Elkarlanaren aldeko mezua Euskararen Eguneko ardatz

Igandean da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta adierazpen bat onartu dute EAEko erakundeek. Eragileekin lankidetza izan beharra jaso dute

Erakundeetako ordezkariak, atzo, Gasteizen, Euskararen Eguneko adierazpenaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Elkarlan hotsetan ospatuko dute igandean Euskararen Nazioarteko Eguna. Joan den astean aurkeztu zuten Euskaraldia, hizkuntza ohiturak astindu nahi dituen egitasmoa, batasun argazkiarekin: Euskal Herri osoko erakundeek eta euskalgintzako eragileek elkarrekin aurkeztu dute proiektua. Ildo hori sakontzeko asmoa agertu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek, Euskararen Egunerako adierazpen bateratuaren bitartez. «Une aproposa da administrazioek eta herri ekimenak auzolanean bide berriak zabaldu, eta gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko. Euskara erabiltzera eramateko».

Iaz ere onartu zuten erakundeek adierazpen bat Euskararen Egunerako —Zer egin dezaket nik euskararen alde? zuen izena—, eta hainbat eragilek bat egin zuten gero harekin —euskalgintzako eragile batzuek ere bai—. Aurten, Euskara auzolan goiburua hartu dute adierazpenerako, eta, hain justu ere, erakundeen eta eragile sozialen arteko lankidetza hartu dute dokumentuaren ardatz gisa.

Hakoba batzordean ondu dute adierazpena. Honako erakunde hauek daude batzordean: Eusko Jaurlaritza; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak; Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalak; Eudel udal elkartea; eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Elkarrekin aurkeztu zuten adierazpena atzo Gasteizen.

«Ilusioa eta elkarlana»

Bi kontzeptu nabarmendu dituzte agirian: lankidetza eta ilusioa. «Ilusioa eta elkarlana, euskararen lurralde eta esparru juridiko guztietan ahalik eta erarik bateratuenean gure hizkuntzarentzat etorkizun bizia irabazteko. Elkarrenganako adeitasunez. Elkartasunez». Etorkizun hori lortzeko helburuarekin urteotan guztietan egindako eginahala goraipatu dute adierazpenarekin: «Zenbat ahalegin pertsonal zein kolektibo, publikoak zein herri ekimenekoak. Horiei guztiei zor diegu euskarak bizi duen errealitatea».

Erabileran jarri nahi dute orain erdigunea: «Erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea dugu langintza nagusi, ezagutza handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin. Mingainak dantzan jartzeko premia dugu». Ohiturak aldatzeko, uste dute «euskararen aldeko gehiengo soziala» aktibatu behar dela: «Euskararen lurralde guztietako administrazioak zein herri ekimena».

Elkarlana aldarrikatu dute, beraz. «Ideien konfrontazioari uko egin gabe, irtenbideak adostuz, bakoitzaren eginkizun eta erantzukizunekiko errespetuz, elkarrenganako leialtasunez, eta denok norabide berean bultzatuz. Bakarka ezinezkoa da. Auzolanean, guztiz ilusionagarria».

Gasteizen egingo dute Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusia EAEko erakundeek, igande eguerdian. Nafarroako Gobernuak hainbat kultur emanaldi antolatu ditu egunotarako; ostiralean, Euskara sarera saioa izango da gazteentzat Iruñean. Hainbat herritan ere antolatu dituzte ekintzak; aktibazioari buruzkoak izango dira asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.