Albistea entzun

Ekialde Hurbileko gatazka. Saeb Erekat. PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusia

«Kolonizazioa eta gerra krimenak zuritu nahi ditu Trumpen planak»

Erekatek salatu du AEBetako Gobernuaren Ekialde Hurbilerako egitasmoa Israelen nahien aitortza dela, eta ohartarazi proposamena ezin dela izan bake elkarrizketetarako oinarri.
ATEF SAFADI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2020ko martxoak 1

AEBetako Gobernuak Ekialde Hurbilerako aurkeztutakoari bake plana deitzea ere ez du onargarri jotzen Saeb Erekatek (1955, Abu Dis, Zisjordania). Plana Israelgo hauteskundeetarako kanpaina betean aurkeztu izana ere ez du kasualitatetzat jotzen.

Erekatek ondo ezagutzen ditu negoziazio prozesuak. Urte luzez Palestinako Aginte Nazionalaren negoziazio taldeko buru izandakoa da, eta Osloko bake elkarrizketetan ere parte hartu zuen, eta baita lortu ere Palestina NBEko estatu ikuskatzaile eta Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide izendatzea.

Zer iritzi duzu AEBetako Gobernuak Ekialde Hurbilerako aurkeztutako proposamenaz?

Hau ez da, berez, bake plan bat. Eremuak bereganatzeko plan bat da, zeina Israelen eskaeretan soilik oinarritzen den, eta historian zehar gure eskubideak urratzea helburu izan duten agintarien gertukoek prestatu dutena. Hau ez da bakarrik gure herriaren aurkako erasoa. Eraso hau nazioarteko komunitate guztiaren aurkakoa da; nazioarteko legearen oinarrizko arauen kontrakoa. Zuritu egin nahi dituzte kolonizazioa, Israelek lurralde okupatuak bere egitea, gerra krimenak eta Erromako Estatutuaren kontrako erasoak.

Proposamenak argi dio hau dela Palestinaren «azken aukera» Israeli kokagune gehiago eraikitzea galarazteko. Baina, era berean, zehazten du eraikuntza lanak lau urtez soilik geldituko dituztela.

Proposamenak ez du zehazten kokaguneak eraikitzeari utziko diotela. Proposamenak dioena hauxe da: Palestinak onartu egin behar ditu Israelek haren lurretan eta haren natur baliabideak baliatuz legez kanpo eraikitako kokagune guztiak, haren herritarren autodeterminazio eskubideari uko eginez; eta, ondoren, nirekin hitz egitera etor daitezke. Baina lerro horien atzean dagoen egia hauxe da: gu mehatxatzen ari direla. Baina zer gehiago egin dezakete? Gu belaunikatzeko euren esku dagoen guztia egin dute, baina jende harroa gara; harro gaude gure eskubideak defendatzen ditugulako, eta, azkenean, euren gainetik geratuko gara.

Planak Palestinako lurrak izango liratekeenak ere aipatzen ditu, baina ez bi estaturen konponbiderik, eta, maparen arabera, Israelgo kokaguneak dauden Zisjordaniaren zati handi bat Israelen menpe geratuko litzateke. Palestinako Aginte Nazionaleko buru Mahmud Abbasek iragarri du ez duela halakorik onartuko. Baina planaz hitz egiteko prest egongo litzateke?

Hau ez da bake plan bat mahai baten inguruan eseri eta hitz egiteko modua ematen duena. Israelek lurrak bereganatzeko idatzitako plan bat da; lotsagarria da. Benetan ezin dut ulertu nola egon daitekeen proposamena aztertzeko prest dagoen gobernurik, edo are ongietorria emateko gertu dagoenik. Ez dago egitasmoa irakurri beharrik ere. Nahikoa da mapari begiratu eta zertaz hitz egiten ari garen ikustea. Hau ezin da izan elkarrizketak hasteko puntua. Are gehiago, Israelek lurraren eta Palestinako herriaren gainean duen kontrola betikotzeko asmoz egindako eraso bat da.

Zeintzuk behar lukete negoziazioak hasteko baldintzak? Izan liteke Trump bitartekari prozesu horretan?

