Udal eta foru hauteskundeak. Araba

Galdutako eremua berreskuratzera

PPk, azken urteetako gainbehera eten, eta eskuin esparruko botoak bereganatu nahi ditu maiatzaren 28an

Ainhoa Domaika PPren Gasteizko alkategaia, Carlos Iturgaiz EAEko PPren presidentea eta Iñaki Oiartzabal Arabako ahaldungaia. DAVID AGUILAR/ EFE.
Edurne Begiristain.
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Urteetan galdutako eremu politikoa berreskuratzea. Horixe da Arabako PPren erronka nagusia igandeko bozetan. Bere garaian eskuineko alderdiaren gotorleku ziren Gasteizko Udala eta Arabako Batzar Nagusiak, eta PPren zerrendak aise gailentzen ziren hainbat udalerritan —besteak beste, Guardian, Bastidan eta Oionen—. Baina urteekin, PPk hegemoniko izateari utzi dio lurraldean, eta burua altxatu ezinik da. Bestalde, inkesta batzuk diotenez, igandean ,azken urteetako boto galera etengabeari amaiera eman, eta espazio politikoa berreskuratzen has daiteke.

Popularrak 2015eko udal eta foru hauteskundeetatik aurrera hasi ziren Araban botoak galtzen. EAJk irabazi zituen urte horretako foru hauteskundeak, 13 ordezkari eta ia 34.500 boto inguru erdietsita. Bigarren indarra izan zen PP: jeltzaleek baino boto gehiago lortu zituen —39.600 inguru— baina haiek baino eserleku bat gutxiago (12). Javier de Andres orduko ahaldun nagusiak aginte makila galduzuen, eta agintea Ramiro Gonzalez jeltzalearen esku geratu zen.

Gasteizko Udalean, ostera, erronkari eutsi zion Javier Maroto popularrak: lehen indarra izan zen, bederatzi zinegotzi erdietsita eta boto zenbatekoa handituta. Maroto efektuaz hitz egin zen orduan. Marotok hilabeteak eman zituen etorkin kolektibo batzuen aurkako kanpaina polemiko bat sustatzen —lan egin nahi ez izatea eta gizarte laguntzen kontura bizitzea egotzi zien— eta hirian tentsio handia sortu bazuen ere,Gasteizko PPri botoak eman zizkion. Zehazki, batzar nagusietarako baino 5.500 boto gehiago lortu zituen Gasteizko barrutian; %18 gehiago.

PP lehen indarra izan zen 2015eko bozetan, baina Maroto alkate izan ez zedin batu ziren EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Hemen Gaude eta Irabazi alderdiak, eta EAJko Gorka Urtaran izendatu zuten alkate. Hortik aurrera hasi zen Gasteizko PPren gainbehera.

2019ko bozek bestelako panorama politikoa islatu zuten. Batzar nagusietan laugarren indarra izan zen PP: 23.000 boto inguru eta 8 eserleku erdietsita. Aurreko bozekin alderatuta, kolpe latza jaso zuen: 2015etik 10.000 boto baino gehiago galdu zituen, eta 2011tik, zortzi ordezkari.

Gasteizko Udalean are gogorragoa izan zen. Inoizko emaitzarik kaskarrenak bildu zituen eskuineko alderdiak hiriburuan — 14.000 boto galdu zituen— eta lau urte lehenago Marotori botoa eman ziotenen %40k ez zuten babestu Leticia Comeron orduko alkategaia. Laugarren indarra bihurtu zen PP, bost zinegotzi eskuratuta, 2015ean baino lau gutxiago.

PP boto batzuk berreskuratzeko moduan egon daiteke igandean, nahiz eta oso nekeza —ia ezinezkoa— duen 1999. eta 2015. urteen artean lurraldean lortu zituen botoen %30 berreskuratzea. Besteak beste, Arabako Errioxan jarriak ditu esperantzak.Han ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen bi alkatetza bakarrak —Mañueta eta Navaridas udalerri txikiak—, eta han daude 2019an lehen indarra izan arren gobernatu ezin izan zituen beste bi herriak—Guardia eta Bastida—.

Segurtasuna

«Aldaketaren» lema hartuta ari dira kanpaina egiten Ainhoa Domaika PPren Gasteizko alkategaia eta Iñaki Oiartzabal Arabako ahaldungaia. Vox, EAJ eta, oro har, eskuineko esparruko botoak bereganatu nahian ari dira. Alberto Nuñez Feijooren eskutik goranzko bideari ekiteko aukera dutela sinetsita daude popularrak, eta igandean ezustekoa eman dezaketela uste dute.

Kale segurtasuna hartu dute kanpainako lelo nagusietakoa, eta, atzo, Domaikak neurri sorta aurkeztu zuen kaleetan poliziaren presentzia «bikoizteko». Haren esanetan, hirian «segurtasun falta handia» dago, eta «premiazkoak» dira konponbideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.