Udalen osaketa Bizkaian

Durango. 40 urteren ostean, «eredu aldaketa»

1979ko udal hauteskundeetatik EAJren esku egon da Durangoko Udala, baina, Herriaren Eskubidea plataformarekin lortutako akordioari esker, EH Bildu iritsi da agintera estreinakoz: Ima Garrastatxu da alkate berria.

Garrastatxu, makilarekin, herritarrei aurreskua dantzatu ondoren. M. V. / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Durango
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Historikoa». Hala definitu du Durangoko (Bizkaia) alkate berri Ima Garrastatxuk atzoko eguna, estreinakoz emakume «ezkertiar, feminista eta independentista» bat alkatetzan egongo delako, «herri eredua aldatu» delako. Hunkigarria ere izan da harentzat inbestidura saioa. Kargua hartu ondoren, berbaldian negarrari eutsi ezinik egon zen. Eta bilkura bukaeran udaletxe aurreko plazan zeuden dozenaka herritarrei dantzatu zien aurreskuan ere nabari zen sentitzen zuen emozioa. «Ustez ezinezkoa zen hori» lortu du EH Bilduk Durangon: azken 40 urteetan EAJren esku egon den aginte makila eskuratu. Horretarako, Elkarrekin Podemosek sustatu duen Herritarren Eskubideak plataformaren babesa behar izan du. Hala lortu du gehiengo osorako Durangon gutxienez behar diren 11 zinegotzien babesa: zazpi ziren bereak, eta lau beste plataformakoak. Mireia Elkoroiribe jeltzaleak, berriz, bere taldearen zortzi botoak baino ez zituen eskuratu; sozialista biek paper zuria sartu zuten hautetsontzian.

Azken lau urteetan oposizioan elkarrekin egin duten lana eta hauteskunde gaueko ospakizunak ikusita, agerikoa zen EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ahalegin guztiak egingo zituztela udal gobernua osatzeko. Asteon iritsi da gobernu akordioa. Hala, sorpresak ez zuen lekurik izan atzoko ezohiko bilkuran. Aretoa herritarrez lepo bete zen. Eta plazan ere dozenaka lagun zeuden, bozgorailuei esker barruan gertatzen zena entzuten. Pentsiodunak zeuden lehen ilaran. Barruan ere ez ziren gutxi asteleheneroko elkarretaratzeetara eroan ohi dituzten zapi gorriak lepoan zituzten gizon-emakumeak. Atzerago, beste lagun talde bat, presoen argazkiekin. Migratzaileen aldeko banderak ere haizatu zituzten beste batzuek. EH Bilduko zinegotzietako bakoitzak karguaren zina egiten zuen aldiro, kaleko txalo zaparrada entzuten zen barrutik. Bereziki, Garrastatxu alkate karguaz jabetu zenean.

«Elkarrizketa»

«Legeak behartuta, Durangoko herri subiranoaren aurrean, alkate karguaren eginbeharrak fideltasun osoz beteko ditudala hitzematen dut». 2008tik Durangoko alkate izan den Aitziber Irigoras jeltzaleak eman zion aginte makila. EH Bilduko kide asko negarrari eutsi ezinik zeuden; besteak beste, Jasone Agirre legebiltzarkide durangarrak malkoz beteta zeuzkan begiak. Alkatearen tokian eseri, eta Garrastatxuk agintaldiko lehen berbaldia irakurri zuen. Eskerrak emanez hasi zen. «Hau posible egin duzuen guztioi eskerrak eman nahi nizkizueke». Lehenik, Herriaren Eskubideak plataformari, bere hautagaitza babesteagatik. Hitzeman zien ordezkatzen dutena kontuan hartuko duela. Bigarrenik, oposizioari: «Beste alternatiba baten alde egin duzuenoi».

Beren-beregi Elkoroiriberi egin zion berba, Durangorentzat «garrantzitsuak» direla esateko, eta badakiela jeltzaleek «ekarpen handia» egingo diotela herriari. «Espero dut bidean sarri topo egitea Durangoren alde lan egiteko». Elkoroiribek baietz erantzun zion buruarekin. Hain zuzen ere, bozketa aurretik alkategai biek egindako inbestidura berbaldian, Elkoroiribek «akordioetara iristeko konpromisoa» berretsi zuen, nahiz eta bere ustez eurei egokitu udal gobernua osatzea, hauteskundeetan beren zerrendak lortu zuelako boto gehien. «Argi geratu da herritarren gehiengoaren konfiantza duen alderdia EAJ dela; baita Durangon ere».

Garrastatxuk hartutako konpromisoa hauxe da: «Aldaketa hau posible egin dutenak eta beste alderdi politiko batzuk bozkatu dituztenak, herritar horiek, guztiak, entzunak, errespetatuak eta babestuak sentitzea nahi dugu». Alkatearen esanetan, euren proiektua «inor sobran sentituko ez den» Durango bat da. Izan ere, haren ustetan, azken urteetan «ahotsik gabe» sentitu diren durangar asko egon dira, «boterean egon direnen aurrean, indargabe». Hori aldatu egingo dela iragarri zuen:«Herriak du agintea, eta gobernuak jasotako aginduak bete behar ditu».

Garrastatxuk hiru hitz hautatu zituen hasi berri duen agintaldian gobernuaren gidalerroak zein izango diren laburbiltzeko: elkarrizketa, gardentasuna eta parte hartzea. «Agian lau urte barru beste batzuk egongo dira hemen, baina hiru ardatz horiek betiko hemen geratzeko etorri dira».

Plataformei esker, EH Bilduk lortu du agintea Galdakaon

EAJk Sopelari eutsi dio, azken uneko abstentzioari esker

Aburtoren eta Gilen udalak beste sail bi izango ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.