andoni egana
HITZ ETZANAK

Paris

2017ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Bertan Paris! izan da gure esamolde erabilienetakoa. Etxeko, kaleko edo kuadrilla jirako bilkuraren batean saltsa, jolasa eta zurrunbiloa gailentzen ziren orduan egiten zen frantziarren hiruburuaren aipamena. Alegia, haraino joan beharrik ez zegoela modu inprobisatu eta ustekabekoan ongi pasatu ahal izateko. «Paristik datorren artista bat naiz ni. Ondo jotzen det...» hasten zen garai bateko ume euskaldun gehienok ikasitako abestia. Pariserat jotzen zuten Iparraldetik bizimodua ateratzera. Paris zen zikoinaren abiapuntu naturarekiko harreman estu-estua ez zuten familietan («Umeak Paristik? Gurean amak ekartzen dizkik!»). Paris zen Radio Paris, Franco hiltzear zegoela gauerdia hurbildu ahala jakin-minez harrapatzen genuen irrati askeago hura. Paris azken helduleku aurkeztu ziguten Casablanca filmean...

Orain albiste da Parisko Kontseilua, udala eta departamendua gobernatzen dituen organoa, Euskal Herriko bake prozesua babestu duelako. Euskal Herrian bakegintzan eginiko urratsak goraipatu dituzte idatzian. Bakegileek dei egin zuten garaian urruti zirudien abenduaren 9ak. Ate-joka dugu orain. Egun horretan «bertan Paris!» oihu egin ahalizango dugu, non eta Parisen bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.