Tokion bizi da. Urte asko dira aitarekin harremanik ez duela. Harremanetan berriro hasten direnean, aitak dementzia duela ikusiko du. Dementzia horrek okerrera egingo du, denbora pasa ahala. Zahar etxe batean sartuko dute aita; ondo zainduta dago, baina haren bigarren emaztea non dagoen ez dago batere argi. Lehenbizi, aitak esango dio semeari emazteak bere buruaz beste egin duela. Gero, emaztearen seme bat azalduko da, eta Takashiri esango dio ospitale batean dagoela andrea. Orduan, aktorea aitaren emaztearen bila hasiko da. Gainera, aitaren etxean denetarik topatu du; tartean, maitasun gutunez eta olerkiz betetako liburu pertsonal bat. Istorioan azalduko da, beste alde batetik, bilatzen ari diren emakumearen ahizpa.

Japoniako zinemagileak istorioa kontatzeko erabili duen moduak bazituen arriskuak. Eta airoso atera da. Izan ere, denboran nahikoa hurbil dauden feedbackak erabiltzen ditu dementzia duen gizonaren bilakaera kontatzeko. Ezinegona sorrarazten du une batzuetan bilakaera gogor horrek. Eta gerta daiteke feedbacketako pasarte batzuk luzeegiak izatea. Ez alferrik, bi ordu eta 32 minutu irauten du filmak.

Ez da luzeegia egiten, ordea. Batetik, aipatutako jakin-minari eusten diolako zinemagileak. Bestetik, filmeko aktore protagonistek lan biribila egiten dutelako eta pelikulak baduelako zerbait berezia interesa mantentzeko. Badu konplexutasun narratibo bat, erromantizismo lirikoa gutunak irakurtzen dituzten uneetan, eta badu Ekialdeko zinemagile onen begirada interesgarria.

Dena den, zaila izango du sari handietakoren bat eramatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.