22. Korrika. Deba-Berastegi

Ekinari hitza ez jateko

Gipuzkoan jendetza mobilizatu du Korrikak. Kike Amonarriz Topaguneko lehendakariak uste eta desio du egunotako indarrak hauspotu egingo duela dinamika soziala

Bi lagun lekukoari helduta, atzean milaka lagun dituztela. JON URBE / FOKU.
Julen Aperribai.
Beasain
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Hasieratik erakutsitako indarra ez zaio bidean galdu Korrikari, eta, ordutegiak eta tokian tokiko baldintzak gorabehera, inon ez da indarge azaldu. Espero moduan, ezta Gipuzkoan ere. Kostaldetik barnealdera egin du han, mobilizazio ibiltariaren zortzigarren egunean, eta igarotako herri guztietan jendetza mobilizatu du.

Mutrikun hasi du eguna, ilunpean, eta handik Urola Kosta aldera egin du. Ohiz kanpoko puntualtasunez iritsi da Zumaiara, eta jendetza batu zaio bertan. Irudi ederrak utzi ditu lasterketak Getariarako bidea hartu duenean. Zarautzen eta Orion ere milaka izan dira lotarako ordua sakrifikatu dutenak, eta goizaldean, Usurbildik igaro, eta Busturialdera joan da. Lasarte-Orian hartu dute lekukoa, esaterako, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, aurtengo Korrikako omenduek, atzean zuten herritar oldearen txaloen artean.

Euskalgintzako hainbat eragileren aterpe den Martin Ugalde kultur parkera ere heldu da Korrika, goizaldean, eta BERRIAko lantaldeak ere egin du korrika han. Lekukoa Aitor Manterola eta Nagore Rodriguezen eskuetan zela, parkeari itzulia egin diote ehunka lagunek.

Euskaraldiaren atariko

Euskaltzaleen Topaguneko kideek aurreko kilometroa osatu dute, tartean Kike Amonarriz lehendakaria. Euskararen aldeko beste egitasmo sozial handi bat antolatzen hasia da eragile hori, udazkenerako: Euskaraldia. Lasterketaren ziklo berean kokatu du egitasmoa Amonarrizek: «Ikaragarri garrantzitsua zen guretzat Korrika indartsua izatea, eta uste dut Korrikarentzat ere garrantzitsua dela Euskaraldia indartsua izatea».

Eta orain arte ikusitakoak aski zaizkio Amonarrizi Korrika indartsu dagoela baieztatzeko. «Uste dut egun hauetan ikusten ari garela herri honek baduela giharra, benetan, hizkuntzaren biziberritze prozesua aurrera eramateko». Egunotan erakutsitako herri gogoa oasi bilaka ez dadin zer egin, horixe izango da, hala ere, astelehenetik aurrerako erronkarik handiena. Amonarrizek uste du dinamika soziala biziarazteko baldintzak ezarriko dituela lasterketak, eta oraingoan Korrikarekin kalera atera den jende asko aktibatuko dela, halaber, Euskaraldiarekin eta beste hainbat aldarrikapenekin; esaterako, euskalgintzako eragileek eta beste zenbait gizarte eragilek epe motzeko agendan markatu dituzten bimobilizazioekin: Euskalgintzaren Kontseiluak Nafarroako merezimenduen dekretuaren aurka Iruñean deitutakoarekin, maiatzaren 7rako, eta hainbat euskaltzalek Euskara aurrera lelopean deitutakoarekin, maiatzaren 21erako, Donostian.

Izan ere, dinamika horiek guztiek elkar elikatzen eta normalizazio prozesua biziarazten dutela uste du Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, eta, gainera, gaia mahaigaineratzen laguntzen dutela. Alde horretatik, Korrikak oinarri sendoa jarri duela dio: «Euskara berriro agenda soziopolitikoaren eta komunikatiboaren erdigunera ekartzen ari gara». Jauzi gehiago egiteko, hor mantentzea izango da erronka, dioenez.

Halaber, herri aktibazioaz gain, «hanka instituzionalak» erantzun behar duela uste du: «Elkarlanean zenbat eta gehiago aritu, orduan eta aurrerago joango gara».

Gaur, Baionara

Buruntzaldetik Tolosaldera egin du Korrikak goizean, eta Urola aldera jo du handik. Inguru maldatsuetan eta herri txikietan jende multzo handia eraman du berekin: besteak beste, Albizturren, Bidanian eta Errezilen. Herri handiagoak zeharkatu ditu ondoren. Azpeitia eta Azkoitia lehenik, eta Urola Garaikoak eta Goierrikoak gero. Iluntzean, ostera ere Tolosaldera itzuli da, baina ondoren Nafarroa aldera jo du. Lapurdira igaroko da gaur, eta arratsean helduko da Baionara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.