Hiru album ilustratu aurkeztu ditu Pamielak

Harkaitz Cano eta Leire Bilbaoren testuak ilustratu dituzte Lorena Martinez Oronozek eta Maite Mutuberriak, hiru lanetan

Ander Perez Argote
2016ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Poesiarekin izan ohi dute umeek literaturarekin lehen kontaktua, izan txikitako kanta edo hitz asmaketen forman. Gerora, ordea, narrazioak eskaintzen zaizkie batik bat, eta albora uzten da poesia. Urteekin, hortaz, arrotza egiten zaie genero lirikoa, zaila, eta konplexua. Horregatik, «katebegia hautsi ez dadin», eta umeek «era natural batean poesia lantzen jarrai dezaten», elkarlanean aritu dira Leire Bilbao idazlea eta Maite Mutuberria ilustratzailea. Bi liburu sortu dira lankidetza horretatik, biak asmo beraren parte: Piztipoemak eta beste xomorro batzuk du izena batek, eta Xomorropoemak eta beste pizti batzuk besteak. Animalien aitzakian, erritmoa, errima eta irudimena lantzeko poemak eta ipuin poetiko laburrak bildu dituzte sortzaileek bi liburuetan. Atzo aurkeztu zituen Pamiela argitaletxeak, Donostian, autoreak bertan zirela.

Horiekin batera, Harkaitz Canok eta Lorena Martinez Oronozek batera ondutako Zer demontre dago aulkien azpian? lana ere aurkeztu zuen atzo Pamielak. Osotara, Canok idatzitako 23 testu poetiko, ipuin labur, aforismo eta jolas proposamen jaso dituzte albumean, Martinez Oronozen irudiek lagunduta. «Oihartzun bitxiak» sortzen dituzte testuek irudiekin bat egitean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.