Udal eta foru hauteskundeak. Feminismoa

Feminismoa. (Udal)etxe bat emakumeentzat

Udalek feminismoaren arloan dituzten eskumenen artean, badago bat emakumeen ahalduntzea sustatzeko baliagarria: emakumeen etxeak. Bilbo da hiriburuen artean horrelakorik ez duen bakarra, eta sortzea proposatu dute.

Emakumeen etxea eskatzeko elkarretaratze bat, Bilbon. L.J. / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Herritarren diskurtsoan eta praktiketan lekua irabazi ahala, hauteskunde kanpainetan ere gero eta leku handiagoa hartzen ari da proposamen edo promesa bat: feminismoa. Hitz eta esamolde orokorrez harago, alderdiek badute proposamen zehatzik, esaterako, emakumeen etxeei lotutakoak.

Baina zer dira emakumeen etxeak? Maitane Pikazak erantzun dio galderari: «Emakumeen etxeak espazio aske batzuk dira, gizartean sortutakoak beste alternatiba bat edukitzeko hezkuntza formaletik kanpo». Pikazak tesia egina du emakumeen etxeetako jabekuntza eskolen inguruan, eta uste du etxeok ezinbestekoak direla emakumeentzat: «Gure gizartean falta diren espazio horiek eskaintzea da».

Izan ere, iruditzen zaio emakumeak «lasai eta seguru» egoteko espazioak direla: «Elkarrizketak egin nituen, eta emakumezkoek esaten zuten beraiek babesa sentitzen zutela, segurtasuna, konplizitatea. Gure gauzez hitz egiteko leku batzuk dira, dauzkagun desirak eta beldurrak partekatzeko, sortzeko... falta zaigun begirada hori osatzeko».

Gune horiek zenbait funtzio dituzte. Batetik, formakuntza dago, «oso garrantzitsua». Pikazak azaldu duenez, «feminismoaren begiradarekin» egiten dute: «Lerro desberdinak dituzte tailerrek: lerro politikoa, lerro literarioa, lerro historikoa, orain arte gizonezkoek bete dituzten rolena —bizikletak konpontzea edo zurgintza—... Hori guztia feminismotik eskaintzen da». Adibide bat jarri du: «Agian, tailer batzuk daude gorputzaren inguruan, bainamenopausiari edo hilekoari buruz hitz egiten dugu, zoru pelbikoa lantzen dugu, edo autodefentsa feminista».

Baina ez da tailerrak emateko leku soil bat. Pikazaren hitzetan, beste zenbait zerbitzu eta baliabide ere egoten dira eskura: sexologoak, abokatuak, batukadak...

Horiek horrela, hauteskundeen atarian, uste du udalek garrantzia eman behar dietela emakumeen etxeei. Garrantzia eman, eta baliabideak jarri: «Baliabide ekonomikoak ere behar ditugu». Eta herritarrei haien berri ematea: «Ikusarazi ere egin behar dira, ze jende askok ez daki existitzen direla». Hauek dira alderdi nagusiek hiriburuetako emakumeen etxeez egin dituzten proposamenak:

BILBO

Hego Euskal Herriko hiriburuen artean emakumeen etxerik ez duen bakarra da. Mugimendu feministaren aldarrikapen historikoetako bat da hirian, eta alderdi nagusiek badituzte horren inguruko proposamenak beren hauteskunde programetan. EAJk,esaterako, hitzeman du Emakumeen Etxea «sustatuko» duela Telefonicaren eraikin zaharraren zati batean. Gainera, esan dute ahalduntzeko eskola ere martxan jarriko dutela.

EH Bilduk ere agindu du Emakumeen Etxe bat. Hain zuzen, hura ezartzen lagunduko dutela ziurtatu dute, «mugimendu feministarekin koordinatuta». Maria del Rio alkategaiak ekitaldi batean ere landu du gaia. Aitortu du «zor historikoa» dagoela mugimendu feministarekin, Bilbo baita Hegoaldeko hiriburuetan Emakumeen Etxerik ez duen bakarra. Haien esanetan, EAJ eta PSE-EE dira erantzule: «Tamalez, Bilboko EAJ Euskal Herriko atzerakoiena da berdintasunaren arloan. Horrela bakarrik azaldu daiteke Donostiak, Gasteizek eta Iruñeak espazio horiek izatea, eta, Bilbon, EAJk eta PSEk behin eta berriz uko egitea emakumeen parte hartzean urratsak egiteari».

DONOSTIA

Hiriko mugimendu feministak hainbat urtez eskatu ondoren, 2010ean ireki zuten Donostiako Emakumeen Etxea, Hego Euskal Herriko hiriburuetako lehena. Egun hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: lege aholkularitza, etxeko langileentzako aholkularitza, laguntza psikologikoa... baina alderdi politikoek oraindik hura indartzen jarraitzeko beharra ikusten dute.

EH Bilduk politika feministen lehen puntutzat du Donostiako programan Emakumeen Etxea. Aitortzen dute beharrezko tresna dela emakumeen ahalduntzerako, berdintasun politikak egiteko eta mugimendu feministaren eta udalaren arteko lankidetzarako. Hiru proposamen nagusi dituzte: garai bateko suhiltzaileen egoitzara lekualdatzea, «egungoak ez duelako bermatzen zerbitzuak egoki ematea»; aurrekontua %75 igotzea eta autonomia handiagoa eskaintzea.

EAJk ere egoitza berria nahi du etxearentzat. Amara kalean egin asmo dute. PSE-EEk ere proposamen bera egin du.

GASTEIZ

2019an zabaldu zituen ateak Sorginenea Zure Etxe Feministak, Gasteizko mugimendu feministaren eskaerari erantzun bat emateko. Hasiera batean, Sorginenea elkarteak udalarekin batera kudeatu zuen proiektua, baina 2021etik udalaren esku dago kudeaketa.

Alderdiek ikusi dute zer hobetua. EAJk egiten dio aipamena bere programan. Esan dutenez, Emakumeen Etxean «ahalduntze feministako prozesuak» sendotuko dituzte. Horretaz gain, bertan gizarte eta lan aholkularitza indartu asmo dute.

EH Bilduk ere badu proposamenik. Emakumeen Etxea indartu nahi dute, emakumeen elkargune izan dadin eta emakumeak ahaldundu daitezen, baita praktika feministak eraikitzeko ere. Gainera, indarkeria matxistari aurrea hartzeko aholkularitza ere bertan eman nahi dute aurrerantzean. Horretarako, agindu dute diru gehiago jarriko dutela, ordutegi zabalagoa izango duela eta emakumeen beharrei «modu malguan» erantzungo dietela. Gainera, Sorginenea nahi dute izatea gunearen kogestiorako.

IRUÑEA

Gasteizko Emakumeen Etxea bezala, Iruñekoak ere lau urte daramatza martxan, besteak beste, tailerrak, hitzaldiak eta formakuntzak antolatzen.

Alabaina, UPNk— gaur egun, PPrekin eta Ciudadanosekin Navarra Suma koalizioa osatuta Iruñeko alkatetza du— ez du bere programan Emakumeen Etxea aipatu ere egiten. PSNk ere —hirugarren indarra da udalean— ez du horren inguruko proposamenik jaso.

Bai, ordea, beste alderdi politiko batzuek. Adibidez, EH Bilduk programan jasota dauka etxea handitu egingo dutela, eta zenbait helburu finkatu dituzte: laguntza juridikoa ematen hastea; auzoetako talde feministekin lankidetzarako plan bat egitea; eta berriro ere lekua edukitzea hitzaldiak emateko, kontzertuak eta antzerki emanaldiak eskaintzeko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.