Arkitektura berri bat diseinatzeko tenorean

Europako Parlamentuak 751 eurodiputatu ditu, baina 705 izango ditu 'brexit'-aren ondoren. Estatu kideek 73 ordezkari nola banatu adostu behar dute; Espainiak eta Frantziak bost eserleku gehiago aurreikusi dituzte.

Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Europako Batasuna brexit-era egokitzeko trazak marrazten ari da, zeren, pieza baten mugimenduak besteei eragiten dien moduan, hutsunera ere moldatu beharko baitute ondoko piezek. Estatu kideek, bada, arkitektura berri bat diseinatzeari ekin diote. Europako Parlamentuak 751 eserleku ditu, baina 705 izango ditu brexit-a gauzatzen denean, 46 ordezkari gutxiago; hala ere,27 aulki geratuko dira libre: Erresuma Batuak 73 eurodiputatu ditu gaur egun.

Estatu eta gobernu buruek eraketa berri horretan banaketa nola egin aztertzeari ekin zioten atzo, modu informal batean, eta badirudi nahikoa adostasuna lortu dutela; 46 eserleku estatu kide berrientzat utziko lirateke, hedapenen bat datorrenerako, eta beste 27ak hamalau herrialderen artean partituko lirateke, orain arte aski ordezkari ez zituztela aldarrikatzen zuten estatu kideen artean, hain zuzen ere. Frantziari eta Espainiari egingo lioke bereziki mesede banaketa berri horrek: biek bost ordezkari gehiago izango bailituzkete —Parisek 74 eserleku ditu, eta Madrilek, 54—.

Legebiltzarrak berak iragan otsailaren 7an babestu zuen proposamen hori, eta, aurrera egiten badu, heldu den urteko hauteskundeetan jarriko litzateke indarrean; 2019ko maiatzean dira parlamenturako bozak, brexit-a baino bi hilabete geroago.

Adostasuna, baina, ez da eremu guztietan islatzen. Europako Batzordeko presidentea aukeratzeko sistema da zeresana ematen ari dena. Agintariek, antza, atzo aho batez eta irmotasunez baztertu zuten bozetan irabazten duen alderdiaren zerrendaburua automatikoki presidente izendatzeko proposamena. Spitzenkandidat da formula horri ezarri zaion izena —alemanez zerrendako lehenengoa esanahi du—, eta, eurodiputatu batzuek begi onez ikusten badute ere, estatu eta gobernu buruen artean errezeloak sortu ditu. Emmanuel Macron Frantziako presidentea da orain arte eszeptikoena sistema horrekin.

Jean-Claude Junckerren lekukoa hartuko duen ordezkaria modu horretan aukeratzea itunen kontra doala uste dute hainbat agintarik, besteak beste, formula horrek ez dituelako aintzat hartzen demografia, geografia eta genero irizpideak, eta, hortaz, ez duelako oreka bermatzen.

Juncker bera da sistema horren bidez aukeratutako presidente bakarra, 2014an, eta, berak formula arrakastatsua dela esan izan du. Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentea, berriz, kontra dago: «Spitzenkandidat prozesu demokratikoagoa dela zabaldu den ideia hori okerra da». Salbuespena izan zen aukeraketa instituzionalizatzea da beldurra. Juncker arte, estatu kideek izendatzen zuten presidentetzarako hautagaia, bozen emaitzak jakin ostean eta behin eurodiputatuen babesa izan ostean.

Juncker, hala ere, ez da soilik proposamen horretan bakarrik geratu. Europako Batzordeko eta Kontseiluko presidentetzak bateratzearen alde agertu da, eta, ideia horretaz aritu badira ere, Tuskek jakinarazi du estatu kideek ez dutela «suhartasunez» hartu.

Zerrenda transnazionalak

Garai berri baten atarian, epe laburrean egin beharreko moldaketak dira horiek, baina epe luzeragora begira ere ari dira estatu eta gobernu buruak, eta ostertz horretan zerrenda transnazionalen ideia azaleratu da. Macronek defendatzen du herritarrek beste estatuetako zerrendak bozkatu ahal izatea, baina badirudi oraingoz sostengu txikia duela errezeta horrek.

Brexit-erako urtebete falta dela, baina, oraindik zalantza asko daude: tartean, gauzatuko ote den ere. Theressa May Erresuma Batuko lehen ministroa martxoaren 1ean elkartuko da Tuskekin, eta, antza, biharamunean zehaztuko du gobernuaren jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.