Pandemiaren osteko kulturarentzako proposamenak

SOS Kultura plataformak ekainaren 12an Bilboko Arriaga antzokian egindako protesta, sortzaileen prekarietatea salatzeko. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Ezinbestean, koronabirusak kutsatuta datoz hauteskundeetako alderdi nagusien programa politikoak, eta etengabeak dira, horregatik, gaixotasunari buruzko aipamenak kulturaren alorrari buruz aurkeztutako proposamenetan ere. Programei kasu egitera, aurkezten diren alderdi nagusi guztiek aitortzen diote lehen mailako garrantzia kulturari, eta guztiek aipatzen dute pandemiak sektorean izan duen eragina ere. Gehienetan, bestelako esparruekin uztartuta aurkeztu dituzte kulturari buruzko konpromiso eta egitasmoak, dela euskararekin —EAJ eta EH Bilduren kasua—, dela hezkuntzarekin —PPren kasuan—, edo dela euskararekin eta bizikidetzarekin —PSEren kasuan—, gaia abizenik gabe utzi duen Elkarrekin Podemosen salbuespen bakarrarekin. Edonola ere, guztiek eskaini diote gaiari atal espezifiko bat. Ia guztiek aldarrikatzen dute mezenasgoari buruzko lege baten beharra, adibidez, ia guztiek dakarte genero arrakala osatzeari buruzko aipamenen bat eta ia denetan dator sorkuntzari egokitutako fiskalitatea baten beharra ere. Aldeak ere badaude.

2030eko epemugarekin, Euskal Herriak, Europan, «kultur garapenerako berezko eredu bat» sortzea da EAJren programan datorren erronketako bat, eta Euskadi sortzailea izeneko marka baten sorkuntza ere aurreikusten du. Euskal Kulturaren Atari Digitalaren sorrera, sortzaileen baldintzak «duintzea» eta euskarazko sorkuntza sustatzea. Sektorea egituratzeko beharra ere nabarmentzen du, eta Musika Bulegoa jartzen du horretarako eredutzat. Kulturgileen errolda xehe, sailkatu eta gaurkotua egiteko konpromisoa ere hartzen du. Hamalau orrialde eskaini dizkio kulturari, orotara, eta 54 konpromiso eta ekinbide zehaztu.

Transmisioan jartzen du arreta EH Bilduk programan egiten duen diagnosian. «Euskal kulturgintzaren erronka nagusia euskaldunak euren kulturara erakartzea da». Krisiari aurre egiteko talka plan bat ere proposatzen du koalizioak, eta kulturaren «ekosistema» osatzen duten eragile guztiekin adostu nahi ditu hartu beharreko neurriak. Euskal Kulturaren Zentro baten sorrera ere aipatzen du, eragileekin kultur politikak adostu eta ezartzeko. Horrez gainera, prekaritateari aurre egiteko, Euskal sortzaileen estatutua sortzea ere proposatzen du. Hiru orrialdeko diagnosi bat eta hamar konpromiso dakartza, guztira.

Gizartearen eraldaketarako tresna da kultura sozialistentzat. Euskarazko kultur kontsumoa sustatzeko neurriak iragartzen dituzte, laguntzak gardenago eta eskuragarriago bihurtzea ere proposatzen dute, eta haien jarraipena egiteko bulego bat sortzea. Sortzaileen mapa bat egin nahi dute, eta kultur etxe eta liburutegien sarea berrikusi. 22 proposamen dira, orotara.

«Tribalismo ideologikoak»

Elkarrekin Podemos da kulturari atalik luzeena eskaini diona. 77 neurri zehatz aipatzen ditu programak; koronabirusak eragindako krisiari erantzuteko sortutakoak, gehienak. Besteak beste, laguntza poltsa berriak proposatzen dituzte, kulturgintzarentzako BEZ propio bat, Kulturaren Profesionalen Estatutua eta programazio kuotak.

Kultur laguntzak banatzeko orduan, «tribalismo ideologikoak» saihestea proposatzen dute Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek; «filtro linguistikorik» eta «zentsura politikorik gabe». Bi orritan bildu dituzte konpromisoak, eta, besteak beste, bi hizkuntza ofizialetako literatura sustatzeko beharra nabarmentzen dute, «irizpide kulturaletan oinarrituta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.