Indarkeria matxista. Adela Asua. Zigor Zuzenbideko katedraduna EHUn

«Zigortu behar da ekintzak atzean duen iruditeria ere»

Sexu delituen bereizketak —erasoak, batetik; abusuak, bestetik— kaltea dakarrela uste du Asuak; garbi du iraganetik justizian txertaturiko balio matxisten ondorioa dela, gainditu beharrekoa.

GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Zigor Zuzenbideko katedraduna da Adela Asua (Bilbo, 1948). Ulertzen du Iruñeko talde bortxaketako erasotzaileak kartzelatik kanpo ikusteak gizartean sorrarazi duen asaldura, baina kasu orotan —baita minik handiena eragiten duten horietan ere— auzipetuen eskubideak bermatu behar direla oroitarazi du, eta epai bat irmoa ez den bitartean halakoak jazo daitezkeela: «Herritar bezala, halakoak onartu egin behar ditugu: ez da erraza. Baina iritsiko da sententzia; hasiko dira zigorra betetzen». Hori bai, kaleko mugimendua aintzat hartu behar dela iruditzen zaio: «Izan ere, gizartea trantsizio aro batean dago. Ulertzen ari da delituon larritasuna: erasoak direlako, eta, batez ere, horien atzean umiliazioa dagoelako. Iruñeko hau, adibidez, taldeko erasoetan gertatzen denaren prototipo argia da; erakusten du gizonen eta andreen artean desberdintasunean oinarritutako harreman bat, gaizki ulertutako maskulinitatearen eredu bat, zeinetan badirudien gizonek plazera lortzen dutela emakumezkoak azpiratuta: mendeko eginda».

Gizartean egun erasook ikusteko beste modu bat nagusitzen ari dela erakusten dute mobilizazio jendetsuek, beraz...

Gaur egun hori ulertzen ari gara, eta rolak ere beste era batean ikusten: baina oraindik badira nahasketak. Esaten da: «Gauean emakume bat atera da, eta mozkortu egin da, eta kalean geratu da...». Hori ez da arazoa: gizonak ere mozkortzen dira, eta kalean daude. Ulertzen ari gara, andre bat mozkortzen bada ere, edonola dagoela ere, haren gorputza ezin dela izan objektu huts bat. Gogoeta handia dago egiteko, batez ere gizonen partetik, sexualitatea ulertzeko era larderiatsu horren inguruan. Manifestazioen muina hori dela uste dut. Orain, esate baterako, auzipetuak kartzelara itzultzeko eskatzen denean, nik uste dut, batez ere, bilatzen dela haien jarrera gaitzestea. Inondik inora ere ezin dute sentitu egin zutena balentria bat izan zenik.

Horrelakoak baztertuko dituen aro berri baten ataria da?

Ataria bainoago, baieztapena dela esango nuke; hamarkadak daramatza martxan bide horrek, eta jada ez ditugu txantxak onartzen horrelakoen inguruan. Iruñeko kasu honen kontra izan diren manifestazioak, Martxoaren 8ko mobilizazioak... Erakusten dute jada mamitu den aldaketa bat. Eta, hain justu, horrexegatik dago talka epaileek gauzak esateko duten eraren eta gizarteak entzun nahiko lituzkeen eraren artean... Aintzat hartu behar da oraindik ere inguruan ditugula profesional asko oso onak, baina emakumeen abusuen kontuotan ez dituztenak gauzak argi. Izan ere, sexu harremanetan beti defendatu behar da hautatzeko eskubidea, baina horren aurrean badira oraindik aurreiritziak, ideia maskulinoak. «Emakumeak ezetz esaten du, baina gero nahi du». «Emakumeak gozatu egiten du jotzen duzunean»... Zer da hori? Zeregina franko dago oraindik ere, eta manifestazioak, alde horretatik, garrantzitsuak dira; zenbaitetan mezu nahasi samarrak ematen badituzte ere.

Halakoak justizia sistemarentzat presio bide direla ere entzun da, hain zuzen ere...

Zuhurrak izan behar dugu mobilizazio horiekin lortu nahi dugunarekin. Epaileak estututa sentitzea bilatu nahi da? Hori ez dator bat demokraziarekin. Hori bai, legean aldaketak egiteko eska daiteke, eta sententzietako argudioak ere kritika daitezke. Baina ez dezagun bermeen sistema bat pikutara bidal lege aldaketa bat eta gauzak esateko beste era bat eskatzeagatik. Gainera, nik ez dut uste emakumeok neurrigabeko zigorrak bilatu behar ditugunik. Bilatu behar da, ordea, argi geratzea zer kondenatzen den, eta argi eta garbi uztea balentria ezin zaiela esan halakoei; ezin da onartu emakumeak umiliatuta haien jabe egin direlako harro dauden gizonak egotea. Duintasun hori aldarrikatu behar dugu. Diskurtsoa aldatzen ari gara, eta, antzeko kasu bat agertzen den bakoitzean, jendea kalera aterako da...

Asaldatuta, berriro ere...

