AEBetako hauteskundeak

Aukera guztiak daude zabalik

AEBetako presidentea ez ezik, Ordezkarien Ganbera eta Senatuaren herena ere aukeratuko dute gaur estatubatuarrek. Bidenek bederatzi punturen aldea ateratzen dio Trumpi inkestetan

Aukera guztiak daude zabalik.
arantxa elizegi egilegor
Miami
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Heldu da egun handia. Gaur goizeko bostetan zabalduko dituzte lehen hauteslekuak AEBetan, Euskal Herrian 11:00ak direnean, eta iluntzeko bederatzietan itxiko. Alaskakoak izango dira azkenak. Gero, zain egotea egokituko zaie estatubatuarrei eta munduko txoko askotatik joandako kazetariei. Izan ere, duela lau urte 47 milioi hauteslek bozkatu zuten aldez aurretik, eta aurten, berriz, ia bikoiztu egin da kopuru hori: dagoeneko 90 milioi lagunek bozkatu dute. Arrazoi nagusia hauteskunde eguneko jende pilaketak eta ilara luzeak saihestea izan bada ere, bada beste arrazoirik; izan ere, hasieratik lehia estua iragartzen dute inkestek, eta horrek errepublikanoen aurkako botoa mobilizatu du azken asteetan. Hortik orain arte bozkatzera joandakoetatik %45 Alderdi Demokratan erregistratuta egotea, eta %30 Alderdi Errepublikanoan. Boto horien guztien bi heren, baina, posta bidezkoak dira, eta baliteke horien zenbaketak garailea nor den jakiteko unea atzeratzea, batez ere bi hautagaien arteko tartea txikia bada. Horiek hala, ate guztiak zabalik dauden oraindik AEBetan. Bideo-iruzkina: Arantxa Elizegi berriemaile berezia eta Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariordea (Berria TB).

[YouTube]https://youtu.be/bjdofb6QH5o[/YouTube]

Hauteskunde sistema berezia dela medio, boto guztiek ez dute balio bera. Izan ere, hautesleek ez dute zuzenean presidentegaia bozkatzen. Horren ordez, herritarrek hautatzaileen batzarra osatuko duten konpromisarioak aukeratzen dituzte lehenik, eta horiek gero batzar batean euren hautagaien alde bozkatuko dute. Batzarra 538 konpromisariok osatzen dute, eta, irabazi ahal izateko, presidentegaiak gutxienez 270en aldeko botoa lortu behar du. Estatu guztiek, baina, ez dute konpromisario kopuru bera. Kaliforniak, esaterako, 55 ditu, baina estatuak historikoki demokraten alde egin izan duenez, ziurtzat jotzen da aurten ere Bidenek irabaziko duela han, Arkansas errepublikanoentzat izango dela segurutzat jotzen den moduan.

Hala, hautagaiek zalantzan diren estatuetan jarri dituzte indarrak azken egunetan: Floridan Donald Trumpek, han irabazi ezean ezin izango delako Etxe Zurira itzuli; eta Wisconsinen eta Pennsylvanian Joe Biden hautagai demokratak, non hamasei eta hogei ordezkari dauden jokoan.

Trumpek badu oraindik irabazteko aukerarik, baina errepublikanoen artean urduritasuna nabaria da. Estatuburuak duela lau urte baino egoera zailagoa du aurten, Bidenek inkestetan bost puntu baino gehiagoren aldea ateratzen baitio errepublikanoari Hillary Clintonek irabazi zuen estatuetan, baita Trumpek 2016an irabazi zuen batzuetan ere. Horiek lirateke, babes handienetik txikienera sailkatuta: Wisconsin, Michigan, Nebraskako bigarren barrutia, Pennsylvania, Arizona, Maineko bigarren barrutia, Florida, Ipar Carolina, Georgia eta Iowa. Onenean jarrita, presidentegai demokratak horietan guztietan irabaziko balu, 357 ordezkari lortuko lituzke, gutxieneko 270ak baino askoz gehiago. Hala ere, inkestek bost punturen errore tartea izan ohi dutela aintzat hartuta, lehen lauretan soilik da abantaila aipagarria, besteetan lau puntutik beherako tartea ateratzen baitio Trumpi. Halere, bost puntu baino gehiagoko tartea ateratzen duen estatuak soilik kontuan hartuta ere irabazi egingo luke Bidenek.

