Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: B multzoa

Kroazia eta Espainiaren isilpeko tratua zaindu beharko du bihar Italiak

Prandelliren selekzioak irabazi beharra dauka Irlandaren aurka, baina kalean geratuko da beste lehia 2-2 amaituz gero

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Irlandak baino beldur handiagoa ematen dio Italiari Kroaziaren eta Espainiaren arteko partidak. Arrazoia? Irlanda, itxura batean, aise menderatu beharko lukeela bihar; baina gol zakua puztuta ere, Kroazia eta Espainiaren artekoa 2-2 amaituz gero, Eurokopatik kanpo geratuko litzateke. Bi partidak berdinduta, hutsik txikiena ere ezin du egin Italiak. Kroaziak eta Espainiak behin eta berriz esan dute inondik inora ere ez dutela traturik egingo, euren filosofiaren aurkakoa litzatekeela hori. Baina, egiari zor, Eurokopa irabazteko faboritoetako bat kalean uzteko aukera polita daukate beste bi selekzio horiek.

Kirol arloari soil-soilik helduta, multzoko lehen postua lortzeko helburu argia du Espainiak, final-laurdenetan, ustez, arerio samurxeagoa izateko —Frantzia saihestuta, Ingalaterra ezusterik ezean—. Horregatik, azken orduko aldaketarik ezean, bigarren jardunaldiko hamaikako bera zelairatuko du Vicente del Bosque Espainiako hautatzaileak, Fernando Torres aurrealdean dela. Kroaziari dagokionez, 3-1 irabazi zion lehen jardunaldian Irlandari, eta, merezita, 1-1 berdindu zuen ondoren Italiaren aurka. Modric buru dutela, kalitate handia dauka Kroaziak aurrean.

Kalkuluak errazak dira: Italiak irabazi ezean, Espainia eta Kroazia aurrera; eta Italiak irabazita, beste emaitzari begiratu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.