Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia
EAJk «ekitaldi handiak» sustatu nahi ditu Bilbon

Kultur arloan Bilborako duen eskaintza aurkeztu du EAJk San Mames futbol zelaiaren aurrean, eta, Juan Mari Aburto hautagaiak azaldu duen moduan, bi ardatz izango ditu eskaintza horrek: alde batetik, tokiko kultura eta sormen sektorea babestea, eta, beste aldetik, «kontzertu eta ekitaldi handiak» programatzea, turismoa erakarri eta Bilbo «nazioarteko hirien mapan»kokatzeko.
Aburtoren iritziz, kultura «nortasunaren» atal garrantzitsua da: «Ez dugu nortasun hori galdu nahi; aitzitik, munduari erakutsi nahi diogu». Horregatik, EAJk proposatzen dituen neurrietako zenbaitek Bilboko kultur eskaintza babestea dute ardatz.
Azkuna zentroak, Arriaga antzokiak eta Bilboko beste zenbait aretok egiten duten kultur eskaintza, Euskal Museoa eta Arte Ederren Museoa zabaltzeko lanak eta beste aipatu ditu Aburtok, baina kultura «auzo guztietara eramateaz» ere mintzatu da, eta barrutietako udaltegietan jarduera gehiago antolatzea eta kultura erabileretarako lokal gehiago prestatzea agindu du.
Horretaz gain, Aste Nagusia ere bultzatu nahi du Aburtok, «nortasunari lotutako hiriko ekitaldi nagusia». BBK Live eta Bilbao Music Legends Fest «erreferente bihurtu diren jaialdiak» ere aipatu ditu hautagai jeltzaleak sustatu beharrekoen artean.
«Munduko onena», Bilbon
Beste aldetik, «eragin ekonomiko handiko nazioarteko ekitaldiak» ere erakarri nahi ditu Aburtok Bilbora: «Munduko onena gure hirian gertatzea nahi dugu, eta bisitatzen gaituztenek gure izaera berezia ezagutzea».
Nazioarteko kirol lehiaketak ere multzo horretan sartu ditu Aburtok. Gogorarazi du uztailean Tourra Bilbotik abiatuko dela, «hemendik bertatik, San Mamesetik». Datorren urtean futboleko Txapeldunen Liga ere Bilbon jokatuko da, eta 2025ean, Europa ligaren finala.
«Ekintza asko aurreikusita dauzkagu; izan ere, gure kultura eskaintzaren indarraren eraginez, nazioarteko posizionamendu bikaina dugu ekitaldi handiak, kontzertuak eta turismoa erakartzeko», adierazi du Aburtok. Horretarako, botoa ematearen garrantzia nabarmendu du: «Bilbok etorkizuneko bide hori urra dezala nahi badugu, maiatzaren 28an botoa ematera derrigortuta gaude».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.