Katalunia. Erreferendumaren ondorena

Jaurlaritzak dio Kataluniako aferak ez duela eragingo gobernu akordioan

EAJren eta PSEren iritzi askatasuna defendatu du Urkullu lehendakariak. Galdeketa hitzartu baten alde azaldu da legebiltzarrean

Iñaki Lasa Etura.
2017ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzan ez du arrakalarik eragin EAJk eta PSE-EEk iritzi kontrajarriak izateak Kataluniako egoeraren inguruan. Hala ziurtatu zuen, behinik behin, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Eusko Legebiltzarreko atzoko kontrol saioan. Espainiako Gobernuak konstituzioaren 155. artikulua aplikatzearen alde daude sozialistak, eta kontra azaldu da EAJ hasieratik. Azken hori da, hain zuzen, Jaurlaritzaren jarrera ofiziala.

Nolanahi ere, ikuspegi desberdinak izateak ez du eragin koalizioan, «gobernu programak» batzen baititu bi alderdiak. Autogobernu lantaldean, esaterako, proposamenak «askatasunez» egitea hitzartu zuten, akordioa baldintzatu gabe. Badirudi erabaki berari eutsiko diotela Kataluniako kasuan ere.

EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen galderei erantzun zien Urkulluk. «Sinesgarritasun falta» egotzi zion Jaurlaritzaren jarrerari Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, sozialistak gobernukide izateagatik. «Nola da posible 155. artikulua defendatzen duen alderdi batekin gobernua osatzea?». Urkulluk gogoratu dio Podemosek akordioak dituela sozialistekin Espainiako hainbat lekutan.

Urkulluk ez ezik, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere hartu zuen hitza kontrol saioan, Andoni Unzalu Turismo saileko Kabinete eta Komunikazioko zuzendariadefendatzeko. 155. artikulua aplikatzearen alde hitz egin zuen PSE-EEko kideak Euskadi Irratiko tertulia batean. EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarronaren iritziz, ez da bateragarria karguduna izatea eta Espainiaren esku hartzearen alde egotea, Jaurlaritzaren jarrera ofizialaren aurka.

Unzalu «berehala kargugabetzea» eskatu zuen EH Bilduk, horregatik. Erkorekaren aburuz, baina, norbere iritzia izateko askatasuna dute kargudunek. Unzaluren adierazpenak «pertsonalak» direla zehaztu zuen, inondik ere «Eusko Jaurlaritzaren izenean» esandakoak. «Zentzu askotan iritzi desberdinak dituzten bi alderdien arteko koalizioa da, eta bakoitzak bere iritziak defendatzeko eskubidea duela jasotzen duen programak batzen ditu».

Aldebikotasunaren alde

Gobernukideekin duten harremana alde batera utzita, berritasun gutxi izan zituen Urkulluren jarrerak. Aldebikotasunaren eta elkarrizketaren alde hitz egin zuen berriro. Lehendakariaren aburuz, «ez da beste biderik» Kataluniaren independentziaren afera konpontzeko; galdeketa hitzartua soilik. Horregatik, atzerabiderik ez duten erabakiak hartu aurretik «ondorioak aztertzeko» galdegin zien Espainiako eta Kataluniako gobernuei. Adierazi zuen 155. artikulua onartzeak gizartearen eta erakundeen arteko «haustura» areagotuko lukeela, eta onartu zuen gaur egun ez dagoela gertu erreferendum hitzartu bat egiteko aukerarik, baina hura dela epe luzera begirako «proposamen eraginkorrena».

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, baina, Espainiako Gobernuaren jarrera ikusita, «ameskeria» da irtenbide adostua. «Agertoki desiragarria» litzatekeen arren, ezinezkoa dela azaldu zion lehendakariari. «Urkullu akordio ezinezkoen bidearekin tematzea benetan kezkagarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.