Cabacasen sendiak dio gertatutakoa ezin dela gelditu «ezerezean»

Haiek azken sei urteotan esandakoa berretsi dela diote. «Egia estaltzen saiatu» direla salatu du Oier Amorrortuk, Iñigoren lehengusuak

Erredakzioa
Bilbo
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Urriaren 15ean hasi zen, eta azaroaren 9an amaitu. Hamalau saio izan dira orotara. Auzipetuak sei, eta lekukoak eta perituak, 80tik gora. 50 ordu baino gehiago iraupena izan dute hitzaldiek. Eta amaitu da. Epaiaren zain dago Iñigo Cabacasen auziko epaiketa. Eta familiak argi du zein den beren eskaria: «Justizia, egia, erreparazioa, eta horrelakorik berriro gerta ez dadin bermeak egotea».

Oier Amorrortu aritu zen atzo familiaren bozeramaile lanetan, Iñigo Cabacas zenaren lehengusua. Garbi dauka familiak azken sei urteotan esan duena berretsi dela epaiketan. «Han jendea festan zegoela, Athleticen garaipena ospatzen ari zela, Ertzaintza iritsi zela, hura dena moztu egin zuela, tiroka hasi zela, eta inolako justifikaziorik gabe egin zutela hori guztia», azpimarratu du, ETBri egindako adierazpenetan.

Eta, hori «argi» gelditu denez, garbi dute zer den orain egiteko dagoena: «Orain falta dena da egin zutena ordaintzea, eta erantzuleak nortzuk izan ziren ebaztea. Gertatu zena ezin da ezerezean gelditu». Amorrortuk salatu du epaiketan «egia estaltzen saiatu» direla. «Egia esango balute, esango lukete hara joan zirela eta inolako justifikaziorik gabe tiroka hasi zirela. Eta hori onartzea ezinezkoa da».

Hiru mailatan banatu ditu erantzuleak Cabacas zenaren lehengusuak: ertzainak, haien buruak eta Eusko Jaurlaritza. «Guk uste dugu erantzukizuna dutela tiro egin zuten ertzainek, han festa giroan zegoen jendeari egin ziotelako tiro, eta hori haiek bazekiten, tiro eginda min egin zezaketela. Erantzukizuna dute ertzainen buruek ere,ez zutelako agindu kalezulo hartan tiro egiteari uzteko. Eta badago erantzukizun politiko bat ere, bai garai hartako gobernu sozialistarena eta gaur egungoarena. Egun hauetan, Jaurlaritzako abokatuak izan dira epaiketan, eta apunteak hartu eta hartu aritu dira. Susmoa daukagu, erantzukizun zibila onartzea tokatzen zaienean, erantzukizun hori saihesten saiatuko direla».

Amorrortuk dio ertzainen jarrera ez dela salagarria tiro egin zutelako bakarrik, baita han zegoen jendearekiko erakutsi zuten jarrerarengatik ere. «Iñigorentzat laguntza eskatu zutenekin ez zuten ongi jokatu. Zaurituari buruzkoak horren modu arinean hartu zituztela ikusteak min handia egin die Manuri eta Finari. Ertzainek irrati bidez grabazioetan esaten dituztenak ere hor daude... gauza asko pilatu zaizkie gurasoei alde horretatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.