andoni egana
HITZ ETZANAK

Hauspoa

2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
San Blas, anix zaporeko opilak noiz jango egoten ginelako. Aingeru Guardakoa, askotan entzuna izateaz gain Joxe Anjel Iribarren jaiotze data delako. San Antonio, Urkiolako harriari bueltaka ibiltzearenak grazia egiten zidalako. San Joan, («batailatzailea» irakurri nuen behin) oporrak hartzen ziren garaia zelako. San Pelaio, herriko jaiak direlako. San Inazio, Alba etxeko dukesak ere ereserkia kantatzen zekielako, «nahiz betor» deszifragaitz hori barne. San Frantzisko Xabier, ikastolan jai ematen zigutelako. Santa Barbara, gorantz begiratzean huraxe ikusi izan dudalako betidanik. Santo Tomas, aitonarekin goroldiotara joaten ginelako trenbidean aurrera.

Nire santu-santa faboritoen zerrenda osatzeko bat behar nuen. Atzokoa. Santa Zezilia, musikarien patroia. Eta atzo jakin nuen Santa Zezilia musikarien patroi izan daitekeela itzulpen akats bat dela medio. Ez zen, nonbait gerora norbaitek ulertu zuen gisan, organoa jotzen aritzen. Martiri izan zen III. mendeko Erroman eta bere etxea kez beteta ito nahi izan zuten. Órganis hura ez zen orduko musika tresna, kea zabaltzeko hauspo erraldoia baizik.

Musika eta tortura. Bi kontzeptu uztargaitz. Batean isilaldia omen da ederren. Besteak ez du horrelakorik onartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.