Berlingo Harresia. Eraistearen 25. urtemuga

Alemaniako 200 enpresa handienetatik bat ere ez

Alemania Batuak lezio bat ikasi du azken 25 urteetan: herrialde guztiz orekatu bat ez da posible izango, ziur asko. Ez dago mendebaldekoek baino adierazle ekonomiko osasuntsuagoak dituen ekialdeko landerrik.

Brezhnev eta Honeckerren pasioa, Dmitri Vrubel errusiarraren East Side Galleryko mural ezagunean. BERND VON JUTRCZENKA.
Danel Agirre.
Berlin
2014ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Deutsche Post Alemaniako posta zerbitzuak urtero muturtzen ditu ekialdeko herritarrak bere Glückatlas-a (Zoriontasunaren Atlasa) argitara ematearekin. 1991z geroztik, emaitzak burugogorrak dira: zerrendari buelta eman behar zaio Errepublika Demokratikoko eremu ohi diren Brandenburgo, Saxonia, Turingia, Mecklenburg eta Berlin topatzeko. Bi hamarkada daramatzate Zoriontasunaren Atlasa itsusten, mendebaldeko bat bera ere azpitik utzi ezinik.

Neurtezina zenbatzen duten inkestez fidatzen hasiz gero, ordea, Alemania bateratu izanaz askoz kontentago daude, paradoxikoki, herritar goibelenak dituzten lurraldeetan. Ekialdeko biztanleen %75ek uste dute prozesua oro har onuragarria izan dela, MDR telebistak duela hilabete eskas zabaldutako datuen arabera. Teorian askoz zoriontsuago den mendebaldean, ordea, 25 urte hauen balantzea nabarmen ezkorragoa da: %48k ikusi dituzte onurak.

Errepublika Demokratikoan bizi izandakoek abantaila immaterialak balioesten dituzte gehien: askatasun pertsonala eta bidaiatzeko erraztasuna, batez ere. Atzean utzikotakoen artean beste bi sumatzen dituzte faltan. Bostetik laurentzat, hezkuntza sistema sozialista hobea zen, eta genero berdintasunean egindako aurrerabidea, gailena.

Asko hazi ondoren, izoztu

Kondairak dio 1989ko azaroaren 10eko goizean bertan —Berlingo Harresiko kontrolguneak ireki eta hamar ordu eskas pasatuta— hasi zirela Frankfurt eta Municheko banku eta korporazioetako bulegoetan ekialdean gauzatu beharreko estrategiak taxutzen. Oraindik hamar hilabetez indarrean egongo zen Errepublika Demokratikoa desagertu ahala bertan egon beharra zegoen.

1990ean, oraindik nabarmena zen bi herrialde zirenen buruko barne produktu gordinaren arteko aldea: 9.400 euro, 22.000ren parean. Joan zen urteko datu ofizialen arabera, txukuntze aldera egin dute zenbakiek: 24.300 eta 34.100. Per capita errentaren zifrak are hobeak dira: 17.700 eurokoa da ekialdean, mendebaldekoaren %84koa. Batez beste eskualde merkeagoa izatearen efektua deskontatuta, Errepublika Demokratiko izanikoan dauden landerretako biztanleen erosteko ahalmena Errepublika Federala zeneko landerren %89koa da. Bost urteotan, hango ekonomiak Espainia edo Italiaren antzeko adierazleak ditu.

Baina Frankfurteko edo Municheko sektore pribatua baino gehiago, gobernuaren itzala dago bilakaera baikor horren atzean. Ekialdean azken 25 urteetan pilatutako inbertsio publikoaren guztizkoa 1,3 bilioi eurokoa izan da. Hiriak zaharberritu dira, autobideak eraiki, tren sarea zabaldu. Baina 1991tik 1997ra %60 inguru hazi ondoren, ekonomia azkar mantsotu da. Azken urteetan, esaterako, mendebaldeak baino hazkunde zifra mengelagoak ditu ekialdeak. Beste eskualdeetan baino funtzionario gehiago dago; sektore pribatua, berriz, heren bat txikiagoa da. Alemaniako ehun lantegi handienetako bakar batek ere ez du egoitza ekialdean. Zerbitzuak eskaintzen dituzten ehun enpresa handienetako bat berak ere ez. Eta burtsako DAX indize nazionalean azaltzen den bat berak ere ez, zer esanik ez dago. Horien bulkada gabe, langabeziak tinko jarraitzen du batez besteko nazionala bikoizten: %10,3koa zen 2013an.

Errepublika Demokratiko izanikoa ere ez da inola ere homogeneoa. Leipzig, Dresden, Jena eta Erfurt hiriak Alemania batu izanaren arrakasta eredutzat erakutsi ohi dira. Beste hainbat eskualdek hamabost urte baino gehiago daramatzate motelduta.

Neonazien santutegia

Testuinguru zailagoa duten bazterretan aurkitu du, hain zuzen, bere haztegia Ekialdeko Alemania azken hamarkadan ezustean hartu duen fenomeno batek. Neonaziak indar erakustaldiak egiten hasi dira, Mecklenburg, Brandenburgon eta Saxonian batez ere. NPD ultraeskuineko alderdiak, esaterako, bost eserleku ditu egun Mecklenburgeko parlamentuan (iparraldea).

Azken hilabeteetan, neonazieketengabe eraso diete Siriatik eta beste herrialde batzuetatik iristen diren errefuxiatuen aterpetxeei. Azken burutazioa Alemania osoan «terrorismo salafistaren» aurkako manifestazioak antolatzea izan da. Joan zen igandean, dozenaka zauritu eta atxilotu izan ziren Koloniako martxa batean. Azaroaren 9an, Berlingo Harresia erori zela 25 urte igaro direla ospatuko den egunean, ekialdeko ultraeskuineko taldeek iragarri dute Reichstag-en pareko zelaigunean bilduko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.