andoni egana
HITZ ETZANAK

Desenkantua

2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Badira pereza ematen didaten gaiak. Esaterako, Kant. Badela badakizu; badakizu ez zela etxekoeneko Joxixio; zerbait ulertze aldera irakurtzea komeniko litzaizukeela ere badakizu baina ahalegindu zaren bakoitzean etsia hartu duzu hasi orduko eta lehen baino bruma handiagoa sumatu duzu inguruan. Zerbait bazenekiela pentsa zezaten ikasi zenituen bere garaian esaldiren batzuk. Ulertu, piperrik ez, baina aprobatzeko adina.

Kontzertu Ekonomikoarena da beste gai bat betidanik pereza sortu izan didana. Bazela bai, baina gutxi gehiago. Ez zertan datzan zehazki, ez zeren ondorio izan zen sakonean. Orain, ordea, 140 urte bete ditu eta egunkarien lehen orrietara egin du jauzi albisteak. Kontzertuaren defentsan eta hari gorazarre eginez elkartu dira instituzio guztiak eta alderdirik esanguratsuenak. Arriskuan ikusten dute ituna nonbait, Ciudadanos-ek Espainian eta Katalunian indar dexentea erakutsi duenetik.

Handira jotzen geunden ohituak, gezurretan bazen ere: askatasuna, independentzia, burujabetasuna, erabakitzeko eskubidea... Eta orain badirudi txikia ere zaindu beharrekoa dela eta denak, badaezpada, bata-hiruak eta bata-lauak gordetzen hasi direla. Baina ez egin niri kasurik. Nik musean dakit. Kant ez dut ulertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.