arantxa elizegi egilegor
AEBetako hauteskundeak. ANALISIA

Trumpistak eta demokratak

2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
«Alderdi Errepublikanoa desagertu egin da», hala esan zion BERRIAri Eduardo Gamarra politologoak joan zen astean. Eta ez zaio arrazoirik falta. Gaurko bozetan Joe Biden hautagaiaren alde bozkatuko dutenetako askok gertuagoko sentitzen dute Alderdi Errepublikanoa, baina ez dute Donald Trumpen beste agintaldi bat nahi. Izan ere, Trump ez da errepublikanoa, ez da sekula izan. 2016an bertan, GOP Grand Old Partyren (Alderdi Zahar Handia) izendapena lortzeko borrokan sartu zenean, argi utzi zuen bera ez zela elite politikoko kide, orduan lehiakide izan zituen Marco Rubio senataria edo Jeb Bush gobernadore ohia bezala, outsider edo kanpotarra baizik. Eta, hala ere, edo agian horregatik, Bush eta Rubio garaitzeko gai izan zen.

Lau urteotan, Trump errepublikanoen ahotsa izatetik haien ahotsa isiltzera igaro da, bere burua jainkoen pare jarriz. Hemen Miamin ez dute galdetzen errepublikanoa ote zaren, trumpista edo demokrata ote zaren baizik. Inkestek argi azaltzen dute egoera. CNN katearentzat egindako azken galdeketetako baten arabera, Trumpen hautagaitzaren alde bozkatuko duten hamar hautesletik zortzik Trump babesten dute. Beste biek, aldiz, Biden nahi ez dutelako bozkatuko dute haren alde.

Beste aldean oso bestelakoak dira irizpideak. Bidenen hautagaitza babestea erabaki dutenen artean, soilik erdiek (%48k) erabaki dute hori hautagai demokrata gertuko sentitzen dutelako; beste ia erdiek, %48k, Trump nahi ez dutelako bozkatuko dute demokraten alde. Beste era batera esanda, galdekatutakoen artean soilik %48ren babesa luke hautagai demokratak. Egia da, hala ere, portzentaje horretan biltzen diren hautesleak askotarikoagoak direla Trump babesten duen %79 horrek biltzen dituenak baino. Izan ere, inkesten arabera, afro-amerikarren babesa luke hautagai demokratak, baita ikasketa maila altuko herritarrena ere. Beste kontu bat da ikasketa maila baxuko zuriena, eta batez ere gizonezkoena, horiek nabarmen egiten baitute Trumpen alde.

Bestetik, Biden ez da Barack Obama. Ez da Donald Trump. Bidenen hitzaldiek ez dute jendea asaldatzen, ez dute hautesleen grina pizten. Zentzu guztietan da moderatua presidentegai demokrata, lau urte Trumpen menpe egin ostean jendea nekatuta dagoelako handinahikeriez. Baina horrek bi ondorio nagusi izango ditu datozen urteotan. Batetik, Bidenek irabaziz gero, osasun krisiak eta krisi ekonomikoak jotako herrialde bat kudeatu beharko du, eta horrek neurri zorrotzak hartzea esan nahiko du, ziurrenik herritar askoren haserrea eragingo dutenak; ondorioz,lau urte barru zailago izango luke beste agintaldi batera aurkeztea.

Bestetik, Trumpek bigarren legealdia eskuratzeko adina botorik lortu ezean, Alderdi Errepublikanoak bere burua birdefinitu beharko du, eta horren muturrekoa ez den lidergo bat bilatu, baina aldi berean lau urteotan Trumpen babesle sutsu izan den herritarraren sostengua galdu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.