andoni egana
HITZ ETZANAK

Korrika

2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ez da parte ez izatearena baino sentimendu tristeagorik. Izan zaitezke bakartia, bakarra... baina lurren batean, familiaren batean, egitasmo edo talderen batean kokatu beharko duzu zeure burua. Eta lan-kontuetarako ere balio du horrek. Egunero- egunero norabait joan behar baduzu lanera, kide sentitzea da gutxienekoa. Horrez gainera partaide ere sentitzen bazara, zeuretzat mesede eta nagusientzat onura.

Ezagutu izan genituen lan-mugikortasun urriko sasoiak. Lantegi batean hasi eta bertan bukatu. «Halakorenean» egiten zen lan edo «halakorentzat». Pertenentzia sentimendua onerako eta txarrerako oso sustraitua zegoen.

Erabat aldatu da egoera. Ez dira asko gaur lan-postu egonkorra dutenak. Asko baldintza prekarioetan ari da, gaur hemen, bihar han eta etzi inon ez. Horrelako baldintzetan zaila da partaide sentitzea. Mundua ere aldatu egin da, ordea. Eta egoera honetan loratu dira Enpresen arteko korrika lehiaketak. Igandean jokatu zen urterokoa Donostian. Enpresa bakoitzetik launa parte hartzaile gizonezko, emakumezko eta gizon-emakumezkoen sailetan. Ia 600 talde. 2.400 langile. Ederra da lankidea kideago sentitze hori. Baina aisialdian ere enpresaren izena paparrean eraman beharra...! Gaur, korrika kalean; bihar, kalera korrika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.