Elkarrizketetarako oinarrizko baldintzak lehendik ere ezagunak eta argiak dira: besteak beste, nazioarteko legedia eta NBE Nazio Batuen Erakundearen pisuzko ebazpenak, eta baita egutegi itxi bat ere, eta aldeek akordioa betetzen dutela bermatzeko nazioartearen babesa. Trump presidentea ezin da izan bitartekarietako bat, arrazoi oso sinple batengatik: arazoaren zati da bera. Haren ordezkaritza Israelekin bil daiteke nahi duen guztietan, baina ezinezkoa da haiek inongo bake plan eraginkorrik aurkeztea.

Egitasmoa Israelgo Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina betean aurkeztu izana ere kritikatu duzue.

Ziur esan dezaket egitasmoa aurkezteko garaia ez dela kasualitatea izan.

Planak ez du irtenbiderik ematen errefuxiatu palestinarren egoera bideratzeko. Zein litzateke haientzako irtenbidea?

Palestinar errefuxiatuek, beste errefuxiatu guztiek bezala, eskubide jakinak dituzte nazioarteko legediaren arabera. Gertatutakoaren kalte- ordain gisa, euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dute, eta NBEren 194. ebazpenaren eta Bake Ekinaldi Arabiarraren barruan, etxera itzultzeko eskubidea aitortu behar zaie eta hura baliatzeko modua eman.

Planaren beste puntuetako bat da segurtasuna. Haren arabera, etorkizuneko Palestinak ezin izango du armada bat eduki, ez bere burua defendatzeko, ezta beste bati eraso egiteko ere. Neurriak egokia dirudi Israelgo segurtasuna bermatzeko, baina haien armadaren menpe utziko luke Palestina.

Hori ez da guretzat punturik garrantzitsuena. Gure helburua da Israelen edonolako esku hartzeetatik aske izango den estatu bat bermatzea; soldadurik gabe, eta kokaguneetatik aske izango dena. Prest egongo ginateke Palestinan hirugarren eragile baten presentziaz hitz egiteko. Aurreko negoziazioetan hitz egin izan dugu Palestinari armen erabilera mugatzeko aukeraz. Puntu horretara iritsi bagara, ez da armada bat eduki nahi ez dugulako. Baina hori bada besteen kezka nagusia, bila dezakegu irtenbideren bat. Bilatzeko prest gaude. Ahalegintzeko prest. Baina haien kezka nagusia ez da Palestinak armada bat osatzeko aukera; haien ardura nagusia da ez dutela nahi Palestinak estatu bat izatea.

AEBen arabera, Etxe Zuria prest legoke Palestinari laguntza ekonomikoa emateko, baldin eta egitasmoko gainontzeko puntuak onartzen badituzue.

Ez dugu behar Trumpen taldeak halakorik eskaintzea. Gainera, diru horren zatirik handiena ez da haiena; proposamen ekonomikoan aipatzen dituzten proiektuetako asko dagoeneko martxan daude nazioarteko diru emaileei esker. Palestinak bere baliabide ekonomikoen gaineko kontrola berreskuratu behar du, hasi mugetatik eta natur baliabideetaraino.

AEBen eta Israelen arteko harremana beti izan da oso estua, baina errepublikanoak agintera heldu zirenetik, Netanyahuk aliatu sendo bat bereganatu du. Egoera honetan posible da bake elkarrizketak hastea.

Eztabaida ez da Israelen edo Palestinaren alde ote dauden; eztabaida da bakearen alde edo bakearen aurka ote dauden. Trumpen taldea bakearen aurka dago, eta Israelgo gizarteko muturreko taldeetatik gertu egon izan da historikoki. Agian, egoera desberdina zatekeen AEBetako beste presidente bat balego.

Hitz egin duzue proposamenaz beste herrialde arabiar batzuekin?

Etengabeko harremanetan gaude gainontzeko herrialde arabiarrekin, eta elkarlanean ari gara. Haiek ez dute euren jarrera aldatu, eta jarraitzen dute eskatzen amai daitezela Israelen okupazioa eta legez kanpoko kokaguneak, eta sar dadila indarrean Bake Ekinaldi Arabiarra.

Zeintzuk izango dira zuen hurrengo urratsak?

