andoni egana
HITZ ETZANAK

Bihotza

2018ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Entzun gabea genuen artean eta ondoan neukanari apustua egin nion. Bihotza hitza baietz azaldu. Afari bat irabazi nuen. ( Joe! Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia-koen tankera hartzen ari naiz!).

Ez behin, gainera. Birritan ere aipatzen du bihotza Marta Sanchezek Espainiako ereserkiari erantsi dizkion hitzetan. Ez zen oso bizkorra izan beharrik halakorik aurreikusteko. Batetik, ezagutzen ditut gaztelerazko inprobisatzaile asko, eta badakit zeinen ongi datorkien azentua azken silaban duen ditxosozko «corazón» hori. Bestetik, ereserki eta gisa horretako kantuek jendearengan emoziorik oinarrizkoenak piztea dute helburu, eta sentimendua aipatzeko daukagun organo bakarra bihotza da, lau logelako norbere etxe hori, beste etxea bezala, gonbidaturik espero ez baduzu txukuntzen aritu beharrik ere ez daukazuna.

Bihotzari ihes egiten zaila da. Bila ibili naiz, baina ez dut aurkitu nori bururatu zitzaion lehen aldiz sentimenduen metaforatzat bihotza hartzea. Hartu izan balu gibela edo giltzurrunak hobetsi izan balitu, orain ikaragarri xelebreak iruditzen zaizkigun pasarte mordoa izango genukeen: «Gibela apurtu dit zure ezekoak». «Giltzurrunetan zaramatzat, nire lur maitea!»... Eta ez naiz alkoholismoaz edo koliko nefritikoez ari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.