andoni egana
HITZ ETZANAK

Itsasoan

2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Epaitegiak eta justiziarik eza oso uztarturik heldu zaizkigun garaiotan, albiste izan da hiru suhiltzaile andaluziarri buruzko epaia. Lesbos irlatik abiatu eta Mediterraneo itsasoan salbamendu lanetan ari zirela atxilotu zituzten. Haur-trafikoan ari ote ziren susmatuta salaketa jarri zieten, eta orain, bi urteren buruan, aske geratu dira. Gaitz-erdi.

Sisiforen mitoa da ezaguna. Jainko-Jainkosen aginduz zigor bat bete behar izan zuen: harritzar bat pirrilaka igo muino baten gainaldera. Hasten zen, igotzen zuen pixka bat, eta atzera behera erortzen zitzaion harria. Berriz ekin behar izaten zion. Eta berriz... Greziar klasikoren batzuk boterearen bila alferrik dabilenaren jarduerari lotu zioten mitoa. Albert Camusek giza-emakumeok ahalegintze hutsarekin sentitzen dugun pozari. Gimnasio modernoren batek ateburuko leloa osa zezakeen Sisifori esker: «Lortu zuen. Giharrak zaildu zituen».

Sisiforena baino irudi absurdoagoa eta etsiagoa, eta itsasoari lotuagoa etortzen zait niri su-hiltzaile andaluziarrenaren gisako kontuak jakitean. Badoa itsasontzi handi bat itsas-zabalean aurrera. Eta kubiertan, pertsona bat korrika dator itsasontziaren kontrako norabidean. Zertara? Zertarako? Horixegara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.