Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren lehen saioa

Eskubideen aldeko alegatua

Hasi da Kataluniako buruzagi subiranisten aurkako epaiketa, Madrilen. Defentsako abokatuek salatu dute auzipetuen oinarrizko eskubideak urratu direla, eta epaiketa atzeratzeko eskatu dute. Ikusi defentsaren bideoa, amaieran.

Auzitegi Goreneko aretoa, atzo, epaiketa hasi aurretik. Ezkerrean, akusazioa; eskuinean, berriz, hamabi auzipetuak. Akusatuen parean dago epaimahaia. EMILIO NARANJO / EFE.
jon olano
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun

«Eskubide politikoen», «disidentziaren» eta «oinarrizko eskubideen» aurkako epaiketa. Kataluniako hamabi buruzagi politiko eta sozial independentista katalanen abokatuek horrela definitu zuten atzo buruzagi horien aurkako auzibidea, epaimahaiaren aurrean. Pista batzuk eman zituzten epaiketan izango duten defentsa ildoaz eta, inplizituki, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo behar izanez gero, Estrasburgora eraman ditzaketen argudioez. Izan ere, defentsa politikoa eta Europako Giza Eskubideen Itunean jasotako eskubideen defentsa uztartu zituzten aurretiazko gaietan. Akusazioen txanda izango da gaur; 10:00etan hasiko da saioa.

Atzo hasi zen buruzagi katalanen aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Gorenean. Epaiketaren atarian auziaren gardentasuna zalantzan jarri izan denez, Manuel Marchena epaimahaiburuak berehala erakutsi zuen auzian zehar irudia zaintzeko asmoa. Izan ere, aldeei hitza ematean, denborarekin «eskuzabal» jokatzeko asmoa adierazi zuen, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko doktrinari eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari erreferentzia esplizitua eginez.



Bitartean, epaimahaiaren aurrean, irudi historikoa: Kataluniako Generalitateko kontseilari ohiak, herri mugimenduetako buruzagiak eta legebiltzarreko presidentea, akusatuen aulkian. Lehen ilaran, Oriol Junqueras, Raul Romeva eta Joaquim Forn; horien atzean, Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull; ilara bat atzerago, Jordi Cuixart, Carme Forcadell eta Dolors Bassa; eta, azkenekoan, aske dauden auzipetuak: Carles Mundo, Santi Vila eta Meritxell Borras.

ETSAIAREN ZIGOR ZUZENBIDEA

Olga Arderiu Carme Forcadellen abokatua izan zen atzoko saioan kontzeptu hori erabili zutenetako bat: «Etsaiaren zigor zuzenbidea ezartzen ari dira, uste dutelako akusatuek [Espainiako] konstituzioari eraso ziotela». Van den Eyndek ere salatu zuen auzipetuei «etsaiaren zigor zuzenbidea» ezarri izana. «Disidentzia politikoaren aurkako epaiketatzat» jo zuen atzo hasitakoa, eta salatu auzipetuei ez zaizkiela «zigor zuzenbide demokratikoa» ezartzen ari. Jokamolde horren irizpide batzuk zerrendatu zituen, adibide gisara: «Legearen interpretazio aurreikusezina, behin-behineko espetxealdiaren abusua eta berme judizialen gutxitzea». Hain justu ere, epaiketaren izaera politikoa azaleratu nahi izan zuen Van den Eyndek: «Saiatuko zarete azaltzen hau iruzurraren aurkako epaiketa baten tankerakoa dela, baina zaila izango da».

Autodeterminazioaz eta erabakitzeko eskubideaz ere mintzatu zen Van den Eynde, akusatuen ideologia askatasuna urratu dela argudiatzeko. Pablo Llarena instruzioko epaileak ebazpenetan idatzitakoa baliatu zuen horretarako: «[Llarenak] Esan zuen ez dagoela bide baketsurik gatazka politikoak konpontzeko. Hori da [akusatu] hauen ideologia, baketsua: herri guztiek dutela autodeterminaziorako eskubidea». Autodeterminazio eskubidea testuinguru kolonialetarako soilik onartzen dela eta, argudiatu zuen «garaiak aldatzen» direla eta akusatuek eskubidea izan behar dutela defendatzeko autodeterminazioaren zilegitasuna egungo testuinguruan: «Ez dago nazioarteko legerik sezesioa debekatzen duenik».

'CHILLING' EFEKTUA

Hortik aurrera, auzipetuei ustez urratutako eskubideen zerrenda bat xehatu zuen abokatuak. Haren arabera, adierazpen, bilera, manifestazio eta protesta eskubideak «mugatu edo urratu» dizkiete. Adierazpen askatasunarekin hasi zen: «Politikan, onartzen da iraina ere. Adierazpen askatasunak babesten ditu adierazpen iraingarriak ere. Hemen, ordea, prentsa artikuluak, paper bat sartzea hautetsontzi batean, kontzertuak eta halakoak kriminalizatzen ari dira». Haren ustez, auziko galdera da kausa honek «eraso egiten dion adierazpen askatasunari, edo altxamendu soil bat egon den». Horren harira, «badago auzi katalan bat, adierazten utzi behar zaiona», Van den Eynderen hitzetan.



