Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Kontzientzia

2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Geure autoan sartuta hara eta hona gabiltzanok erraz justifikatzen dugu ibilgailuaren gehiegizko erabilera: bizi garen lekutik edonora joateko beharrezkoa da, dugun ordutegiarekin aukera bakarra da, garraio publikoak ez ditu herri txikiak bata bestearekin ondo lotzen... badakigu jende asko ibiltzen dela gure moduan, baina, gure kasuan, derrigorrezkoa da. Autoa konpartitzea ere ez daukagu erraz: ordutegi aldrebesetan egiten ditugu bidaiak. Garraio publikoak, ordea, ordutegi mugatua du, gauez ez dago, edo joan behar dugun lekutik urruti uzten gaitu, edo hamar kilometro egiteko hiru autobus aldatu behar ditugu. Guk autoan ibiltzea baino beste biderik ez dugu.

Aste honetan aztoratuta sumatu ditut autoz ibili zaleak diren zenbait: Bilboko Udalak peajea kobratuko die hiriaren erdira autoz sartu nahi dutenei. Oraindik asmoa baino ez da, baina eztabaida pizteko balio izan du. Batzuei entzun diet hori baino lehen beste neurri batzuk hartu behar direla, eta ados nago. Garraio publikoa indartzeak eta prezio bateratu bakarra ezartzeak asko arinduko luke trafikoa, adibidez. Beste batzuei, ordea, entzun diet garraio publikoari esker baino, Abiadura Handiko Trenari esker konponduko dela hein batean Bilboren arazoa. Hiriaren sarreretan aparkalekuak egin behar direla ere bota du zenbaitek. Eta badira ordainsaria ezartzeari ondo deritzotenak ere: dirua da kontzientzia hartzen laguntzen digun gauza bakarra. Kontua da, baina, ea benetan kontzientzia hartuko dugun. Pentsatu nahi dut egunero hirigunera sartzeko ordaindu behar duenak nahiago izango duela autobusez edo trenez joatea, edo kotxea beste batzuekin konpartitzea. Ez dakidana da ea denborarekin ulertuko ote duen ingurumenari eta bere buruari mesede egiten ari dela. Diruak ez du hain erraz kontzientziatuko, bere hondakinak sailkatzeari korapilatsu iritzita, erraustegiak onartzeko prest dagoen herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.