Luis Saenz de Viguera. Merrimack College Unibertsitateko irakaslea

«Ezinezkoa da gaztetxeetako kultura produkzio heterogeneoa beste leku batzuetan gertatzea»

Kultur adierazpide «erradikalak» Euskal Herrian izandako presentzia eta bilakaera aztertu zuen bere doktorego tesian. Kultur errealitate horren erdigunean jartzen ditu gaztetxeak, aniztasun eta burujabetza eredu.

gorka erostarbe leunda
2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Ingeles filologiako lizentzia lortuzuen Luis Saenz De Viguera Erkiagak (Bilbo, 1973), Deustuko Unibertsitatean, 1996an. AEBetara jo zuen, eta Dena ongi dabil! Todo va dabuten!: Tensión y heterogeneidad de la cultura radical vasca en el límite del estado democrático (1978-...) izenburuko tesi lana aurkeztu zuen,2007an. Egun, Kultur ikasketak eta Justizia Soziala irakasten ditu Merrimack College unibertsitatean, Massachusettsen (AEB).

Euskal Herrian egon al da gaztetxeak baino kultur faktoria handiagorik?

Herri kulturari dagokionez ez. Gaztetxeak asanblada eta ZZE filosofia (zuk zeuk egina) ditu antolaketa oinarri. Horrek gaztetxea faktoria biral bat bihurtzea ahalbidetu du. Gaztetxeak izan zuen hedapena kontuan izanda, herri zein hiri, gune euskaldun zein erdaldun, ezinezkoa da gaztetxeetako kultura produkzio heterogeneoa beste leku batzuetan gertatzea. Elkarteak, hezkuntza eta arte ikastaroak, musika taldeentzako entsegu lokalak, hitzaldiak, kontzertuak, aisialdi egitasmo alternatiboak... Horri menderaezina izateko ezaugarri bat gehitzen zaio: bat txiz gero, beste eraikin bat okupa daiteke. Halere, bere ahalmen kontrakulturala mantendu behar du, autogestioa eta asanblada abiapuntu izanda, bidezkoagoa, eskuzabalagoa eta parekideagoa den mundu bat sortzen jarraitzeko.

Zein balio transmititzen ditu gaztetxeak?

Hasteko, autogestioa, burujabetza, asanblearismoa eta autokritika transmititzen dituela esango nuke. Denborarekin feminismoa, ekologismoa, antimilitarismoa, eta arrazismoaren eta sexu jarrera desberdinen diskriminazioaren kontrako jarrerak transmititzeko leku erabakigarria izan da beste batzuen artean. Horrela, kolektiboarekiko eta berarekiko subjektu politiko arduratsua garatzen du gaztetxeak, nahiz eta «politiko» kontzeptua instituzioen «politiko»-arekin bat ez etorri.

1980etako boladaren ostean, azken hamarkadan aldatu egin dira autogestio paradigmak?

Autogestioaren paradigmak gure gizartean gertatu diren aldaketei moldatu behar izan zaizkie. Batetik, globalizazioaren eta teknologia berrien agerpenekin, bizitza sozialaren bitartekari moduan ulerturik, esparru kultural eta publikoa kontrolatzeko saialdiak egin dituzte instituzioek, eta espazio alternatiboetan itotze efektu bat sortu. Bestetik, teknologietan gertatutako aurrerapenek gune alternatiboen arteko komunikazioa garatzea ekarri du, baita herri gatazken oihartzunari dagokionez ere. Aldi berean, beharrezkoa da gaztetxeen eta udal instituzioen arteko erlazioei eta baimenei buruz pentsatzea.

Lehen leherketaren ostean, izan zen geldialdi moduko bat. Zenbait gaztetxe ghetto bihurtu zirela esatea asko esatea al da?

Ez, ez dut uste asko esatea denik. Instituzio nahiz komunikabide hegemonikoek gaztetxeen hedapenari erantzuten diotenean, «gizarte ordenarekiko» haustura moduan aurkezten dituzte. Gizarteari, zuzeneko esperientziarik izan ezean, gaztetxeen irudi bakarra heltzen zitzaien, jarrera antisozial eta lege gabeko lekuena alegia. Aldirik kritikoena 1992an Bilbo Zaharreko Gaztetxea hustu baino lehenago gertatutakoa izan zela uste dut: komunikabide hegemonikoek egindako kanpaina mediatikoan, gaztetxean aurkitutako eskeletoei eta fetuei buruzko istorio beldurgarriak zabaldu zituzten.

Aurrerantzean ere kontrakulturala izan behar du gaztetxeak? Badu beste aukerarik?

Ez, ez dauka beste aukerarik. Berez, alderantziz izan beharko du, hau da, kultura ofizial hegemonikoaren produzitzeko eta mugitzeko moduetatik at egon daitezkeen ereduak proposatzea da gaztetxeen indarra. Gaztetxea instituzioetatik eta ofizialtasunetik kanpo eratutako espazioa da. Horregatik dauka kultura instituzionalaren eskaerei eta mugei erantzungo ez dien erlazionatzeko modu autogestionarioekin esperimentatzeko gaitasuna. Kontrakulturarik gabe, kontra egiten duen baina beste aukera batzuei irekita dagoen mugimendurik gabe, ez da gaztetxerik egongo; erregulatuak eta kontrolatuak dauden diruz lagundutako Kultur Etxeak baizik, eta horiek beste gauza bat dira.

Kukutza eta Kortxoenea dira, akaso, azken bi adibide argienak. Zergatik du botereak edo kultura ofizialak autogestioan oinarrituriko kultur ereduak eraisteko joera?

Fenomeno kulturalen praktikak eta espazioak monopolizatzeko dagoen beharragatik dator joera hori. Kukutza eta Kortxoenea boterearen eta gaztetxearen arteko dinamiken bi adibide argi dira. Bilbon eta Donostian daude, udal instituzioek espazio publikoa kontrolpean edukitzeko behar gehien duten hirietan. Merkatu globalaren aurrean, turismoaren xede kultural moduan aurkezten dira. Horregatik ezin dute baimendu udal legeari eta merkatuari erantzungo ez dieten gune autogestionatuak agertzea. Hortik diziplinatze prozesua dator: Komunikabideetan marjinalizazioa, errepresioa, kriminalizazioa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.