Katalunia. Olga Arderiu. Carme Forcadellen abokatua

«Epaiketara joan izan ez bagina bezala izan da; ez du ezertarako balio izan»

Legelariak ez daki zergatik zigortu duten sedizioagatik parlamentuko presidentea zena, eta zergatik egozten dieten desobedientzia Mahaiko beste kideei. «Epaiak ez du azaltzen». Estrasburgorako bidea hartu arte urteak igaro daitezkeela ohartarazi du.

ORIOL CLAVERA.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Oinarrizko eskubideen urraketa bat gertatu zen, «beste bat», buruzagi subiranisten kontrako sententzia atera zuten egunean, urriaren 14an. Hori pentsatzen du Olga Arderiuk (Berga, Katalunia, 1975), Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente zigortuaren abokatuak 11 urte eta sei hilabeteko espetxealdia, sedizioagatik. «Gure prokuradoreari adierazi zioten 09:30erako Auzitegi Gorenera joateko. Baina filtratu zuten, eta 09:00etarako hedabideetan zegoen». Horra urraketa.

Arderiuk uste du Espainiako Estatuak «dena kriminalizatzeko ildoari» eusten badio, Roger Torrent Forcadellen ordezkoari desobedientzia delituagatik «jazar» diezaioketela.

Epaiketa hasi aurretik bazenekiten zigorra gogorra izan zitekeela. Halere, Forcadellen auziari buruzko epaian ba al dago bereziki atentzioa eman dizun zerbait?

Tira, esan nahiko nuke guk azken unera arte ez dugula itxaropena galdu nahi izan. Hain bidegabea iruditzen zitzaigun Carmeri [Forcadell] ezarritako kondena... Onar genezakeen bakarra zen egon zitekeela kondena bat desobedientzia delituagatik. Epaiketa egin nahi izan genuen pentsatuz absolbitu genezakeela matxinadatik edo sediziotik. Egia da gertatu zen guztiagatik, eta behin-behinean kartzelan jarraitu zuelako, joan ginela oinak lurrean jartzen. Sententzia ikusi nuen arte —tira, pare bat egun lehenago filtrazioak egon ziren kalifikazioez—, ez nintzen kontziente hain gogorra izan zitekeenik. Nik pentsatzen nuen bospasei urtekoa izango zela zigorra; sedizioa gradu bat murriztu, eta sediziorako edo matxinadarako konspirazioagatik zigortuko zutela. Hori ere erabat bidegabea izango zen, dena den.

Sententziak, funtsean, ez du esplikatzen zertan izan zen diferentea haren jarrera, [Parlamentuko] Mahaiko beste kideen jarrerarekin alderatuta. Onartzen dutena da bozketak gehiengoz egin zirela Mahaian, berak ez zuela kalitatezko botorik eman. Beraz, bere botoak balio bera du; baina Mahaiko beste kideak desobedientziagatik epaituko dituzte [Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian, datorren azaroaren 28an], eta inhabilitazioa eskatzen dute haientzat.

Epaiak dio presidentea zela [Forcadell], baina parlamentu bateko presidenteak dauzkan funtzioak dauzka, eta jokatu behar du legebiltzarreko arautegiaren eta dauzkan eskumenen arabera. Haiek, are, esaten dute parlamentuko arautegia errespetatu dela, baina, errespetatu den arren, bera presidentea zela.

Epaimahaiak zigortu du «legalitate paralelo bat ahalbidetzeagatik», baita «ekinbide judiziala trabatu zuten ekintza jendetsuak hauspotzeagatik» ere.

Bai, esaten dute diskurtso bat egin zuela [2017ko] irailaren 21ean Auzitegi Nagusiaren aurrean, baina hori oinarrizko eskubideen ariketa bat dela, ez delako delitua atxilotuak askatzeko eskatzea edo independentzia eskatzea, adierazpen askatasunaren barruan baitago. Zigorra, hortaz, ez da diskurtso horregatik ere. Beraz, zergatik da?

Ez dira ekintza horiek deskribatzen, baina epaiketan agertu zen bakarra, bideo baten bidez, diskurtso hori izan zen. Gutxi gorabehera epaian esaten da ezin zuela auzitegiaren aurrean egin, orduan bultzatzen duzulako jendea ebazpen judizialak ez betetzera. Kasu horretan, gutxienekoa zen tokia, bezperan atxilotutakoak ez zeudelako auzitegian. Gainera, adierazpen askatasuna mugatzea, gauzak esaten dituzun lekuaren arabera...

Mariano Bergesek, Dolors Bassaren abokatuak, salatu du epaimahaiak ia ez diela kasurik egin defentsen frogei eta tesiei.

Guztiz egia da. Epaiketara joan izan ez bagina bezala da: lau hilabetek ez dute ezertarako balio izan. Carmeren kasuan adibide oso argi bat jarriko dizut. Sententziak jarraitzen du esaten [erreferendumaren bezperan] nazioarteko begiraleei esan ziela mossoek ez zutela obedituko. Hori gezurra da. Ez dakit zergatik zegoen atestatu batean... Epaiketan lekuko bakar batek ere ezin izan du frogatu, ez baita egia. Baina epaiak frogatutako gertakaritzat jotzen du, nahiz eta ez duen esaten zein froga dituen hori hala izan zela esateko.

Epaiketaren aurretik adierazi zenuen 2012 eta 2015 artean ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente izatea ordainarazi nahi izan diotela Forcadelli.

