Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa. Maria Valiente. Elkarrekin Podemoseko ahaldungai nagusia

«Hitz eginez gero, bada aukera EH Bildurekin adostasunera heltzeko»

Emakumezko ahaldungai nagusi bakarra da Maria Valiente. Politika egiteko beste era bat nahi du: ezkerrekoa eta parte hartzailea. Horretarako, prest da EH Bildurekin akordioa egiteko.

JON URBE / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Indar abertzaleak nagusi izan arren, Maria Valiente Elkarrekin Podemoseko ahaldungai nagusiak (Salamanca, Espainia, 1961) argi du zein rol izan behar lukeen Elkarrekin Podemosek Gipuzkoan: ezkerra batu, eta lanerako era berriak proposatzea, parte hartzean eta gardentasunean oinarrituta.

Sare sozialetan diozu Gipuzkoako emakume ahaldungai nagusi bakarra zarela. Zergatik da garrantzitsua hori azpimarratzea?

Politikoki oso garrantzitsua da, dagoeneko badakigulako gizonek nola kudeatzen duten. Andreek nola gobernatzen duten ez dakigu. Bada garaia ikuspegi hori txertatzeko. Emakumeon begirada oso desberdina da. Kalean egon gara Martxoaren 8an, eta gure alderdiak jaso du aldarria. Ahalegindu gara zerrendaburu guztiak andreak izan daitezen.

Agortutzat eman duzu EAJren eta PSEren eredua. Ezdute inoiz baino harreman estuagoa?

Ezkerraren ikuspegia eskatzen du jendeak. Ezker asko gaude Gipuzkoan, eta haiek ez dira ezkerra. PSEk argi utzi du ez dela ezkerra. Jendeari esan behar diogu zein aldaketa diren posible.

Gipuzkoa idealizatzea egotzi diezu. Zein dira lurraldeko puntu beltzak?

Sekulako itxaron zerrenda dago zaharren egoitzetan; ez dago gazteentzako lanposturik; langabeziak behera egin duela diote, baina postu prekarioak dira.

Eta nola egin nahi diozue aurre?

Gakoa da guztia pribatizatu dela, dena dago azpikontratatuta, eta ez dira diputazioko langileen eskubideak ere errespetatzen. Hori dena arlo publikotik kudeatu beharko litzateke.

Demokrazia parte hartzailean sakontzeko beharra azpimarratu duzu. EAJk gobernantza aipatu du behin eta berriz.

Hori da saldu dutena. Propaganda izugarria egin dute. Jendeak hitza eskatzen duenean, ez dute ematen. Donostiako metroa, erraustegia eta abar inposatu dituzte. Gauza bera gertatzen da gardentasunarekin. Kontzeptua saldu dute, baina ezer egin gabe.

Metroa eta erraustegia aipatu dituzu. Ikusten duzu aukerarik horiek geldiarazteko?

Gaiak berriz gizarteratu behar dira. Ez guk diogulako, baizik eta kalean dagoen jendeak eta teknikariek esaten dutelako.

Beste gai batekin ere aritu zara buru-belarri: Irungo eta Hondarribiko alardeen auziarekin. Zer jokabide izan du Gipuzkoako Diputazioak?

Itxura egin dute. Ez dute benetako babesa eman. Ez dute emakumeen alde egiten, eta ez diote gaiari heldu. Gai hau behin eta berriro aztertu dugu, eta ez dago modurik zerbait egin dezaten.

Zure ustez, zer jarrera izan behar luke aldundiak?

Konponbidearen aldekoa. Bitartekaritza lana egin behar du arazo hori konpontzeko, baina errealitatea islatzen duen alarde bakarraren alde egin behar dugu: alarde mistoaren alde. Berdintasuna bermatzea dago jokoan.

Erabaki duzue Espainiako Gorteetako bozetako sigla berekin aurkeztea hauteskunde hauetara. Izandako emaitzek ez dizuete kalterik egingo?

Ez dugu uste. Kohesioa dago hiru taldeen artean. Tamalez, udaletxe batzuetan ez da lortu, baina ia guztietan bai. Irabazteko eta politika egiteko modua aldatzeko, ezkerra behar da, eta ezkerrak indartsu eta batuta egon behar du.

Indar abertzaleak nagusi dira Gipuzkoan. Zer ekarpen egin dezake Elkarrekin Podemosek ikuspegi horretatik?

Aberria zentzu zabalenean ulertu behar dugu, ez soilik lurraldetasuna aldarrikatzean. Aberria da pertsonak batzea eta eskubideak defendatzea, ez ikurrin bat. Gainera, ikurrina ez da inorena; gu ere euskaldun sentitzen gara.

Badirudi EAJren eta EH Bilduren artean dagoela lehia nagusia. Zein da zuen taldearen rola?

Legealdi honetan lan handia egin dugu, eta EH Bildurekin bide berean joan gara askotan: justizia sozialean, partaidetzan... Nahiko gertu gaude lerro askotan, eta espero dugu bide horretan segitzea.

Badago akordiorako aukera?

Ez dugu horretaz hitz egin, baina Errenteria da adibideetako bat. Mahai baten bueltan jarriz gero, uste dut aukera egongo dela adostasunera heltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.