Deszentralizazioak iratzartzeke

Tunisian udal hauteskundeak dituzte bihar, Ben Ali erori zenetik lehenak. Konstituzio berriak ezarri zuen tokiko erakundeei eskumen gehiago ematea, baina apatia da nagusi periferian.

Redeyef hiriko Martirien Plaza, Tunisiaren mendebaldean. 2008ko eta 2011ko matxinadetan hildakoen argazkiak daude plazan. RICARD GONZALEZ.
Ricard Gonzalez.
Gafsa
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpaina da Gafsan, Tunisiako meatze arroa borrokalariko hiriburuan, baina ezerk ez du adierazten maiatzaren 6an udal hauteskundeak egingo dituztenik: ez mitinik, ez militanterik eskuorriak banatzen, ez eta kartelik edo pankartarik ere faroletatik zintzilik. «Orain arte, boto emaileak hotzepel agertu dira, baina pentsatzen dut hauteskunde eguna gerturatu ahala areagotu egin zaiela interesa», iragarri du Rida el-Khanaxik, Nida Tunisen eskualdeko kanpainaren arduradunak; huraxe da gobernuan dagoen alderdia, joera kontserbadorekoa.

Gafsa da estatuak baztertu izan dituen erdialdeko eta hegoaldeko eskualdeetako bat. Ez da kasualitatea hortxe piztu izana 2011ko iraultzaren lehen txinpartak. Garapen adierazle guztiak nabarmen okerragoak ditu nazioko batezbestekoaren aldean: %28 da langabezia tasa —Tunisia osokoa, %13—; eta %27 analfabetismoa—Tunisia osokoa, %18—. Independentziaren ostean, botere politikoa hiriburuan eta kostaldeko Sahel eskualdean kontzentraturik egon da, bai Burgibaren aldian, bai Ben Alirenean. Periferian, inbertsio publikoaren %20 bakarrik jasotzen zuten, nahiz eta han bizi herritar gehienak.

«Deszentralizazioa, 2014ko Konstituzioan jasoa, garrantzitsua da, eskualdeen arteko aldeak gainditzen lagundu behar baitu»; hala baieztatu du Bassem Mattar-ek, Atide GKEaren arduradunak. Hala ere, ez dirudi Gafsako biztanleak oso pozik daudenik. «Ez dut bozkatzeko asmorik. Herritar xumeok, batez ere gazteok, ez dugu konfiantzarik politikariekin, ez hemengoekin, ez hangoekin», bota du Turismoko gradua duen langabe 29 urteko batek, Hatim Kirifik.

Tokiko politikariek, ordea, itxaropentsu dirudite. «Beti babestu izan dugu deszentralizazioa. Botere politikoak herritarrengandik ahalik eta hurbilena egon behar du; hartara, erabaki egokiagoak hartuko ditu, eta hobea izango da zerbitzu publikoen kalitatea ere». Hala iritzi dio Moncef Adibik, Ennahda alderdi islamistaren kanpainako zuzendariak —alderdi horrek irabazi zituen 2014an legebiltzarreko hauteskundeak eskualde horretan—. Alderdi politiko guztiak ez datoz bat ikuspegi horrekin. Ez alferrik daramatza hilabeteak parlamentuan, ez aurrera ez atzera, udalerrien eskumenak handitu beharko dituen legeak; hortaz, administrazioen artean boterea zehazki nola banatuko den jakin gabe landu behar izan dituzte alderdiek beren programak.

Fosfatoen meatze arroa da sindikalismoaren eta ezkerraren gotorlekua. 2008an, Gafsako intifadak airean eduki zuen estatua sei hilabetean, eta, zenbait historialarik matxinada huraxe dute Ben Aliren amaieraren hasieratzat. Hala eta guztiz ere, ezkerreko ordezkariek berek ere ez dute espero irabaziko dutenik. «Uste dut botoen %8-10 bitarte lortuko ditugula hemen», onartu du, etsita, Fronte Popularreko buruzagi batek, Samir Amrusiak; ezkerreko indar nagusia da alderdi hori. «Eskualde honetan, tribuen elkartasuna dute oraindik ere, eta horrekin jokatzen dute bai Ennahdak eta Nidak».

Bi alderdi horiek bakarrik aurkeztu dituzte zerrendak herrialdeko 350 udalerritan; Fronte Popularrak 120tan aurkeztu ditu. Horrez gainera, zurrumurru batzuen arabera, zenbait hautagaitza independente Nidaren edo Ennahdaren zerrenda ezkutuakdira; islamistak eta aurreko erregimeneko kide birziklatuak. Horiek ematen diete modua jokaleku politikoa menderatzeko.

Redeyefen ere, probintziako hiriburutik 70 kilometrora, ez da hauteskunde girorik sumatzen. Meategiz eta fabrikaz inguraturiko hiri txiki horretan, gobernuari lan eske ari zitzaizkion gazte batzuek fosfatoen garraioa blokeatu zuten urte erdian. Poliziak ere ezin izan zituen aterarazi, eta ihesean ospa egin behar izan zuen. Urtarrilean komisaria hartu zuten, eta, orain, kalean traste saltzaile dabilen batek hartua du hango sarrera.

Fosfatoen aurka borrokan

«Hau konpondu nahi bada, benetako garapen bat behar da, hemen inbertitu. Baina gobernuak gezurrezko enpleguak eskaintzen ditu fosfatoen konpainian... Ezer ez baino hobeak dira», dio, sorbaldak uzkurtuz, protesten buruetako batek, Yusef Tabbabik; 32 urte ditu, eta tumore onbera bat garatu zaio buruan; Gafsatik 500 kilometrora tratatzen diote, ez baitago ospitale handi bat bera ere. Minbizia ugaritzen ari da gazteen artean, baita haurretan ere, fosfatoen ezpurutasunak kentzeaz arduratzen diren fabrikek eragindako kutsadurarengatik. Gaitz horren kontrako borroka izango du erronka nagusietako bat hurrengo alkateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.