KRITIKA. Antzerkia

Pilulak airean

2Theatre konpainiaren Boris & Ingrid antzezlaneko irudi bat. 'WWW.2THEATRE.COM'.
Agus Perez.
2017ko martxoaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Boris & Ingrid'

Konpainia: 2Theatre. Antzezleak: Txema Perez, Svetlana Biba. Musika: Mikey Kirkpatrick (Bird Radio). Lekua: Azkoitiko Matadeixegune autogestionatua.Eguna: Martxoak 26.

Joan den igandean Azkoitiko Matadeixe ezagutzeko parada eduki dugu. Hango gazte jendeak, lokal berezi, hurbil eta txukunaz arduratzeaz gain, zortzi urte daramate antzerki jardunaldiak egiten, eta aurtengoetan Londrestik gurera salto egin nahi duen 2Theatre konpainiaren Boris & Ingrid lana ikusi dugu. Bertan egon aurretik Bilbotik ere ibili dira, eta, bitxia bada ere, aretoa betetzen zuten ikusleen artean sei bilbotar zenbatu dut, ni neu barne, dena esan behar bada.

Konpainiaren jatorriak azalpen txiki bat merezi du, bi antzezle sortzaileak oso leku diferentetatik datozelako: Txema Perez euskalduna Bilbon jaio zen, eta Svetlana Bibak ukrainar-suediartzat jotzen du bere burua. Biak ala biak hezi dira nazioarteko prestigio gorena daukan London International School of Performing Artsen, eta bistan da haiekin batera datorren musikariak kategoria bereko iturrietatik edan duela, haren maila bikaina eta jokatu duen rol eszenikoa ikusita.

Zahartzaro betean sartuta daude Boris eta Ingrid. Itsusiak dira orain, tripaundia da gizona, hanka okerrak ditu emazteak, betaurreko panoramikoak darabiltzate biek, eta haginak... hobe haginei gehiegi ez erreparatzea. Adinaren errutinetan murgilduta dabiltza, egunero hartzen dituzte pilulak, haietariko gehienak airean galdu arren, beti uste dute seme-alabak —umeak deitzen diete oraindik— bisitan etorriko zaizkiela. Baina egunero datorrena gizarte-zerbitzuetako gaztea baino ez da —Mikey Kirkpatrick musikaria— eta gure protagonistek beti galdetzen diote beren buruari ea nor ote den erizain jantzita agertzen den hori.

Ikusle sakrifikatu baten laguntzaz igo dira aitaita-amonak eszenatokira, eta enegarren eskuko alfonbra eta altzari zatarren artean praktikatu dituzte bi antzezle zailduek antzerkiaren arteak eman ditzakeen fruiturik onenak, inspirazio eta ganora handiz praktikatu ere. Pailazo-teknikak egon dira horren guztiaren azpian, baina ez dugu pailazokeriarik ikusi; gauza asko esan digute, baina oso hitz gutxi entzun dugu —batzuk ingelesez baina gehienak euskaraz—; barrez lehertzeko zorian egon gara, eta bitartean, bakardadeaz, gorputzen endekatzeaz eta heriotzaren osteko misterioaz hausnartu dugu.

Eta horren guztiaren gainean, teknika erakustaldi ederra eman digute interpretazioan, itzal-antzerkian, txotxongiloen kontzeptuan, objektuen maneiuan eta musikari emandako esanguran. Dena pertinente, dena neurrian, dena metaforiko, dena kargaz betea, bihotzez betea, samurra, inteligentea, ezin hobeto kuzinatua. Bost izarretakoa. Gure errai tristatuek bereziki behar zutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.