Lehen puntu horrekin lotu zuen protesta eskubidearen urraketa: «Katalanak protestatzen ari gara, politikoki baztertuak gaudelako erabaki batzuetatik. Ezin badut iritzia eman, protestarako eskubidea daukat. Hori da demokraziaren oinarria. Kausa honek protesta zigortzen du». Era berean, «eskubide politikoen aurkako kausa orokortzat» jo zuen auzia, eta ohartarazi «perturbazio ilegitimorik gabe» gauzatu behar dela eskubide hori, «eskubide politikoek egiten gaituztelako herritar». Auzipetuen kasuan, ordea, abokatuak salatu zuen auziak «erabat baliogabetu» dituela beren eskubide politikoak, adibide ugari jarrita: esaterako, behin-behineko espetxealdiaren bidez hauteskunde kanpainan parte hartzea galarazi izana, kanpainan espetxetik adierazpenak egiteagatik zigorrak ezarri izana, Jordi Turullen inbestidura eten izana hautagaia espetxeratu zutelako, «estigmatizazioa», eta abar.

Kontzeptu batean bat etorri ziren Van den Eynde eta Benet Salellas, Jordi Cuixarten abokatua: Chilling efektuan edo auzibideak herritarrengan izan dezakeen eragin geldiarazlean. Alegia: inork eskubide bat gauzatzen badu eta ondoren horregatik epaitzen edo zigortzen badute, erakundeek herritarrei bidaltzen dieten mezua da arriskutsua dela oinarrizko eskubideak baliatzea. Horrek «edukiz hustu» dezake sistema demokratikoa, Salellasen arabera. Abokatuak nabarmendu zuen Cuixartek «oinarrizko eskubideak gauzatzean» eginikoak direla epaitzen ari diren ekintzak, eta horrek eragin lezakeela epaiketa oinarrizko eskubideei buruzkoa «edo, are, horien kontrakoa» izatea. Ekintzei erreparatu die Salellasek; esaterako, instrukzio aldian jasotako bati: nazioarteko pertsona ezagun ugariren babesa bilatzea erreferendumaren alde. «Hori da ekintza, epaitzen dena. Ekintza kriminala izan daiteke? Uste dugu ezetz».

Europako Giza Eskubideen Itunak 10. artikuluan jasotzen du adierazpen askatasuna, eta, horren interpretazioa egitean, Chilling efektua gertatzeko arriskuaz ohartarazi izan du Estrasburgok.

«ARMA BERDINTASUNA»

Defentsarako eskubidearen urraketari alde ezberdinetatik heldu zioten abokatuek, eta Mariano Berges Dolors Bassaren abokatua, Arderiu eta Salellas, esaterako, bat etorri ziren «arma berdintasunaren» urraketan. Arma berdintasun horrek erreferentzia egiten dio akusazioak eta defentsak epaiketa bat prestatzeko izan behar duten baliabide edo tresna berdintasunari, eta defentsak uste du eskubide hori urratu zaiela auzipetuei. «Berdintasuna bermatzeko» eta «akusazioei mesede ez egiteko», lekukotza batzuk ez onartzeko erabakia birpentsatzeko eskatu zuen Salellasek. Izan ere, adibide bat jarri zuen: lekukotasun gisa onartu dituzte Cuixarten sare sozialetako mezuak aztertu zituzten bi poliziaren testigantzak, baina ez polizien txostenari aurre egiteko aurkeztutako frogak. Bergesek, berriz, azaldu zuen fiskalak «instrukzioaren ikuspegi orokorra» izan duela, «defentsak eduki ez duena».

Urratutako eskubideen zerrendari defentsarena gehitu zioten Ana Bernaolak eta Jordi Pinak, Jordi Turull, Jordi Sanchez eta Josep Rullen abokatuek. Epaiketa atzeratzeko eskatu zuten, argudiatuta oraindik ez dizkietela helarazi hainbat froga, eta, hortaz, ezin izan dutela defentsa behar bezala prestatu. Bergesek gogoan izan zituen Bassaren auzipetze autoa aztertzeko baldintzak: «Bi ordu eman zizkiguten 99 orrialdeko txosten bat aztertzeko, poliziaz inguratuta».

Horrez gain, Pinak zalantzan jarri zuen epaimahaiaren inpartzialtasuna. Batetik, instrukzio epaileak pluraleko lehen pertsona erabili izana auto judizial batean —«sufritzen dugun estrategia»—; bestetik, gogora ekarri zuen Carlos Lesmes Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko presidenteak gutun bat bidali ziola Juan Antonio Ramirez Sunyer Bartzelonako 13. Instrukzio Epaitegiko epaileari, eskerrak emanez «Espainiako historiaren norabidea» aldatzeagatik. Ramirez Sunyer izan zen erreferendumaren prestakuntza lanak ikertu zituen magistratua. Hori horrela, eskari zuzena egin zien epaimahaikideei: «Eskatzen dizuet epaile izateko, ez aberriaren salbatzaile». Europako Giza Eskubideen Ituneko 6. artikuluak bidezko epaiketa bat izateko eskubidea jasotzen duenez gero, defentsek argudiook balia litzakete Estrasburgora iritsi behar izanez gero.

Joaquim Fornen defentsarako «tresna soilik penalak» baliatu zituen Xavier Melero abokatuak, beraz. Forn Barne kontseilaria zen Urriaren 1eko erreferendumean. Melero kexu da; Josep Lluis Trapero eta Teresa Laplana Mossoen buruzagien aurkako auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean ari dira epaitzen, eta uste du auziaren bloke horretan beharko lukeela Fornek ere, ez gobernuaren aurkako prozeduran.

[YouTube]https://youtu.be/9k-q4aCM-6g[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.