Begirada berri bat kartzelari

Sanchezek «bestelako espetxe politika bat» iragarri eta gero, Grande-Marlaskak esan du «legezkotasun printzipioa» beteko dela euskal presoen kasuan. Madrilen asmoak txalotu dituzte eragile gehienek

Pedro Sanchez Espainako Gobernukopresidentea, atzo, Senatuko osoko bilkuran. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
jon olano
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Presoak sorterrira gerturatzearen aldeko adierazpenetan jauzi bat egin dute Espainiako Gobernuak eta PSOEk azken orduetan. Azken egunetan Ramon Jauregi PSOEko eurodiputatua, Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramailea eta Margarita Robles Defentsa ministroa ildo horretan mintzatu ostean, espetxe politikan beste aro bat zabaltzeko aukera hauspotu zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak herenegun, Espainiako telebista publikoan egindako elkarrizketan: «ETAk bere desegitea iragarri ondoren, agerikoa da fenomeno hau beste modu batera landu behar dugula, bestelako espetxe politika batekin». Gainera, oharra egin zion gizarteari: «Ez dadila eztabaidarako gaia izan; demokraziak ETA garaitu zuen, eta adostasun horri eutsi beharko genioke espetxe politikaz hitz egitean».

Beraz, Sanchezek espero zuen PPren erreakzioa, eta baita erreakzionatu ere hark. Atzo arratsaldean, Senatuan galdetu zioten Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari euskal presoak gerturatzeko aukeraz. Esan zuen erantzuna «erraza» dela: «Legezkotasun printzipioaren eta espetxe legeria orokorraren aplikazioa». Gogorarazi zuen zigorren helburua presoak «gizarteratzea» dela eta horiei «bakarkako trataera» emango dietela, euskal presoen kasuak «beste edozein bezala» aztertuta. PPri dei egin zion: «Ez dezagun alarmarik sortu; hau zuzenbide estatu bat da».

Eragile ugarik jo dituzte ontzat Sanchezen asmoak. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak «egokitzat» jo zituen, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak atzo azaldu zuenez: «Garaia heldu da salbuespenezko egoera bukatzeko eta espetxe politikan beste planteamendu batzuk egiteko; legeak eta humanismoak eskatzen dutelako, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bide horretatik egiten duelako». Erkorekaren hitzetan, «legea aldatu gabe ere» posible da espetxe politika «beste era batera bideratzea», eta «prest» agertu zen Jaurlaritzak bere «ekarpena» egiteko bestelako espetxe politika bat «ahalik eta lasterren egia bihurtu dadin».

Baikor azaldu da Andoni Ortuzar EAJko presidentea ere. Ortuzar Sanchezekin batzartu zen gaur zortzi, eta atzo azaldu zuen«bilera positiboa» izan zela: «Espetxe politikan aldaketa sakonak egingo dituela uste dut».

Presoen sakabanaketa politika amaitzea «oso pauso garrantzitsua» izango litzatekeela aitortu du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ere. Radio Euskadin, «zuhurtziaz» mintzatu zen atzo, azalduta «hitzak baino gehiago, ekintzak» aztertuko dituela Sanchezen gobernuaren lana baloratzeko. Kontrara, azpimarratu zuen Sanchezen hitzak «eraikitzaileak» izan zirela, nahiz eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministro izendatu izanak EH Bilduren itxaropenak «hoztu» zituen. Otegiren iritziz, Sanchezek «euskal gizartearen gehiengoaren borondatea» aintzat izan beharko luke.

Albiste ona litzateke Ahal Dugu-rentzat ere. Sergio Campo Araba, Bizkai eta GipuzkoakoAnalisi Politikoko idazkariaren hitzetan, «aspaldiko» eskakizuna da presoak hurbiltzea, eta «eragin positiboa» edukiko luke «bakea eraikitzeko prozesuan». Gogorarazi du 1994an Bakearen Aldeko Koordinakundeak eskatzen zuela presoak gerturatzeko: «Ez zuen inoiz gertatu behar, ezta ETAk hiltzen zuenean ere, eta, noski, orain ez du zentzurik, ETA ez baita existitzen, ez baitago armatua eta ez baitu hiltzen».

Kritiko azaldu da, ordea, Amaia Fernandez PPko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako idazkari nagusia. Azpimarratu du sakabanaketa politika amaitzea «beti» egon dela presoen esku, «beren iragan kriminalari uko egitea baino» ez dutelako egin behar. Oharra egin dio Sanchezi: espetxe politika aldatu, eta horrek ez baditu presoak behartzen iraganaz uko egitera, PPk «kontzesiotzat» joko du: «PSOEk mesedeak ordainduko dizkio nazionalismoari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.