Euskal Elkargoa. Lehen batzarra

Etxegarai da lehen presidentea

Baionako auzapezaren alde egin du Euskal Elkargoko hautetsien gehiengoak, Ipar Euskal Herriko egitura berriaren lehen batzarrean. Funtzionamendua onartu eta lehen erabakiak bozkatu dituzte

Ezkerrean, Euskal Elkargoko hautetsiak egitura berriaren lehen batzarrean, atzo arratsaldean, Baionako fakultateko anfiteatro nagusian; eskuinean, presidentea hautatzeko bozketa. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2017ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Abian da. Ofizialki sortu da Euskal Elkargoa, Ipar Euskal Herriko lehen instituzio politikoa. Jean Rene Etxegarai izanen da lehen presidentea, bozketan parte hartu zuten 231 hautetsien gehiengoak hala erabakita. Atzo egin zuten elkargo kontseiluaren lehen batzarra, Baionako fakultateko anfiteatroan. 400 pertsonarentzako lekua izanik ere, txiki gelditu zen aretoa, eta bideo emanaldi bidez jarraitu behar izan zuten saioa bat baino gehiagok.

Batzarra 18:30erako iragarria bazen ere, ordubete lehenago hasi zen jendea metatzen. Hautetsiak, eragile eta instituzioetako ordezkariak, kazetariak, herritarrak... Giro berezi bat senti zen; zerbait garrantzitsua gertatzera doanetako tentsio eta emozio hori. Fakultateko anfiteatrora sartu eta lehen argazkia: gizonak. Bataz besteko adinean gora doan gizon talde zabala. Euskal Elkargoa prestatzeko gidaritza batzordeak parekidetasuna «zaintzen saiatuko» zela adierazi bazuen ere, agerian gelditu da ez dutela lehentasun bezala tratatu.

«Eztabaida politikoa iragan da, orain lanean hasi behar da», Max Brisson LR alderdiko Miarritzeko hautetsiaren iritziz. Alderdi bereko Claude Olive Angeluko auzapeza, elkargo bakarraren kontra azaldu zenetako bat da. «Ni erabat inplikatua naiz instituzio berri honetan», adierazi zuen, bainatzeko uren gaia eta etxebizitzarena lehentasun gisa jarrita. Kotte Ezenarro Hendaiako PSko auzapezarentzat haatik, zaborren kudeaketa da lehentasunetan. Martine Bisauta Baionako hautetsia itxaropentsu agertu zen: «traba guztiak altxatuko ditugu, bata bestearen ondotik. Baikorra naiz».

EH Bai, Bizi, Aitzina, eta Euskal Konfederazioko ordezkaritzak agertu ziren, besteak beste, Euskal Elkargoko lehen batzarrera, baita, Hego Euskal Herriko instituzio eta eragileetako ordezkariak ere. Elkarlanerako deia egin zuten guziek. Eusko Jaurlaritzaren izenean, elkargoa «aukera» bezala ikusten dutela azaldu zuen Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak. Gipuzkoak historikoki elkarlana burutu izan du mugaz gaindi, baina, orain Ipar Euskal Herri guziarekin batera aritzeko aukera ikusten du Imanol Lasa diputazioko bozeramaileak. Azkenik, orain arteko elkarlana «jarraitu eta areagotzeko» eskua luzatua dutela baieztatu zuen Imanol Landa Eudeleko presidenteak. Udalbiltzak ere ordezkaritza bidali zuen. Eragileen aldetik, Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusiak «hautetsiek egindako lana» goraipatu zuen, eta EH Bilduko Maddalen Iriartek eragileen arteko elkarlana hartu zuen eredu: «Hego Euskal Herritik asko dugu ikasteko», adierazi zuen.

«Aupa Euskal Elkargoa!»

Peyuco Duhart behin behineko presidenteak abiatu zuen saioa, frantsesez, euskaraz eta gaskoieraz eginez agurra. Konbentziozko zenbait hitz, eta bozketa antolatzeari ekin zioten. Hiru hautagai aurkeztu ziren: Jean Rene Etxegarai -bozkatu aitzin presidente iragarria-, Bernard Lougarot Gotaineko auzapeza, eta Jean Jacques Doihenart, Angeluko hautetsi komunista. Lougarotek herri txikien defentsa egin zuen, ordezkaritza desorekatua izanen dela arbuiatuta; Doihenartek, Frantziako Gobernuaren autoritarismoaren emaitza gisa aurkeztu zuen. Elkargo bakarraren kontra agertu izan direnetakoak dira biak. Hitzaldien ondotik, 231 hautetsiek banaka bozkatu zuten, horretarako prestatutako hautsontzietan, beren gustuko presidentearen izena sartuta. Sorpresarik gabe, Etxegarairen alde egin zuen gehiengoak; txalo zaparrada batekin hartu zuen batzarrak bere izendapena. Ezagupen politikoaren aldarrikapenak garairik garai izan duen bilakaera aipatu zuen Etxegaraik, eta oroitarazi, Frantziako Gobernuak ezezkoarekin erantzun duela beti. Euskal Elkargoa izanen dituen eskumenak azaldu zituen ondoren, herritarrentzako zerbitzu publiko bat izanen dela azpimarratuta.Azken hilabeteetan egin dute lana ere nabarmendu zuen: «Hautetsi anitzentzat, elkar hobeki ezagutzeko parada izan da, eta lortu dugun adostasun mailak erakusten du, gure arteko zatiketak gainditzeko genuen borondatea. Hemendik aitzina, iraganekoa ezabatu beharko dugu. Batzar honetan dagoen hautetsi orok zilegitasun osoa du. Eraikuntza obra handi bat dugu aitzinean; anitz egina izan bada ere, funtsezkoa falta da. Obra horren artisauak izanen gara gu», adierazi zuen, «Aupa Euskal Elkargoa!» bukatu aitzin.

Lehen bozka, eta eztabaida

Denbora eta baliabideak aurrezteko, berrikuntzaren parioa eginen du hemendik aitzina Euskal Elkargoak. Komunikazioak digitalizatzeaz gain, elkargo kontseiluen funtzionamendua errazteko bozka elektronikoa erabiltzea onartu zuten aho batez. Azalpen pedagogikoaren ondotik, lehen arazoak agertu ziren baina, hautetsi bat baino gehiago ez baitzuen teknika berehala menperatzea lortu. Anfiteatro osoa irriz, bozkatzea lortzen ez zuten hautetsiak gorrituta.

Gobernantza paktuaren bozketak ekarri zuen lehen eztabaida. Iker Elizalde EH Baiko hautetsiak, euskara eta frantsesa biak erabiltzeko aukera emateko eskatu zuen, kaskoen bidezko bat bateko itzulpena erabiltzea proposatuta. Francis Gonzalez Bokaleko auzapezak ezetz: «Frantzian gara». Eta Guy Mondorge Angeluko hautetsiak errematea: gaskoierak eta euskarak leku parekidea izan behar dutela. Etxegaraik egin behar izan zuen epailearen lana: bi hizkuntzak erabiltzea begi onez ikusten duela erran zuen, bat-bateko bikoizketa aipatu gabe, baina aktak euskaratzea baztertu zuen, «denbora gehiegi» hartuko duelako. Euskararen gaia hasieratik tratatzea nahi zutenak pozik egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.