Baina auzibideetan gorabeherak izaten dira, ez dira perfektuak; ez dezagun letra larridun justiziarik eska, bidea egin egin behar da. Eska dezagun, hori bai, prozesuen bidezkotasuna; auzibideak ongi bideratzea. Baina gaion gaineko zama guztia ere ezin da bost pertsona horien gain bakarrik ezarri. Bederatzi urteko espetxe zigorra izango dute dagoeneko: gutxienean. Hogeitaka urte dituzten pertsona batzuentzat, bada zerbait. Merezi duten? Bada, bai. Gainera, garrantzitsua da horren atzeko mezua argi geratzea. Gizarteak ezin ditu horrelakoak gutxietsi. Sarri gertatzen da, behin begirada aldatu, eta esaten dugula: «Baina nola onartzen genuen halako edo bestelako?». Horregatik, justiziak egoki izendatu behar ditu gertatu direnak, eta mezu bat eman behar du: halakok oker jokatu duela, eta erantzun egin behar duela horren ondorioz. Gizarte osoarentzako mezua izan behar du horrek.

Argi uzteko ezin direla igaro zenbait marra gorri, ezta?

Hain justu, espero dezagun gazteok ulertzea marra gorri bat igaro zutela. Ez hori bakarrik; baita ere ulertzea emakumeez duten ikuskera aldatu behar dutela. Marra gorri bat igarotzen dugunean, maiz egoten da horretara bultzatu gaituen zerbait, edo sentiarazi diguna ez zela horren gorria. Horregatik, ekintza bakarrik ez da kondenatu behar; atzean dagoen iruditeria ere kondenatu behar da. Gazte horiek sentitzen zuten gizonago zirela horrela jokatuta: horren aurka egin behar da.

Ia bi urte egin dituzte preso...

Nik jakin nahiko nuke urteotan era eman zaien gogoeta egiteko; bideoak jarri zaizkien erakusteko lotsagarria zela egin zutena, konturatzeko erasotzaileak direla, izan zuten portaera bortxaketa batekoa izan zela, legeak deitzen dion moduan deitzen diola. Ulertu behar lukete bortxa dela andreak azpiratzea, hertsatzea. Utzi egin dela? Guztiz iraganekoa da sistema hori: zaharkitua.

Abusua zer den, erasoa zer den. Iruñeko bortxaketaren harira, kalean dago eztabaida. Bi kontzeptuak erabili beharrean, denak izen bakar batekin izendatu behar liratekeela diozu zuk. Zertan datza zure ikuskera?

Nik uste dut izendapenak nahastu egin direla, eta, horregatik, epaileek jarraitu dutela atxikita garai batetik datozen irudiekin. Batetik, bortxaketa dago, bortxa fisikoaren ondorio, emakumeak kontra egin behar duelako...

Andre bertutetsuaren ideia...

Hain justu, hortxetik dator bortxaketaren izena. Espainiako Zigor Kodeak jada utzi dio andreen zintzotasunaz hitz egiteari; egun, askatasuna du hizpide; baina, hala ere, oraindik ere erasoak eta abusuak ezberdinduta egoteak ez du batere laguntzen. Atera kontuak: Zigor Kodearen arabera, larderia eta bortxa erabiltzen badira, eraso bat dago; aldiz, bortxa psikologikoa badago, edo pertsona bat mozkortuta edo drogatuta badago, horri abusu esaten zaio... Eta horrek gauzak nahastu besterik ez du egiten. Izan ere, andre bat mozkortuta badago, zer esango diogu: «Hara, zuhurragoa izen behar zenuen»? Beraz, nik uste dut kasuan-kasuan larrigarritzat har daitezkeela delituaren hainbat ezaugarri —esaterako, penetrazioa egon den, edo beste gauza batzuk—, eta modulatu egin behar direla zigorrak horien arabera, baina uste dut eraso eta abusuen arteko ezberdintasunik ez litzatekeela egin behar. Sexu erasoa; hori esan beharko litzateke kasu guztietan; herrialde batzuetan, hain justu, horrelaxe da.

Zehazki, zein aldaketa egin beharko litzateke Zigor Kodean?

Izendapen bakar bat eman behar zaie. Zigor Kodean, sexu delituekin lotuta, zigorrak badira; gehiegizko zigorrak ere badirela esango nuke nik. Zigortuta dago, adibidez, 16 urteko mutil batek 15 urteko neska batekin harremanak izatea, azken horren onespenarekin badira ere... Beraz, zigor bilduma bat badago hor. Orain garrantzitsua da, ordea, ezberdintasun teknikorik gabeko leku bat egitea sexu erasoei; antigoaleko ikuskera batetik datoz, hain zuzen ere, ezberdintasun horiek. Ikuspegi antzinako batetik datoz, eta arinagotzat jotzen dituzte emakumezkoak objektu gisara erabiltzeko zenbait modu. Lehen, indarkeriari ematen zitzaion aparteko garrantzia, baina, egun, badakigu beste era asko ere badaudela emakumeen kalteberatasun egoeraz baliatzeko. Eta garrantzitsua da ikustea jendea nola heziko dugun sexualitatea berdintasunean eta askatasunean bizitzeko: inork inor umiliatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.