«Bakartzea bikoitza da migratzaileon kasuan»

2001ean atxilotu zuten Jose, Kolonbiatik heldu berritan. Hainbat zigor batuta, hamabost urteko espetxealdia ezarri zioten, eta osorik bete du. Migratzailea izanda, ukatu egin dizkiote baimen eta murrizketa guztiak.

Migratzaile askok kartzelan bizi duten amesgaiztoa kontatu du Jose preso ohiak. RAUL BOGAJO / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Kartzela beti da kartzela. Oso latza da edonorentzat; bertokoentzat eta kanpokoentzat. Migratzaileon kasuan, ordea, bakartzea bikoitza da, ez baitugu sostengua emanen digun inor». Ahots hari fin batez mintzo da Jose [ez du hori benetako izena], boza goratu eta inoren arreta erakartzeaz beldur balitz bezala. «Nekatuta nago izen faltsuak erabiltzeaz eta ezkutatzeaz, baina, oraingoz, ez zait beste aukerarik gelditzen». Kartzelan egon zenetik, pasaportea erretiratu zion Espainiako Justiziak, eta paperik gabe bizi da, Polizia ate joka azaldu eta kanporatze agindua helaraziko dion egunaren zain.

2001eko azaroaren 18an egin zuen estreinakoz Bogotatik Madrilerako bidea, artean 24 urte zituela. Hilabete iraun zuen aske: urte hartako Gabon gauean atxilotu zuten, lapurreta egotzita. Josek ez dio bere erantzukizunari izkin egiten: «Pobrezia eta delinkuentzia giro horretan hazi nintzen, eta, garai hartan, ez zitzaidan iruditzen gaizki jokatzen ari nintzenik. Niretzat, hori zen normalena. Badakit hanka sartu nuela, barruraino sartu ere. Damu naiz, baina gaizki eginikoa ordaindu dut».

Migratzailea izanda, epaileak automatikoki ukatu zion behin-behineko askatasuna, «gizartean errotu gabe» zegoela argudiotzat hartuta. Espetxetik espetxera ibili zuten epaiketaren zain egon zen denbora guztian. Lehen aste horietan, telefono dei bakarra egiteko baimena eman zioten. Etxera deitu zuen. «Beldurra eman zidan amari egia kontatzea, eta esan nion ongi nengoela».

Epaitua eta kondenatua izan ostean, FIES zaintza bereziko erregimena aplikatu zioten, eta, horren ondorioz, Espainiako kartzela ugari ezagutu zituen: Carabanchel, Malaga, Burgos, Zaragoza... Euskal Herrira ere mugitu zuten, Zaballako espetxera, hain zuzen. Ez du hango oroitzapen onik: «Oso gogorra izan zen. Ez nuen inor ezagutzen, ez nuen lagunik, eta familia oso urrun zegoen. Bizirik irautea zen nire eguneroko helburu nagusia. Istiluetan ez nahastea. Saiatzen nintzen burua lanpetuta mantentzen; kartzela barruan garbitzaile lanak egiten, adibidez».

Joseri ez zioten odol deliturik egotzi, baina hainbat kondena batuta, hamabost urteko espetxealdia ezarri zioten. Osorik bete zuen zigorra, gainera; paperik gabekoei ez baitiete murrizketarik edo hirugarren gradurik aplikatzen. Baimenik ere ez diote inoiz eman: «Behin-behinekotasun egoera erabatekoan mantentzen zaituzte. Ez dakizu zenbat denbora gelditzen zaizun hor barruan: bi urte? Bost? Zazpi? Epailearen borondatearen menpe zaude erabat». Duela bi urte utzi zuten aske. 24 urterekin sartu zen kartzelan, eta 40rekin atera. Zigorra, baina, ez da bukatu Joserentzat: paperik gabe, zailtasun handiak ditu lana aurkitzeko edota bere bikotekidearekin ezkontzeko: «Damoklesen ezpata daukat buru gainean, edozein unetan kanporatzen ahal nautelako. Eginikoa larrutik ordainarazi didate, baina, hala ere, badirudi justizia sistemarentzat ez dela nahikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.