KRITIKA. Opera
Bizargin teatrala
'Il Barbieri di Siviglia'
Autorea: Gioacchino Rossini. Zuzendaria: Jose Miguel Pérez-Sierra. Musikariak: Nafarroako Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Opera Koroa. Non: Bilboko Euskaldunan. Noiz: Maiatzaren 17an.Operazaleen gustukoa izan arren, antzezpenaren zama handiarekin etorri da OLBEren denboraldiko azken opera. Ohikoan hori ez da arazoa, opera antzezpena baita, baina egon badago arriskurik antzerki musikal batean erortzeko. Gure kasuan, ez da horrelakorik gertatu partiturak duen kalitateagatik eta Emilio Sagik daukan tentu estetikoagatik. Baina larregi iruditu zaigu eszena zuzendariak jarri dituen konpartsak, etengabe dantza, jauzi eta osteratxoak egiten agertokitik, batzuetan abestien kalterako. Agian, halako continuum teatralak zerikusia zeukan abesgintzaren mailarekin?
Agian, bai; abeslariek, zuzen ibili arren, ez baitzuten behar bezalako maila erakutsi, Don Bartoloren rolean Carlos Chaussonen kantaldi eta antzezpena agertu arte. Esaterako, Marcok ahots indartsua eta ziurtasuna adierazi zuen, baina laua izan zen Figarok eskatzen duen graziarako. Beste horrenbeste gertatu zitzaion Nicola Uliveri baxuari, Don Basilioren rolean. Berriz, Michele Angelini tenorrak trebezia erakutsi zuen gurguiluetan, fraseoan eta afinazioan, baina bolumen txikiko ahotsa estalita geratu zen orkestra eta beste abeslarien azpian. Annalisa Stroppa mezzoak, ahots boteretsuarekin, batzuetan ilun samar, baina polito antzeztu zuen Rosinaren rola. Aldiz, asko gustatu zaigu Susana Cordonen kantaldia Bertaren rolean, baina gutxi hortik kanpo egindako sobreaktuazioa, etengabe keinuka mimoa balitz bezala. Chaussonek eman zuen baxu bufo batek kantuan eta antzezpenean eman beharreko maila, eta hark jaso zuen txalo gehien. Beste rol txikietan Arrabalek, Santamarinak eta Arroyok konplitu zuten.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.