Harremanetan gaude mundu osoko alderdiekin; ez gara ari soilik Palestinari buruz, baita nazioarteko harremanen etorkizunaz, legeaz eta baketze ahaleginez ere. Dagoeneko bildu gara Arabiar Ligarekin, Konferentzia Islamikoaren Erakundearekin, eta Afrikako Batasuneko eta Europako Batasuneko ordezkariekin. Horiez gain, Errusia eta Txinarekin ere jarri gara harremanetan, haien jarrera ezagutzeko asmoz. Palestinan, erabaki asko dauzkagu hartzeko. Garrantzitsua da Palestinako batasunari eustea, gure eskubideak desagerrarazteko ahaleginari aurre egiteko. Aukerak egin behar ditugu, eta horretan ari gara lanean. Israelekiko harremanetan ere urratsak egin behar dira; besteak beste, segurtasunaren alorrean, alor ekonomikoan eta harreman politikoetan. Ez gara ohiko negoziazioez ari.

Uste duzu Palestinak estatu bat izango duela etorkizun hurbilean?

Bai. Bake iraunkor eta justua errealitate bilakatzen denean. Baina horrek lan handia eskatzen du. Horretarako, beharrezkoa dugu nazioartearen babesa, eta hark Israelen krimenak txalotzeari uztea. Baina Israelek zigorgabetasunez jokatzen jarraitzen du, eta horrek okupazioa betikotzeko pizgarriak eskaintzen dizkie. Adibidez, 2004an Nazioarteko Justizia Auzitegira jo genuen, Israelek Palestinan eraikitako banaketa hesiaren aurkako salaketa jartzera, eta hark ebazpen argia eman zuen gogoraraziz horma legez kanpokoa zela eta nazioarteko komunitatearen ardura zela Israelen okupazio politikekin bat ez egitea. Gerora jakin dugu ez dela hala gertatzen; hori da, esaterako, CAFen kasua. Euskal Herriko enpresa horrek tren bat eraikiko du Jerusalem Ekialdeko kokaguneetan bizi diren Israelgo kolonoentzat. CAFen gisako enpresek erabaki bat hartu behar dute: NBEren Enpresa eta Giza Eskubideetarako Oinarrizko Arauak bete eta gerra krimen bati laguntzeari uztea; edo publikoki onartzea ez zaizkiela axola giza eskubideak eta nazioarteko legedia, horrek berarekin dakartzak ondorio guztiekin.

Zer gertatuko da Gazarekin? Zein da egoera bertan?

Hondamendi bat gertatzen ari da han. Israelgo setio drakoniarrak ondorio benetan larriak eragin ditu eguneroko bizimoduan, eskualde horretan bizitzea ezinezko bihurtuz. Israelek ez ditu errespetatzen palestinarren bizi baldintzak eta oinarrizko eskubideak. Hark egindako krimenen inguruko frogak jasota daude, eta hain dira argiak, ezen inork ezin baititu zalantzan jarri.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Leherketa gertatu den lekua, Batan (Ekuatore Ginea). ©Berria

Hainbat leherketak gutxienez 17 hildako eta 420 zauritu eragin dituzte Ekuatore Ginean

Berria

Batan gertatu da ezbeharra, biztanle gehien dituen Ekuatore Gineako hirian. Herrialdeko hedabideen arabera, kuartel militar batean «bolbora ontzi bilakatutako edukiontzi bat gehiegi berotu da, inguruan belarrak erretzen ari zirela eta».

Carles Puigdemont Kataluniako presidentea suplikatorioaren auziari buruko azalpenak ematen, iragan otsailaren 24an, Europako Parlamentuan. ©OLIVIER HOSLET / EFE

Puigdemont: «Belgikan geratuko naiz»

Julen Aperribai

Europako Parlamentuak etziko osoko bilkuran immunitatea kentzearen alde bozkatuko balu ere, azken erabakia Belgikako Justiziak hartu beharko lukeela azaldu du, Die Presse egunkariari emandako elkarrizketa batean. Suplikatorioaren auzia Europako Justizia Auzitegiraino eramateko prest daudela dio.

George Floyden anaia Terrence Floyd, New Yorken bere anaia omentzeko asmoz egindako ekitaldi batean. ©JUSTIN LANE / EFE

Floydi lepoa estutu zion poliziaren aurkako epaiketa hasiko dute bihar

Julen Aperribai

Bigarren graduko erailketa eta giza hilketa egozten dizkio fiskaltzak. Oihartzun mediatiko handia eragin du epaiketak, eta segurtasun neurriak gogortu dituzte Minnesotan, protesten beldurrez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna