KRITIKA. Musika

Sinfonia heroikoa

2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun

BOS





Zuzendaria: Erik Nielsen. Bakarlaria: Viviane Hagner. Egitaraua: Igor Stravinski, Antonin Dvorak eta Ludwig Van Beethovenen lanak. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Maiatzak 4.

Txalo zaparrada batekin amaitu zen Bilboko Orkestra Sinfonikoak eskaini zuen ustekabez beteriko kontzertu luzea. Eta ez zen gutxiagorako. Egitarau mamitsua izateak ez ezik, asko harritu gintuen Erik Nielsenek orkestra gidatuz oparitu zigun Beethovenen 3. Sinfonia-ren bertsio aberatsak ere.

Lehenengo ezustekoa, ustez galdua zegoen Igor Stravinskiren pieza jotzea izan zen, duela bi urte aurkitu zutena San Petersburgoko kontserbatorioko artxibategi zaharrean. Hileta-Kanta pieza kontserbatorioan maisu izan zuen Nikolai Rimski-Korsakoven omenez egin zuen, haren heriotzan. Stravinskik berak goraipatu egin zuen obra hura, bere ikasle garaiko lana zela esanaz. Instrumentu bakarlari bakoitzak maisuaren hilobiaren aurrean desfilatzen du, bere melodia eskainiz, lore-koroa bat eramango balio bezala. Kontrastean, tremolo xuxurlatzaile batzuk atzealdean, koru bateko ahots baxuen bibrazioak simulatuz —egitarauak egoki azaltzen duen moduan—. Gaztaroko lan akademikoa da musikologoentzat interes handien duena, hor ageri baitira konpositore errusiarrak geroago garatu zituen bilaketa musikalak.

Orkestrak ez zuen inolako arazorik izan bai obra hori bai Antonin Dvoraken Biolin eta orkestrarako kontzertua La minorrean jotzeko. Azken horretan iritsi zen bigarren sorpresa, non Viviane Hagner biolin bakarlariak hartu zuen protagonismoa. Bohemiako konpositorearen lanak adierazkortasun lirikoari jariatzen zaio 2. mugimenduan —biolinarekin alardeak egiteko— eta herri doinu eslaviarrak ditu bere barnean. Horretan, beharrezkoa zen birtuosismoa haizeratu zuen bakarlariak fraseoetan —legatoekin—, arpegioetan, nahiz hari bikoitz eta hirukoitzetan, eta lanaren interpretazio ona egin zuen.

Egitarautik kanpo zegoen Bachen piezarekin eskertu zuten interpreteek publikoak erakutsitako berotasuna.

Baina zalantzarik gabe, hirugarren ustekabeak liluratu gintuen gehien, hau da, Beethovenen 3. Sinfonia-z Erik Nielsenek eta BOSek egin zuten bertsio ederrak. Lanak dituen mirari estetikoak azaleratu zituen bertsioak. Hasierako mugimendutik bertatik azaldu zituen zuzendariak lanean zer irizide izango zituen: xehetasuna eta entrega, oro har, pasarte guztiak landuz, zokomoko guztiak miatuz, bakoitzari bere denbora emanez, dinamikak kontrajarriz, bolumenaren hauspoa kontrolatuz pianissimotik fortissimoraino. Aurrerakada handiak sumatu genituen zati fugatuetan, eta erlojuak ez zuen markatu denbora musikalak behar zuen zabalkundea.

Orkestrako musikariek bat egin zuten zuzendariaren entregarekin eta lan onarekin, eta, azkenean, denek batera txalotu zuten elkar, Heroiko hitza daraman eta bikain jo zuten sinfoniaren harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.