KRITIKA. Dantza

Barbaroak ginenekoa

Agus Perez.
2017ko irailaren 20a
00:00
Entzun

'Les nuits barbares ou les premiers matins du monde'

Koreografia: Herve Koubi. Argiak: Lionel Buzonie. Jantziak, atrezzoa eta maskarak: Guillaume Gabriel, Claudine G. Delattre. Ganibetak: Esteban Cedres. Lekua: Miarritzeko Kasinoko aretoa. Eguna: Irailak 16.

Barbaroak gineneko gauak, munduko lehen goizaldeak... Ideia iradokitzaile horren inguruan eratu du Herve Koubik bere azken koreografia.

Hasiera batean, dantzan zebiltzan puntu distiratsu txikiak baino ez ditugu ikusi, iluntasunean eta laino artean bezala. Argia etortzen hasi denean ikusi ditugu dantzariak, denak gizonak, gorputz-enborrak agerian, gona luzeak jantzita eta buruak gai distiratsuzko maskarekin estalita. Bai argiak bai musikak antzinako mundu baten hastapenak irudikatu dituzte, baina koreografoak jakin izan du edozein narratibatik ihes egiten, eta dantzaren lengoaiari heldu dio fermuki, jakitun izanik epika merke orok amildegira eramango lukeela proposamena. Hor hasi gara Koubiren jakituria dastatzen, une batean baino gehiagotan efektismo errazetan jausteko zorian egon den arren, europar ikuspegitik etorritako ikusleon aburuz behintzat.

Eta europar ikuspegia aipatuz gero, interesgarria da jakitea Koubi Frantzian jaioa dela, adinez nagusi izatean jabetu zela bere jatorri aljeriarraz, eta harrezkeroztik sutsuki bilatu dituela Afrika iparraldean bere sustraiak. Aspaldiko Mare Nostrum hartako beste aldean, ordea, gaizki ikusia da gizonak dantza garaikidean aritzea zenbat lubaki eraiki ditugu gure artean..., eta muturreko fededunek heriotza-mehatxupean eduki zuten ba al dago muturreko fededunik ez duen erlijiorik? Noizko haien debeku orokorra?, baina horrek ez dio eragotzi hango bazterretan hip-hop eta kale-dantzan aritzen diren mutilak errekrutatzea. Bide horietatik etorri zaigu oraingo konpainia, Aljeria, Burkina Faso, Frantzia eta Marokoko dantzariekin osatu dena.

Egia da hip-hop eta kale-dantzako oinarria daukatela eszena gaineko hamahiru gizonek, baina Koubi arduratu da beren gaitasun akrobatiko bikainak maila ikaragarriraino igoarazten, haien guztien mugimendu-kalitateak berdintzen eta emankizunari estetika hutsetik haragoko transzendentzia ematen. Maxime Bodson eta Guillaume Gabrielen soinu bandak Aljeriako musika tradizionala, Mozart, Faure eta Wagner elkartu ditu, Mediterraneoko lau aldeen jatorri komuna sinbolizatuz, eta hura izan da proposamenaren gidari nagusia. Gorputz-multzoen eboluzio leunak eta airetiko jauzi akrobatiko paregabeak elkarren segidan tartekatu dira ikusgarriaren tempoaren kudeaketa bikainean, eta talde-koreografia ahalmentsuak behin eta berriro tartekatu dira itxura batean anabasa ziren ariketa pertsonalen artean, indarra eta gerlarien energia maskulinoa beste ezeren gainetik lehenetsiz, baina hala ere edertasun ukaezina eta dentsitate mistikoa erdietsiz, Turkiako derbitxeen moduko bira etengabeak lagun.

Koubiren beste lanak ikusi dituztenek esaten dute berdin antzekoak direla haiek guztiak. Nik, ordea, entusiasmoz txalotu ditut lan honen ausardia eta kalitatea, jakitun izanik bikainak izan zirela aurrekoan ikusi nituen hiru lanak ere Coppélia, Les suprèmes eta Bref séjour chez les vivants (Miarritze, 2009), oraingo lanarekin batere antzekotasunik izan ez bazuten ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.