Dena den, estatu aldakorrak erabakigarriak izango dira aurten ere, haiek zehaztuko baitute nork aginduko duen AEBetan datozen lau urteetan. Trumpek, esaterako, Florida bere alde beharko luke, baina, horrez gain, 2016an bezala berriz irabaziko balu Arizonan, Texasen eta Georgian, 235 ordezkari lortuko lituzke, demokraten 201en aurka. Horiei Iowa eta Ohio gehituz gero, non, inkesta gehienen arabera, demokratek bi punturainoko abantaila duten, nahikoa izango luke Michigan edo Pennsylvanian irabaztea agintaldia beste lau urtez luzatzeko.

Demokraten kezka eragin duten gaietako bat izan da Des Moines etxeak egindako galdeketa, non, aurreko galdeketetan ez bezala, Iowan Trumpi botoen %48 iragartzen dizkion, eta %41 Bideni. Noski, gerta liteke Trumpek Iowan irabaztea eta, hala ere, behar adina ordezkari ez lortzea, baina lehia estuegia da halakoak zoriaren estu uzteko.

Hori dela eta, presidentegaiek bikoiztu eta hirukoiztu egin dituzte kanpaina ekitaldiak azken egunetan; estatuburu errepublikanoak, esaterako, hamazazpi ekitaldi egin ditu kanpainako azken hiru egunetan. Igandean, esaterako, bost estatutan izan zen: Michiganen, Iowan, Ipar Carolinan, Georgian eta Floridan. Bidenek, berriz, bost ekitaldi egin ditu, Michiganen eta Pennsylvanian.

Senatua galtzear

Errepublikanoek Senatuan egun duten gehiengoa ere kolokan dago boz hauetan. Trumpen alderdiak 53 senatari ditu Kongresuko goi ganberan, 45 demokrata eta bi independenteren aurka. Ordea, egungo estatuburuak COVID-19ak eragindako osasun krisiarekin erakutsitako jarrerak zalantzan jarri du gehiengo hori.

Izan ere, AEBetan bederatzi milioi kasu baino gehiago atzeman dituzte pandemia hasi zenetik, eta hildakoak 230.000 inguru dira dagoeneko. Gainera, hotzak heldu ahala, kutsatzeak nabarmen azkartu dira, batez ere iparraldeko estatuetan, horietako hainbat larrialdiko neurriak hartzera behartzeraino.

Hala, martxora arte garaipen ia ziurtzat jotzen zutena kanpaina gogorra bilakatu da senatarigai errepublikanoentzat. Presidentetzarako lehian bezala, hemen ere aukera guztiak zabalik daude, eta, estatu bakoitzak botoak kontatzeko arau desberdinak dituenez, litekeena da asteak behar izatea gehiengoa norentzat izango den jakiteko.

Hala ere, Alderdi Errepublikanoan kezka da nagusi, eta ez da gutxiagorako. 2016an Trumpek gutxigatik irabazi zuen estatuetan, demokratak doaz aurretik inkestetan, eta zenbaitetan, gainera, alde handiz; adituek uste dute Georgian botoen erdiak lortuko lituzkeela.

Beste estatu batzuetan, berriz, duela lau urte lortutako aldea galdu egin du Trumpek. Kansasen, adibidez, hogei punturen aldea atera zion Hillary Clinton hautagai demokratari, eta egun, berriz, nabarmen egin du behera sostenguak, batez ere hiri inguruetan. Alaskan bertan, non soilik 1964an irabazi zuen presidentegai demokrata batek, errepublikanoek Dan Sullivan senatarigaiaren aldeko kanpaina sendotu behar izan dute.

Horrek guztiak kalte handia eragin die errepublikanoei, besteak beste, presidentetzarako kanpainara bideratu beharreko diruaren zati bat senatarien ekitaldietako baliatu behar izan dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.