Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Navarra Sumak Sanchezi eta independentistei aurre egiteko nahi ditu botoak

Botoa eskatu diete independentismoak gobernua baldintzatzea nahi ez duten nafarrei. Maria Txibiteren «koherentzia falta» ere salatu dute

Navarra Sumako hautagaiak, atzo, Iruñeko ekitaldian. BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Apirilaren 28ko hauteskundeetan Navarra Sumak eskuratu zuen boto gehien Nafarroan. Oraingoan ere, helburu bera izango dute, eta, horretarako, kanpainan azken txanpan sartuta daude. Espainiako Senaturako hautagai Alberto Catalan eta Amelia Salanueva Iruñean izan dira. Catalanek «boto baliagarria» eskatu die beren ideologia edozein izanda ere Espainiako Konstituzioan eta Nafarroako Foru Hobekuntzan sinesten dutenei; Nafarroa erakunde propioak dituen erkidego banandua izaten jarraitzea baina Espainiaren barruan segitzea nahi dutenei; eta independentistek gobernuaren erabakietan ez dutela eragin behar pentsatzen dutenei.

Horri lotuta, Catalanek esan du «ezinbestekoak» direla «herritarren arteko errespetua eta erakundeekiko leialtasuna». Ziurtatu du Katalunian ez direla hori betetzen ari, eta «sezesionismoaren aurka daudenek indarkeria eta mehatxuak» jasaten dituztela. Horri aurre egiteko proposamenak ere egin ditu: «Konstituzio gehiago, legea betetzea eta herrialde honek aurrera egitea ahalbidetu duten elkarbizitza arauak berrezartzea». Aldi berean, kritikatu egin du Quim Torra Kataluniako presidentearen jarrera, Catalanen hitzetan ez duelako indarkeria gaitzesten.

Kataluniako egoerari ez ezik, Espainiakoari ere egin diote erreferentzia. Catalanek iragarri du «hodei beltzak» datozela ekonomian, eta esan du independentistek ez diotela mesederik egiten horri: «Argi dago independentismoak inoiz ez dituela konponduko espainiarrek dauzkaten benetako arazoak».

Pedro Sanchezi buruz ere mintzatu da, eta independentistekin duen jarrera salatu du: «Isildu egiten da, Moncloara iristeko berriro ere independentisten botoak onartuko al dituen galdetzen diotenean». Horrela, independentistekin itunak egiteko «ateak zabalik» uzten dituela ziurtatu du. Gainera, Salanuevak kritikatu egin du Espainiako jarduneko presidenteak fiskaltza gobernuaren esku dagoela esan izana.

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibite ere aipatu du Catalanek, «koherentzia falta» egozteko: «Gauza bat esaten zuen legegintzaldiaren aurretik, eta orain, beste bat». Horrez gain, Salanuevak aurpegiratu dio «nazionalistekin, populistekin eta Bilduren abstentzioarekin» gobernatzen ari dela.

Navarra Suma konponbidea

Navarra Sumarentzako botoa eskatzeko baliatu dute ekitaldia, «nafar gehienen sentimendua» ordezkatzen dutelakoan. «Arazoentzako konponbideak eta egonkortasuna nahi dituzte, eta ez dute gustuko Sanchezek populistekin edo independentistekin gobernatzea», esan du Salanuevak. Urte eta erdiren ondoren, Pedro Sanchezen gobernuarekin, «blokeo politikoa eta erakundeetako krisia» soilik lortu direla ere nabarmendu du. Adibidetzat hauek jarri ditu: langabezia datuak «azken zazpi urteetako okerrenak» izatea, eta Europak berriro esatea ez direla beteko hazkunde eta defizit aurreikuspenak.

Horri guztiari aurre egiteko eta Sanchezek ez gobernatzeko, Navarra Sumak «ahalik eta boto gehien» behar duela azpimarratu dute. «Senatuan konstituzioaren aldeko gehiengoa berreskuratu behar dugu; beharrezkoa izango balitz, 155. artikulua ezartzeko». Salanuevak nabarmendu du azaroaren 10a «egun garrantzitsua» izango dela, eta azaroaren 11 ezin dela izan «damututakoen eguna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.