Hala izan dela uste dut. Epaitu dute izan dena izan delako, eta ez epaitu duten sasoian egin zituen ekintza jakin batzuengatik. Bestela ezin da azaldu Mahaiko beste kideekin tratuan dagoen aldea. Zein da zigor handi honen justifikazioa? Ba uste dutela bera dela pertsona bat Kataluniako gizartearen zati handi baten lidergoa hartzeko gaitasuna duena. Epaian ez dute esplizituki auzitan jartzen ANCren presidentetza, baina aipatzen dute elkarteek eta alderdiek akordio bat, bide orri bateratzailea, sinatu zutela 2015ean, eta bera zela ANCko presidentea orduan. Beste batzuek ere sinatu zuten akordio hura, eta ez diete jazarri. Bitxia da...

Eta aurrerantzean zein izango da judizialki jarraitu beharreko bidea?

Bada, hasteko, sententziak argitu gabeko kontuak argitze aldera, azalpen helegiteak jarri ditugu defentsok Auzitegi Gorenean. Gero, baliogabetasun helegitea jarriko dugu, iruditzen zaigulako sententziak oinarrizko eskubideak urratzen dituela. Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak esaten du auzitegiari [Gorenari] birplanteatzeko aukera eman behar diogula. Eta behin horiek ebatzita, babes helegitea jarriko dugu Konstituzionalean, oinarrizko eskubideen urraketagatik.

Eta zein bide egin dezakete helegite horiek?

Hor arazo bat dugu. Konstituzionalak tramiterako onar dezake edo ez. Ez badu onartzen, jada salaketa jarri ahal izango genuke Estrasburgon [Giza Eskubideen Europako Auzitegian]. Baina tramiterako onartzen badu, urteak igaro daitezke ebazpen bat kaleratu arte.

Urteak?

Bai. Ez dago eperik. Esaterako, behin-behineko kartzelaldiei buruz jarritako babes helegiteez ez du ebatzi. Estrasburgora iristeko bide hauek guztiak agortu behar ditugu. Derrigortuta gaude.

Generalitateak du espetxe eskumena, eta orain, abenduaren 14a baino lehen, Kartzeletako Tratamendu Batzordeak erabaki beharko du zein espetxe erregimen ezarri zigortuei.

Argi dago ez dietela lehen gradua ezarriko, hori arriskutsuak diren presoei ezartzen baitiete. Bigarrena edo hirugarrena, batzordeko teknikariek erabaki beharko dute. Ez naiz ausartzen pronostiko bat ematera.

Zein moldekoa da espetxe erregimena bigarren graduan?

Erregimen itxia da, eta zigorraren laurden bat betetakoan baimenak lor daitezke, 48 ordukoak [Forcadellek 2021eko otsailean beteko du zigorraren laurden bat]

Zein motatako baimenak?

Bada, adibidez, asteburukoak.

Hirugarren gradu bat posible ikusten duzu?

Hirugarren gradua, erregimen irekian, aurreikusita dago baldintza batzuk betetzen dituzten pertsonentzat, eta, adibidez, tratamendu bat behar ez dutenentzat. Kartzela zigorrak aurreikusi behar du, egiazki, pertsona birgizarteratu ahal izatea egin duen delitutik.

Gerta liteke hasieran bigarren gradua ezartzea eta gero hirugarrenera igarotzea?

Bai. Legediak dio sei hilabetean behin berrikusten dela gradua.

Fiskaltza jokoan sar liteke orduan, helegite bat jarriz.

Hori da. Edo helegitea jar dezake hirugarren gradua ezartzen badiete hasieran. Hori bai, helegiteaz ebatzi arte, teknikariek ezarritako graduan jarraituko lukete presoek [Gorena litzateke azkeneko instantzia].

Indultuaren bidea aurreikusten duzue?

Guk, oraingoz, ez dugu planteatzen. Halere, kontu hori juridikoa baino gehiago politikoa da. Edozein pertsonak, edozein elkartek, eska dezake.

Generalitateak kartzela eskumena izatea onuragarria izan daiteke?

Esango nuke ezetz. Kasua hain mediatikoa denez, kontrakoa gerta dakiguke. Idealena litzateke beste kasuekin bezala jokatzea kasu honetan ere; inongo faboritismorik gabe. Baina beldur naiz, beldurragatik edo oihartzun mediatikoagatik, ez ote den, agian, beste kasuetan baino modu kontserbadoreagoan jokatuko. Carmek esan du beste presoek, preso arruntek, dituzten eskubide berak nahi dituela; ez gehiago, ezta gutxiago ere.

Zer moduz dago Forcadell?

Sendo dago, baina, aldi berean oso haserre eta etsita, iruditzen zaiolako epaiketak ez duela ezertarako balio izan. Ez du ulertzen nolatan ez duten justifikatu zigor larri hau.

2018ko martxoaren 23tik dago kartzelatuta. Zenbatero egoten zara harekin?

Normalean astean behin joaten naiz kartzelara [Puig de Les Besses kartzelan dago, Figueresen], astelehen goizetan. Ordubetez biltzen gara, aurrez aurre, areto batean.

Katalunia jasaten ari den errepresioarekin lotuta, beste 35 pertsona daude behin-behineko espetxealdian.

Jurista gisa esango nizuke behin-behineko kartzelaldiaren abusu gehiegizko bat gertatzen ari dela. Nik 21 urteko eskarmentua daukat; nire kideek, 30ekoa, eta sekula ez dugu halakorik ikusi gisa horretako delituekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.